Naturayala blogak tokiko ingurumena lantzen du eta bere azkenengo sarrerak espezie inbaditzaile baten inguruan izan da:
2004. urtean lehen aldiz Bordelen antzeman zenetik, denbora kontua baino ez zen gurera iristea, liztor asiarrak izan duen zabaltze azkarra ikusirik.
Aurrena Gipuzkoa eta Nafarroan erakutsi zuen muturra 2010ean, eta 2012rako Araban bagenituen lehen aipuak.
Pasa den negu honetan, Amurrioko erlezain batek Vespa Velutinako bi kabi aurkitu zituen RENFEko geltoki inguruko zuhaitz batean. Okondoko Ugaldegoiko auzoan ere, argazki atera diogu liztor asiarraren kabi honi Ugalde errekan dauden altza batzuen adaburuan. Bi kasutan erreka baten ondoan zeuden habiak.
Eskualdeko erlezainek Gorobel mendilerroan ere ikusi dute liztor beltza, bai goiko eremuetan zein beheko magaletan.
Liztor asiarrak Indiako iparraldean du jatorria, eta gure lurraldea kolonizatzerakoan izaten ari duen arrakasta, berarentzat egokiak diren ezaugarri klimatikoei eta bere populazioak orekatu zitzaketen etsai naturalen gabeziari zor zaie.
2011. urtean, azaroak 14ko 1628/2011 Errege Dekretuan txertatua izan zen, non espezie exotiko eta inbaditzaileen Espainiako zerrenda eta katalogoa ezartzen den.
Beraz, ofizialki espezie inbaditzailea bezala aitortua dago, eta ondorioz kontrol planak abian jarri beharko lirateke, eta bere erauztea bultzatu.
Espezie exotiko eta inbaditzaile berri honen agerpena kezka bizia sortu du erlezainen artean, erleak (Apis mellifera) liztor asiarraren elikagaia baitira, erlauntzentzat mehatxua izan daitekeelarik. Beraz, liztor asiarrak beste faktore kaltegarria suposatzen du erleentzat, ezti ekoizpenaren beherakada eta polinizazioaren murrizketa dakarrelarik.
Espezie honetako arrak nahiz langileak hil egiten dira neguaren hasieran, ernaldutako emeak besterik ez dirautelarik bizirik, (etorkizuneko erreginak izango direnak) arroken arteko zartaduretan, lurrean edo zuhaitzen azalpean gordeta. Honek esan nahi du neguan ikus ditzakegun kabi hauek hutsik daudela dagoeneko, koloniak lehenago erabili zituen arren ez direlako birritan erabiltzen.
Orain, udaberriaren etorrerarekin, ernaldutako erreginek kabi txiki berri bana eraikiko dute, nondik langile taldetxo bat sortuko da, habia zabaltzen joango dena edo berri bat egingo dute bereizgarria den tamaina handia lortu arte.
Ez dugu pentsatu behar edozein tamaina handiko liztorra Asiatik etorritakoa denik. Europa ere liztor handiak ditugu, Vespa crabro kasu.
Edonola ere, habia aurkituz gero, SOS Deiak-era deitu behar da (112) dagokion protokoloa abian jarri eta agintariek eskua hartu dezaten. Inolaz ere ez da nor bere kabuz aritu behar, bere ziztadak mingarriak baitira eta liztor kolonia bati aurre egiteko bitarte egokiak behar direlako.