Eskualdeko hautagaien mezuak herritarrei konfiantza eskatuz kanpainaren hondarretan

Erredakzioa 2015ko mai. 22a, 13:35

Aiaraldea Komunikazio Leihoaren deiari erantzunez, eskualdeko 28 alkategaiek asteartean argitara eman genuen Hauteskunde gehigarri berezirako zutabe txikiak idatzi dituzte, herritarrei konfiantza eta botoa eskatuz.

Eskualdeko hainbat hautagaik mezu zehatzen bitartez eskatu diete konfiantza hautesleei:

Laudio

Natxo Urkixo, EH Bildu:

"Orain lau urte, ilusioz, abentura berri honi ekin genion BILDUren sei zinegotziok. Proiektuz beteriko zakutoa generaman. Lau urteok uste baino arinago igaro dira. Gaur egun, zakuto hura ederto hustu dugu baina hasierako asmo batzuk bertan dira oraindik. Dena den, egindakoaz gustura egon gaitezke. Udaletxeko ateak herritarrei ireki dizkiegu; egoera ekonomiko honetan gai izan gara ongizateko zerbitzuak handitzeko; kultura-laguntzei eusteko; Aiarako lagileen ondoan egoteko; azpiegiturak sustatzeko. Urrats txikia baina zailena eman dugu, herritarrek gure herriaren kudeaketan dagokien protagonismoa berreskura dezaten. Aurrera jo dezagun; ezin onar dezakegu abian jarri den herria, berriro geldiaraztea.Iruten ari garen haria, bilaka dezagun laudioarrok garaile egingo gaituen sarea."

Juanma Ibarretxe: EAJ:

"Kaixo, Juanma Ibarretxe naiz, EAJren Laudioko Alkatetzarako hautagaia eta zugaz Laudioz berba egin gura nuke. Udaletxeko ateak irekita dituzu, zu entzuteko, zure arazoei irtenbidea ematea nire erronka izango baita. Zure botoa eskatzen dizut, axola duten arazoei aurre egiteko: krisi ekonomikoa, langabezia, enpresen itxiera, pertsona nagusiak eta behartsuak artatzea. Akordioa eta negoziazioa dira gure konpromisoak: erabakiak, gainontzeko alderdi politikoekin akordioak bilatuta hartuko ditugu, izan ere Laudiok gogo desberdinak bildu ditzagun gura baitu. Zure konfiantza nigan eta nire lan taldearengan jar dezazun eta Laudio hobetzeko zure botoa eman diezaguzun eskatzen dizut."

Txaro Sarasua, PSE-EE:

Laudio nire lehentasun bilakatuko dut, hirigintza eta inguruari dagokionez Laudio era jasangarri batean hazteko lan egingo dut, familia errealitate eta konfigurazio berriei erantzungo dien etxebizitza-poliken bitartez.Garapen ekonomikoaren alde ere lan egingo dut, eta helburuak argi ditut: tokiko enpleguaren sustapena, industria-ehunaren dibertsifikazioa, enpresa berriak ezar daitezen lan egin eta zerbitzuen sektorea zein tokiko merkataritza hurbila sustatu, ekintzailetasuna eta autonomoak lagunduz. Biztanleriaren %25ak 65 urte baino gehiago ditu eta familia asko gaizki pasatzen ari da. Horregatik gizarte-zerbitzuak hobetzeko konpromisoa hartu eta adinekoekin abegikorra izango den Laudio baten alde lan egingo dut.”

Alvaro Barrios, Omnia:

OMNIAko lantalde guztiak eta nik neuk, “ZURE” programa posible egin duten 350 pertsona parte-hartzaile baino gehiagori eskerrak eman nahi dizkiegu. Programa honekin eta eta parte hartzera animatzen diren auzotar guztien Adimen Kolektiboarekin, Laudio aktibatuko dugu. Programa zehatza da, betetzeko programa bat. Ezinezkoak diren promesetatik aldendua, KUDEAKETAN, zerbitzu eta bizi kalitatearen hobekuntzan zentratua. Beste askok jadanik egin dute eta euren herriak aldatu dituzte, alderdietako kupulen arauen menpe egon gabe. Pertsonak eta partaidetza zentroan jarrita. Emadazue Alkatetzatik Laudion ere egin dezakegula frogatzeko aukera, politika beste modu batean egin daitekeela frogatzekoa. Auzotarren momentua da, bozkatu OMNIA udal hauteskundeetan, Ikune bozkatu foru-hauteskundeetan.”

Amurrio

Josune Irabien, EAJ:

Hauteskunde-garaia. Herritarrei galdetuko diegu . Eta ez da lan makala, ez galdetzea ezta erantzutea ere. Ez gara ezezagunak. Aski ondo ezagutzen gaituzue. Ez gara telebistan diren horiek, herriko lagunak baizik. Bizitza leku berean egiten dugu.

Ilusioa, lana, konfiantza, konpromisoa, hurbiltasuna, leialtasuna… sentimendu anitzak. Eta parean, pertsonak eta programa. Amurrion eta amurrioarrentzat prestatu den programa. Amurriokoak eta Amurrioarrekin konpromisoa duten pertsona hurbilen taldea. Hori da EAJ-PNV. Eta maiatzaren 24an gertatzen dena, gertatzen dela horixe errespetatu beharko dugu. Funtsean, amurrioarrok aukeratuko duguna; eta zorionez, maiz ohiko politikatik harago.”

Eva Blanco, EH Bildu:

Amurrioko herriak aldaketa eskatzen du, eta beste alderdien ereduen aurrean, guk argi dugu EH Bildu dela aldaketa hori gauzatzeko aukera bakarra. Antolakuntza eredu parte hartzailearen alde lan egingo dugu, guztion arteko elkarlana bultzatuz, horregatik gure proiektua ez dugu landuko soilik udalean. Udaletxetik kanpora begiratuko dugu eragileekin, hau da, herritar guztiekin harreman estua eta emankorra eraikiz. Gaur egun, gazteak, emakumeak, helduak, ama bakarrekoak edo langabetuak dira krisi ekonomikoaren ondorioak gehien jasaten ari direnak. Haiek izango dira gure proiektu parte hartzaileren helburu nagusia. Amurrioko EH Bilduren hautagaiok prest gaude, gure herria kudeatzeko, gardentasunaz, zintzotasunaz eta ilusio handiz egingo dugu.”

Irene Novales, PSE-EE:

Irene Novales naiz eta Amurrioko udalerako hautagaitza sozialistaren alkategaia naiz.

Udalean eman ditudan urteetan zintzotasunez lan egin dut gure herriaren ongizatea defendatuz, auzoak hobetzeko lan eginez, emakumeen sustapena eta berdintasuna bultzatuz, bai eta kirol gutxituak, gazte problematika, kultura eta abar luze baten alde eginez ere.

Datozen lau urteetan onartu berri dugun Osasun Zentro berrian hainbatetan eskatutako Erradiologia eta Ginekologia espezialitateak eskaini daitezen lan egiteko konpromisoa hartzen dut, bai eta arlo guztietan lan egitekoa; udalean, programaz harago garrantzitsuena eguneroko lana delako. Hori dela eta datorren maiatzaren 24an zure botoa jasotzea espero dut.”

Kepa Gonzalez, Orain Amurrio:

Demokrazia parte-hartzailea sustatzen dugu. Pertsona arruntak gara politika egiten. Proposamenak ditugu. Kontu publikoetan gardentasuna, kontuak argi.

Etika politikoaz: alkatetzako soldatak %25 jaistea, alkateordearen soldata kentzea eta %10 jaistea zinegotziena.

Aurrekontu sozialak eta pertsonen erreskaterako plana. Ekonomia sozialeko enpresen garapenerako aurrekontu-bultzada.

Bestelako hirigintza eta ingurugiroa posible da energia berriztagarriak sustatuz.

Hezkuntza, Osasuna, Kirola, Euskara eta bestelakoak. Arlo hauek ukatzen zaizkigunean pertsona bezala dugun duintasuna kentzen zaigu, eta herri bezala dugun identitatea.

Beatriz Izagirre, Amurrio Guk Bai:

Talde independentea gara eta, gure lana munizipala da, kupula politikorik gabe. Alternatiba berria gara. Gure erronka “Begirada Baikorra”, Erresilientzia.

Gure bizilagun askorentzat zailak diren garai hauetan... Prozesu dinamiko, eraikitzailea, interaktibo eta sozio-kulturalaren sena duena, gure baliabideen OPTIMIZAZIOra eramango duena eta kaltetuenen egoerari aurre egingo diona.

Gure programa, kulturako, kiroleko eta arlo sozialeko hainbat elkarterekin topaketa eta bilera anitz egin eta gero osatu dugu, Guk Bai osatzen dugun pertsonen ekarpenak batuz. Gure auzokideen beharrak, orokorrean, programa honetan jasota egongo diren esperantzarekin. Zeu zara Amurrio, zeu zara Guk Bai."

Urduña

Idoia Aginako, EH Bildu:

Ohorea eta pribilegioa da niretzat Urduñako Alkatetzarako hautagai izendatu izana. Ohorea, duela lau urte, Urduñako herritarrek udala gobernatzeko hautatutako EH Bilduren hautagaitza osatu zuten pertsonek abiatutako lan zintzoa, gardena eta eraginkorrarekin jarraitzeko aukera eman zaidalako.

Pribilegioa, ibilbide berri honetan ondo prestatutako gizon eta emakume ausartekin batera lan egingo dudalako, gure hiria hobetu, justuago eta jasangarriagoa egin eta ekonomikoki indartsuago egiteko ideia on asko dituen lantaldea osatu dugulako.

Maiatzaren 24an zure konfiantza eta botoa jaso nahi ditugu, EH BILDUrekin Urduñarrok garaile izango garelako.

Iñaki Cuadra, EAJ:

Urduña hazi, arazi. Zuen iritziak, nahiak, proiektu batzuen lehenengo ideiak eta bete gabeko baina beharrezkoagoak diren beharrak jaso ditugu lau urteotan.

Etorkizuneko Hiriaren egitasmoa osatzeko, zuen parte-hartzea ezinbestekoa da, izan ere,i deia horien guztien atzean zuek, zeuek zaudete.

Elkartegia, udal igerilekuak, auzo guztiak, elkarteak, ingurunea, turismoa, edadetuak, gazteak… Pertsona-multzo berria gara, gaztea , Urduñaren etorkizuna beste ikuspegi batetik ikusten duena, proiektu bat sinatzen dugun guztion konpromisoa pertsonekin, Urduñarekin da, Urduña hazi arazi nahi duten guzti-guztiekin

Zacarías Gonzalez, PSE-EE:

Zacarías González naiz eta PSE-ee/PSOE alderdiaren izenean Alkatetzarako aurkezten naiz. Datorren maiatzaren 24an datozen lau urteetan hiria gobernatuko duten hautagaiak aukeratu ahal izango dituzu, guztion artean eraiki nahi dugun ingurua zehaztuko duten hautagaiak.

Zentzu horretan, Urduñako SOZIALISTOK hainbat posizionamenduk ideien argitasuna eskatzen duten momentu honetan arrazonamendu politikoen gaineko deia egin nahi dizuegu.

Gertatzen denaren inguruko autokritika denok egitea beharrezkoa dela uste dugu. Gu lehenak, beste edozeinek baino arrazoi gehiagorekin. Egoera honek ezin du horrela jarraitu eta egoera zeharo irauli behar dugu.

Mikel Agirre, URE-EEB:

Hauteskunde hauetan URE-EEB alderdiaren buru aurkezten naiz bere helburu nagusiak intsignia gisa eramanez: herrian oinarrituriko modelo ekonomikoa, herri xehearen klase-interesen alde egiten dena.

Bizikidetasuneko modelo demokratikoan, askatasunean eta herriaren inplikazio, parte-hartze eta kontrolpean oinarritutako gobernu baten eraikuntzan lanean egongo den alderdia gara.

Nahiz eta hainbat proiektu buruan eduki, Urduñaren egoera ekonomikoa hain latza izanda, agindu dezakegun gauza bakarra gure lan-indar guztia herriaren egoera hobetzean jarriko dugula da, gainerakoa gezurretan ibiltzea eta herriarekiko errespetu falta izango bailitzateke.

Arrankudiaga-Zollo

Itziar Duoandikoetxea, EH Bildu:

Duela lau urte ilusioz ekin genion lanari. Arrankudiaga-Zollo euskaldun, solidario, justu eta bizi bat lortzeko jardun dugu lanean. Gure helburu nagusia, udalaren ateak zabaldu eta herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatzea izan da. Eta hori da datozen lau urtetarako eskaintzen dizueguna. Horretarako, lantaldetan, auzo-batzarretan eta herrian dauden elkarte eta taldetan parte-hartzea eskatzen dizuegu. Zuen iritziak eta ekarpenak kontuan hartuta lan egitea ezinbestekoa da guretzat. Arrankudiaga eta Zollo biziak nahi ditugu, elkarlana eta auzolana eraldaketarako tresnak bihurtu behar ditugu. Egin dezagun lana elkarrekin, denok gara beharrezkoak.”

Urtzi Vergara, EAJ:

Guk, Arrankudiaga-Zolloko EAJ-PNVko hautagaiak gure herriaren zerbitzura egoteko konpromisoa hartzen dugu, gure herria aurrera ateratzeko eta gure biztanleen alde lan egiteko. Etxebizitza sustatzea, enplegua sortzeko politika eraginkorrak, ura eta saneamendua, gizarte ongizatea, lehenengo sektorea, kultura/aisia/kirola, hondakinen kudeaketa eta kale garbiketa, komunikazioa, administrazioa eguneratzea, oinezkoen mugikortasuna/aparkalekuak, euskara eta banda zabaleko konexioa. Hauek dira gure helburu nagusiak. Egin, egin dugu, eta herritarren konfiantza lortzen badugu, berriro ere egingo dugu! Ekinez egina, Arrankudiaga-Zollo hazi arazi. Eman zure botoa EAJ-PNVri!”

Okondo

Itziar Camino, EH Bildu:

Azken hilabete hauetan Okondoko EH Bilduren erronka biztanle guztientzat lan egiteko prest dagoen taldea osatzea izan da. Osatu dugun kandidatura zabala eta anitza da. Arlo eta esparru desberdinetan jantziak egotea eta lanerako dugun gogo handia gure ezaugarri garrantzitsuenetarikoak dira. Herritik, herriarentzat eta herrikoekin lanean aritzeko prest gaude.

Zerrendaburu naizen aldetik, zuen botoekin beharrezkoa den konfiantza guri ematera animatzen zaituztet, proiektu hau ez dadin soilik gure kandidaturarena izan, gurekin batera, herriaren eguneroko garapenean okondoar guztiok ezinbestekoak garela sentitzeko baizik. Parte hartu eta eraiki!”

Jose Angel Eguia, EAJ:

EAJ-EAJ hautagaiok Okondo eta okondoarren bizi-kalitatea hobetzeko dugun gogoa eta ilusioa transmititu nahi dizuet. Proiektu hau errealitatea egin nahi dugun guztiok gazte, serio, zintzo eta konprometituak gara; aurpegi eta ideia berriak, esperientzia profesional zabala dugunak, EAJ-PNV alderdi sendoaren indar eta babesarekin. Maiatzaren 24an Okondoko auzotarrek zuen konfiantza gugan jartzen baduzue, herria eta herritarren alde hartutako konpromiso guztiak betetzeko ahalegin guztiak egingo ditugu eta modu horretan erabaki zuzena hartu duzuela frogatu eta eskertuko dizuegu. Bi hamarkada baino gehiagoren ondoren aldaketa beharrezko dugu eta orain, zure laguntzarekin, posiblea da.”

Sergio Tato, Okondo Aurrera:

Zure aukera, gure aukera, OKONDO AURRERA. Bai zuekin, bai Okondo berarekin dudan konpromisoa aski ezagutzen duzue. Okondoren alde lan egiteko programa berria abian jarri dugu, ideia berriekin eta baita ilusioz beteriko proposamenekin ere. Krisialdi batean murgilduta gaude eta ahaleginak areagotu egin behar ditugu. Zeregin asko egiteke dugula jakinda ere, egonkorragoa, lagunkideagoa, euskaldunagoa eta bideragarriagoa den herria lortzearen alde lan egin behar dugu behin eta berriz. Horregatik hasi den garai berri honetarako zuen babesa eskatzen dizuet maiatzaren 24an.”

Arakaldo

Maria Carmen Anguiano, EAJ:

Gure taldearen nahia da udala herritarrei hurbiltzea guztion artean hobekuntzak lortzeko zerbitzuetan zein bitartekoetan. Horretarako bilerak egingo ditugu guztiek iritzi eta ideien ekarpenak egin ditzaten.

Halaber, lan, kultur eta kirol taldeek egindako edozein ekimen ere babestuko dugu. Jarraituko dugu txandakako kontratazioen ildoa martxan jartzen gure herrian langabezian dauden pertsonak lan egin dezaten. Elkarlanean arituko gara beste erakundeekin diru-laguntza gehiago lortzeko gure herrira onurak ekar ditzaten.

Jarraituko dugu euskara ikasketak diruz laguntzen, -ikasteko zein hobetzeko-. Eta ingurumenaren kudeaketa gure ardura ere izango da.

Jabi Asurmendi, EH Bildu:

Lau urte pasa dira zuen konfiantza eman zenigutenetik aurreko udal hauteskundeetan. Zelan pasatzen den denbora! Badirudi atzo bertan ari ginela gure herriaren bozak ilusioz beterik zenbatzen gogoan geneuzkan proiektu horien alde. Txanpon batek hala erabakita, ezin izan dugu udal gobernuan jardun; haatik, hasieratik inplikatu gara zuen nahia zela argi genuelako. Benetan eskertu nahi dizkizuet ekarpen guztiak eta emandako babesa, baita unerik zailenetan ere.

Zuen konfiantza eskatu nahi dizuet berriz ere EH Bildu lantaldearentzat, gure estilo herrikoia eta gure egitasmoak aurrera eraman ahal izateko zuekin batera.

Herritarrok garaile! Mila esker!

Orozko

Josu San Pedro, ADIE:

Ezagutzen gaituzu. Badakizu azken lau urte hauetan Orozkoren alde gure esku egon den guztia egin dugula. Gure herrirako erabaki garrantzitsurik ez dugula hartu zuei galdetu barik, eta zuekin kontatu dugula herritarron dirua zertan gastatzea nahi duzuen galdetzeko. Badakizu udal kontuen berri eman dizuegula, eta beti zuekin hitz egiteko prest egon garela (udaletxean, auzoetan, kalean, tabernan...).

Horixe egiten jarraitu nahi dugu hurrengo lau urteetan. Baina erabakia zure esku dago. Betiko politika egiteko era nahi baduzu, eman botoa alderdi politikoei. Gestioa, informazioa, gardentasuna, parte hartzea eta talde-lanaren alde egin nahi baduzu, eman botoa ADIEri.

Bittor Olaguenaga, EAJ:

1979tik 2011ra bitartean, Orozkoko herriak beti emon deutse bere konfiantza EAJ-PNVko alkate eta euren giza taldeei, udaleko arlo guztien garapena gestionatzeko. Batzuen eretxian apur bat arroa bada bere, ezin itxi leikeguz honako honeek aitatu barik: Kultur Etxea, zaharretxea, kiroldegia, futbol zelaia, zaharren egoitza, harmaila estalia, auzoetan hobekuntzak, argia, ura, telefonoa, auzo bideak, etxebizitzak, anbulatorioa, Gaztetxokoa...

Orozkorako daukaguzan proiektuak geure programan ikusiko dozuez. Ilusinoz eta ideiaz betetako taldea gara, herriarentzako lan egiteko prest, horregaitik zuen konfiantza eskatzen deutsuegu eta maiatzaren 24an zuon botoa EA-PNVri emotea.

Zigor Gorostiaga, EH Bildu:

EH Bildu Orozkok, politika egiteko beste eredu baten aldeko konpromisoa hartu dugu. Aurtengo hauteskundeetarako EH BIlduren programaren ardatza lehenengo sektorea dugu. Ikusita eredu industrial nagusia agortuta dagoela; ohiturazko bizimoduei garrantzi berezia eman nahi diegu, nekazaritza, abeltzaintza, artzaintza… horrek dakarren guztiarekin baliabideen ekoizpenean, bizimodu ereduetan, kultura arloan, paisaiaren zainketan eta abarretan. Hala ere, ezin ditugu hainbat ildo alde batera utzi; euskara, gazteria eta feminismoa besteak beste, gai guztiz transbertsalak bezala ulertzen ditugu, hau da, egunerokotasunaren arlo guztian landu beharreko gaiak direla uste dugu.”

Artziniega

Iñigo Gomez, EAJ:

Pasa den legegintzaldian, zinegotzi bezala, ilusioz lan egin dut Artziniega hobetzeko. Eta datorren legegintzaldian, ilusio handiz jarraituko dut lanean. Oso talde ona lortu dugu hurrengo 4 urteetarako. EAJ-PNVn daukagun gauzarik onena, dudarik gabe, taldea da. Talde trinkoa gara, arlo askotan jardun dezakeguna. Badaukagu gaztetasuna, eskarmentua, prestakuntza, ardura, elkarteekiko konpromisoa, eta batez ere ilusioa, ilusio handia eta Artziniega hobetzeko lanean aritzeko gaitasuna, biztanleek dituzten eguneroko arazoak eta ideiak entzuteko eta kontuan hartzeko. Artziniegarren alde lan egingo dugu zintzo eta gogor. Guri bozkatzea Artziniega hobetzeko bermea da.”

Joseba Vivanco, EH Bildu:

Filosofo batek zioen hitzen ostean egintzak ez badatoz, hitzek ez dutela balio. Zorionez, jendeak badu nire hitzen berri eta badaki zer egin dudan. Umetatik ibili naiz hainbat saltsatan: Santa Agedan, jaiak antolatzen edo “Artziniega eta kitto” aldizkarian. Eta azken urteotan zinegotzi ibili naiz. Orain aurrerapausoa eman nahi dut. Gobernatzeko modua aldatzeko gogo bizia dugu EH Bildun, jendeari ahotsa emateko, herritarrei sentiarazteko udalak zabalik dituela ateak. Denok ezagutzen nauzue, badakizue nolakoa naizen, edo beste lagun on batek bota zidan bezala, «zu eta besteen artean aukeratuta, zelan ez diot botoa emango ba Luisitaren semeari?». Bada horixe naiz ni.”

Aiara

Josu Artetxe, EH Bildu:

Duela lau urte aldaketa eskaini genuen, eta, orain, aldaketa horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, gure lana hobetzeko gogoz. Hamaika proiektu jarri ditugu martxan, eta erabaki gogorrak hartu behar izan ditugu, erantzukizun osoz hartu ere. Horri esker, jarduteko beste modu bat jarri dugu abian, arauak errespetatuz eta herritarren iritziak aintzat hartuz. Diru publikoa kudeatzeko erakutsi dugun erantzukizunak zilegitasun osoa ematen dio gure proiektuari, kontuak orekatzea lortu baitugu. Aiaran erabili diren lan-eredu zaharkituak behingoz alde batera utzi nahi ditugu, beste Aiara argiago, aurrerakoiago eta zintzoago bat lortzeko. Gure aukerak ez dauka parekorik!”

Gentza Alamillo, EAJ:

Zabaltzen prozesuaren bitartez aiararrek hainbat eta hainbat ekarpen egin dizkigute. Guzti horiek eta beste asko izango dira hurrengo lau urteetan udalean aurrera eramango ditugunak. Zerbitzuen eskaera hobetu eta gehitu, administrazio batzarrekin elkarlana berreskuratu.

Talde eta elkarteei diru-laguntzak eskatzeko bideak erraztu. Aiaran ematen ez diren kirol eta kultura ekimenak ondoko herrietan egiteko akordioetara heldu. Jarduera ekonomikoak ezartzea erraztu eta daudenak finkatzea. Esperientzia dugu bai eta lan egiteko gogoa eta ilusioa ere. Guzti hau aurrera eramateko aiararren laguntza behar dugu, maiatzaren 24an bozkatzera joan eta Aiara hazi harazteko EAJ-ri botoa emanez.

Iraida Sanez de Lafuente, Aiara Batuz:

Aiarako Udalak Batzar Administratiboekin eta elkarteekin zuen begirune eskasari aurre egiteko sortu zen Aiara Batuz. Lau urte hauetan guztietan, udalean hartzen ziren erabakiak eztabaidaren fruitu izan zitezen ahalegindu gara, bai eta gehiengo absolutuen gehiegikeriak ekiditen ere. Denbora falta izan zaigu gainerako talde politikoengan ilusioa pizteko, akordioak lortzeko eta gauza gehiago aurrera eramateko, batez ere Batzar Administratiboekin. Batzar eta elkarteekin harremana behin betiko finkatzeko gure taldeak behar duen pizgarria izan daitezke hauteskunde hauek, betiere talde guztien arteko eztabaida eta adostasunak oinarri hartuta.”































LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide