“Borondateak ehuntzearen ekimena jendarteratzea da larunbateko asmoa”

Erredakzioa 2015ko api. 22a, 23:03

MARIBEL MENDIBIL ORUE (1952, Amurrio) Aiaraldeko Gure Esku Dago mugimenduko partaidea da. Datorren larunbatean Artziniega, Orozko, Okondo, Amurrio, Laudio eta Arrankudiagan egingo dituzten ekimenen berri eman du. “Borondateak ehuntzea” da asmoa, erabakitzeko eskubidearen alde.

Borondateak ehuntzen hasteko lehen zita larunbatean izango da Aiaraldean. Zer egingo da?

MARIBEL MENDIBIL ORUE (1952, Amurrio) Aiaraldeko Gure Esku Dago mugimenduko partaidea da. Datorren larunbatean Artziniega, Orozko, Okondo, Amurrio, Laudio eta Arrankudiagan egingo dituzten ekimenen berri eman du. “Borondateak ehuntzea” da asmoa, erabakitzeko eskubidearen alde.

Borondateak ehuntzen hasteko lehen zita larunbatean izango da Aiaraldean. Zer egingo da?

Larunbat honetako asmoa jai giroan kanpainari hasiera ematea da, jendarteratzea. Banatzen ari garen oihalek zertarako balio duten eta horiek erabilita borondateak nola ehunduko diren azaltzea dugu xede. Amurrion adibidez hautestontzi txiki bat egingo dugu oihalekin, jendeak ekimenaren zentsua ikusi dezan: erabakitzeko eskubidea aurrera eramatea. 

Iragan ekaineko giza-kateaz geroztik, zein da Gure Esku Dago mugimenduak Euskal Herri zein Aiaraldea mailan izan duen bilakaera?

Egon zen beste ekitaldi ikusgarri bat azaroaren 8an. Hondartzan egin zen, eta kanpaina aurkeztu zen bertan. Zoritxarrez, oraindik ez gara urte osoan zehar ekitaldiak egitera iristen. Bilboko Plaza berrian ere egin zen beste ekitaldi bat, eta gero orain esku artean dugun kanpaina eztabaidatzeari ekin genion, zer ikuspuntu eman ahalko geniokeen pentsatzen... eta horrela atera zen “borondateak ehuntzen” lema.

Oso argi genuen Gure Esku Dago mugimendu sozialak mota askotako borondateak ehuntzeari ekin behar ziola: politikoak, sozialak... eta hortik atera zen ehunen ideia eta jendea ekimenaren parte egitearena. Gauzak hala, oihal bakoitzeko hogei pertsona inplikatu behar dira, eta horrela mota askotako jendea batzea da xedea.

"Oso argi geneukan Gure Esku Dago mugimendu sozialak mota askotako borondateak ehuntzeari ekin behar ziola: politikoak, sozialak..." 

Azaroan hasi zen eztabaida, eta hortik aurrera hasi da apurka apurka garatzen. Dimentsio asko ari da hartzen, eta geroz eta gehiago ari zaigu kostatzen proiektuaren barnean sartu nahi dugun guztia sartzea. Baina horretan gaude. Egon daiteke oraindik proiektua erroturik ez duen herriren bat edo beste. Baina Araba da herrialdea zeinetan Gure Esku Dago ekimenak indar gutxien duen, eta hala eta guztiz ere txarto ez goazela esango nuke.

“Amurrion 1000 pertsona inguru konprometitzea lortu dugu. Laudion ere antzeko kopurua lortzen dabiltza”

Eta jendeak nola hartu dezake parte?

Amurrion, adibidez, 50 oihal inguru banatu ditugu jada. Horrek esan nahi du 1000 pertsona inguru konprometitzea lortu dugula, oihal bakoitzeko hogei. Laudion ere antzeko kopurua lortzen dabiltza. Banatutako ehun horiek kalera ateratzea da larunbateko asmoa, eta oraindik oihalik ez duen jendeari bat hartzera animatzera. Bertan ere aukera egongo da norberak berea marrazteko. Hori da garrantzitsuena, atxikimenduak lortzea, eta horrela zehaztua izatea zenbat jende dagoen erabakitzeko eskubidearen alde.

Nolakoa ari da izaten jendearen erreakzioa?

Ni izutua nago, oso ona ari da izaten. Apenas ezagutzen ez genuen jendea ere animatu da. Gogo askorekin ikusten dut jendea. Amurrio mailan mila inguru lortu ditugu jada, eta hemendik ekainera bitartean beste asko lortuko ditugulakoan nago. San Prudentzioetan ere Arespalditzara bertaratuko gara, informazio puntu bat jartzera.

Ekaineko zita aipatu duzu. Zertan datza zita hori eta zein da horraino Aiaraldeko Gure Esku Dagok egingo duen bidea?

Kalean egotea da hemendik eta ekainera bitarteko denboran egitea aurreikusi duguna. Kalean egon, informazio-mahaiak jarri, egoitza moduko batzuk jarri, laguntza ekonomiko bat eman ditzaketenentzako afiliatu kanpaina bat egin, ekainaren 21eko deialdia zabaldu...

“Kalean egotea da hemendik eta ekainera bitarteko denboran egitea aurreikusia duguna”

Zertan datza ekainaren 21eko zita?

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara bideratu da jendea. Asmoa hiriburuetako kaleetatik ibiltzea da eta gero leku estali batzuetan hautestontzi erraldoi horiek egitea oihalekin. Sarrera ordaindu beharko da leku estali horietara sartzeko, halako ekitaldiak antolatzeak kostu handia baitakar atzetik (alokairua, muntaia...). Bost eurokoa izango da umeentzako sarrera eta hamarrekoa helduena.

“Gure Esku Dago-k ez du betirako egongo den mugimendu bat izan nahi”

Eta ekainaren 21a igarota, zer?

Zita hori igarota hilabete bat hartuko dugu atseden hartzeko (barreak). Baina gero kanpaina berri bat pentsatzeri ekingo diogu. Dena dela, Gure Esku Dago-k ez du betirako egongo den mugimendu bat izan nahi. Guk kalkulatzen dugu lau edo bost urte igarota erabaki bat hartu beharko dugula (badago gutxiagoan egin ahalko dena dioenik ere). Eta, erabaki hori hartuta, erabakitzeko eskubidea praktikara eraman.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide