2011eko udal-hauteskundeak: Abertzaleen hegemonia, Bildu garaile eta EAJ oso gertu

Erredakzioa 2015ko mai. 21a, 11:22

 

 

2011n ordura arteko joera historikoa aldatuko zuen indar berri bat agertu zen Aiaraldeko mapa politikoan; Sortu, EA, Aralar eta Alternatibak osatutako Bildu Koalizioa. EAJri demokrazia garai ia osoan izandako hegemonia politiko abertzalea kendu eta koalizioak 8815 boza eskuratu zituen, EAJk baino 605 boto gehiago. Koalizioak guztira 5 alkatetza eta 39 ordezkari eskuratu zituen, EAJk aldiz 3 alkatetza eta 37 ordezkari.
Historikoki EAJk izandako hainbat udalerrietan ezuste handia izan zen Bilduren garaipena; Urduñan adibidez gehiengo absolutuaren bitartez gobernatu du azken 4 urteotan.
Aintzat hartu behar da, lehenengo aldiz parte hartu zuela Bilduk udal-hauteskundetan eta hurrengoetan (autonomikoetan, espainiarretan zein europarretan), boto kopuru handietan mantendu bada ere, emaitzak ez direla tamaina berekoak izan.
EAJk alkatetza eskuratu zuen Amurrion, Artziniegan eta Arakaldon, 37 eserleku lortu zituen jasotako 7580 bozei esker. Bost alkatetza galdu bazituen ere -Orozko, Aiara, Urduña, Laudio eta Arrankudiaga-Zollo- eskualdeko bigarren udalerririk handienean garaipena lortu zuen -Bilduren aurretik-, historikoki EAren eskuetan egondako Amurrioko udalean.
Estatu espainiarreko bi alderdi nagusiek -PP eta PSE-EE- 2254 eta 1974 boza jaso zituzten 2011n, beherako joerari jarraituta, sozialisten kasuan bereziki. Popularrek 2 ordezkari lortu zituzten Amurrion, Laudion eta Artziniegan, eta bakarra Aiaran eta Urduñan. Sozialistek aldiz 2 zinegotzi eskuratu zituzten Laudion eta bakarra Amurrion. Talde independente ugari aurkeztu ziren 2011n: ADIEk ezustekoa eman eta Orozkoko alkatetza eskuratu zuen, eta Okondo Bai eta Aiara Batuz taldeek 2 zinegotzi lortu zituzten euren udalerrietan. Laudioko Omnia bakarrarekin geratu zen, bigarrenetik oso hurbil.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide