Amurrio eta Laudioko udalek maiatzaren 10ean Herri Urratsera joateko autobusak antolatu dituzte eta gaur da izena emateko azken eguna.. Urtero bezala Iparraldeko ikastolen jaia Senperen ospatuko da. Autobuseko tiketak 10 euroren truk lortu daitezke, Laudion udaletxeko Euskara Arloan eta Amurrion kultur etxean.
Autobusa oizeko 09:00etan irtengo da Amurriotik, Amurrio Antzokiaren inguruan dagoen Araba kaletik. Laudion institutuaren aurrean dagoen bus geltokitik,ordea, 09:15ean aterako da eta arratsaldeko 18:30ean itzuliko da autobusa Senperetik.
Ekintzaz beteriko festa
Adin guztietako pertsonentzako ekintzak antolatu dituzte iganderako. Etxeko txikientzat Irrien Lagunak, puzgarriak, antzerkiak, tailerrak ,eskalada... Gazteentzat, aldiz, musika eskaintza ugaria egongo da: Ohian Vega, Joxe Replay, Betagarri eta Willis Drummond. Helduek ere lekua izango dute Herri Urratsean eta bertso saioaz, Lapurdiko dantzez... gozatu ahal izango dute.