HAUTESKUNDEAK: 1979-2011 Lau hamarkada botoz boto

Erredakzioa 2015ko mai. 21a, 10:57

ANALISIA: Mari Petralanda Gonzalez

ANALISIA: Mari Petralanda Gonzalez

Berrogei urte joan dira kasik Franco hil ondoren egin ziren lehenengo udal hauteskundeetatik. 1979. urtean izan zen, eta aiaraldearrok geure herrietako alkateak aukeratzen genituen bitartean, munduak ez zion segundo bakar batean ere jiratzeari utzi. Urte horretan bertan presidentea aukeratu zuten Kanadan, Italian edo Erresuma Batuan. Azken horretan, Margaret Tatcher gailendu zen, Europan kargu hori eskuratu zuen lehenengo emakumea. Ingelesak, urte hartan bertan, The Clashek kaleratu zuen London Calling diskoa walkman sortu berrietan entzuten grebatik grebara paseatzen ziren, edo zinema-aretoetan Brianen bizitza (Life of Brian) film estreinatu berria ikustera joaten ziren (segurutik, film horretan aurkituko ditugu artikulu honetan baino gako soziologiko interesgarri gehiago).

”Ezinbestekoa da siglen dantzaz bi hitz  egitea. 1979tik gaurdaino, inoiz hauteskundeetara aurkeztutako ia 30 talde desagertu egin dira.”

 

Bestalde, asko izan ziren, noski, urte hartan argia lehenengoz ikusi edo betiko agur esan ziguten pertsona ospetsuak. Azken horien artean ditugu Marcuse pentsalari alemaniarra, Blas de Otero poeta bilbotarra edo Sid Vicious Sex Pistols taldeko burua. Punketik hurbil zebilen beste talde baten, Hertzainaken, lehenengo maketa entzuteko oraindik lau urte falta baziren ere, disko horretan jasotako kanta baten esaldi famatu batek emango digu aurrera egiteko aitzakia.

 

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Bai ote?

Azken berrogei urteotan, bederatzi aldiz hautatu ditugu gure herrietako alkate eta zinegotziak (1979, 1983, 1987, 1991, 1995, 1999, 2003, 2007 eta 2011n). Urte horietako datu guztiak hartu eta denbora den poligrafoaren iragazitik pasatu ditugu, zuri, irakurle, xehe-xehe emateko. Horrenbeste aldatu dira gure hautuak ala antzeko aukerei ematen diegu gure botoa? Bai eta ez (denak beti garaile diren esparru batez ari garela kontuan hartuta, ez zenuen bada erantzun zehatz eta biribil bat esperoko, ezta?).
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da siglen dantzaz bi hitz egitea. 1979 urrun hartatik gaurdaino, uneren batean hauteskundeetara aurkeztutako ia 30 talde desagertu egin dira. Esanguratsuenak dira UCD, AP, EPK, EMK edo UA, baina horiekin batera, halako batean agur esan zioten udal politikagintzari beste hainbat taldek: Aiarako Aukera, Gure Aukera, Artziniegako Gazteak, Agrupación Independiente de Orozco, AVIO, AILL eta beste sigla-dantza luze bat.
Erantzun argi bat ematea zailduko digun beste gakoetako bat eszisioak eta koaliziokideen aldaketak izango dira. Orotan esanguratsuena, 1986an EAJ bitan zatitu eta EAren sorrera ekarri zuena. 1987ko udal hauteskundeetan izan zuen zatiketa horrek bere islarik garrantzitsuena, Aiaraldean EAJk ia botoen heren bat galdu baitzuen EAren mesedetan. Amurrion, esate baterako, 1983an hauteskundeak irabaztetik 1987an hirugarren indar izatera pasa zen EAJ, eta EA izan zen urte horretan lehenbiziko aldiz garaile. Geroago, EA eta EAJ koalizioan aurkeztu ziren, harik eta EAk ezker abertzalearekin eta ezkerreko beste zenbait alderdirekin bat egin zuen arte, EH Bildu sortzeko. 1993an, berriz, PSEk eta EEk bat egin zuten, baina ordurako Euskadiko Ezkerra alderdia aski ahulduta zegoenez, baturaren eragina oso txikia izan zen. Eta ezin aipatu gabe utzi ere, azkenik, ilegalizazioen ondorioz, ezker abertzalean eman diren sigla aldaketak, edo, are larriagoa dena, hauteskundeetara ezin aurkeztea.

Apenas horaildu den argazkia

Nola egin botoaren bilakaeraren jarraipen serio bat anabasa honetan? Bada, hasi gaitezen helduleku seguruenetatik. PSE eta PP dira sigla nahasketa horretatik aparteen egon diren bi alderdi nagusiak. 1979an, PSEk % 9ko babesa lortu zuen Aiaraldean (boto baliodunen gaineko ehunekoak dira beti). Urte hartan, egoitza nagusia Madrilen daukaten alderdien artean, UCD izan zen bozkatuena, % 19rekin. PP, aldiz, 1983an aurkeztu zen lehenengo aldiz (AP izenarekin oraindik), eta botoen % 12 eskuratu zuen. Urte hartan, PSEk % 15era egin zuen gora. Espainian ere ordezkaritza duten bi alderdion arteko batura % 28koa izan zen 83an, % 30arekin goia jo zuen 2003an eta % 17ra jaitsi zen duela lau urte, inoizko mailarik baxuenera.
EAJ alderdiak barne gorabeherak izan baditu ere, bere siglak presente egon dira hauteskunde guztietan. 1979an, % 32ko babesa jaso zuen eta nahiko egonkor eutsi dio geroztik. 2003an jo zuen goia, ezker abertzalearen aukera ilegalizatuta zegoela, EArekin koalizioan aurkeztu zenean, % 49arekin. Duela lau urte, berriz, % 32ko emaitza izan zuen, eta historian bigarren aldiz geratu zen bigarren lekuan Aiaraldean, ezker abertzalearen aukeraren atzetik (1999an izan zen aurrekoa). Ezker abertzaleaz ari garela, 1979an % 18 inguruko babesa lortu zuen (hainbat talde independentetan aurkeztu zen), eta ibilbide gorabeheratsu baten ondoren, 2011ko hauteskundeetan lortu zuen emaitzarik onena, % 34,85eko babesarekin. Indar abertzaleen esparruko hirugarren indarra, EA, koalizioen barruan aurkeztu da azken hamarkadotan, baina 90eko urteetan boto kopuru ugari biltzeko gai izan zen, 1995ean goia joz % 18arekin. Gauzak horrela, indar abertzaleen batura 79an % 50ekoa eta 83an % 60koa izatetik % 67koa izatera pasa da 2011n, inoizko emaitzarik onena.

”Abertzaleen batura 1979an %50ekoa eta 83an % 60koa izatetik % 67koa izatera pasa da 2011n, inoizko emaitzarik onena.”


Francoren ondorengo lehenengo urteetan presentzia nabarmena izan zuten tokiko talde independenteek ere merezi dute aipamena. Oraindik ondo eratu gabe zeuden alderdi nagusietatik aparte, emaitza esanguratsuak lortu zituzten 79an edo 83an, pixkanaka desagertzen hasi aurretik. 2011n, talde independenteen beste loraldi bat bizi izan genuen, eta talde guztiak aintzat hartuta, % 9ko babesa eskuratu zuten, alkatetza ere lortzeraino Orozkon (Adie).
Berrogei urte bizitzaren erdia da gizaki batentzat. Urte horietan guztietan gure gorputzak izango dituen aldaketak begi-bistakoak izango dira. Azala zimurtuko zaigu, ilea eroriko, bizkarra konkortuko, aldakak zabalduko. Baina milaka urte dituen jendarte baten bizitzan, berrogei urte ez da ezer, begi-kliska azkar bat baino ez. Zaila da esaten, beraz, berrogei urteotan egoerak bere horretan iraun duen, ala oso pixkanaka aldatzen ari den. Ia beti bezala, gakoa bera da: gauzei nondik begiratzen diegun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide