"Aiarakook pentsatu behar dugu Arabako Foru Aldundia gurea ere badela"

Erredakzioa 2015ko api. 20a, 21:03

Julian Larisgoitia (Laudio, 1957) PSE-EEko hautagaia izango da Arabako Foru Hauteskundetan Aiarako Koadrilako zirkunskripzioan. Bere ibilbidea aurkeztu du eta Aiarako egoeraren inguruan mintzatu da.


Zein izan da hautaketa prozesua?

Alderdi sozialistak daukan sistema arrunta. Amurrio eta Laudioko tokiko batzarrek bilera egiten dute eta hautagai ezberdinak proposatzen dituzte.

Kasu honetan Amurrion zein Laudion ni hautatu ninduten aho batez Foru Aldundiko hauteskunde zerrenda burua izateko Aiarako Koadrilan.

Julian Larisgoitia (Laudio, 1957) PSE-EEko hautagaia izango da Arabako Foru Hauteskundetan Aiarako Koadrilako zirkunskripzioan. Bere ibilbidea aurkeztu du eta Aiarako egoeraren inguruan mintzatu da.


Zein izan da hautaketa prozesua?

Alderdi sozialistak daukan sistema arrunta. Amurrio eta Laudioko tokiko batzarrek bilera egiten dute eta hautagai ezberdinak proposatzen dituzte.

Kasu honetan Amurrion zein Laudion ni hautatu ninduten aho batez Foru Aldundiko hauteskunde zerrenda burua izateko Aiarako Koadrilan.

Gero tokiko batzarrera eramaten da zerrenda eta bozkatzen da.

Laudio eta Amurrioko hainbat izen proposatzen dira zerrenda osatzeko, % 50eko ordezkaritza izan dezan herri bakoitzak. Adostasunaren bitartez egiten da eta zinegotzi ohiak proposatzen dira askotan, ardura politikoak izandako pertsonak.

Ibilbide luzea egin duzu politikan.

 

Udal politikan 1983. urtean hasi nintzen, hautagaia izan gabe, Agrupación Independiente Llodianan, hain zuzen.

1991. urtean alderdi sozialistaren bitartez legebiltzarkidea izan nintzen Araban, 1999. urtea heldu arte.

1999an Laudioko hautagai izendatu ninduten eta zinegotzi izan nintzen legealdi horretan (1999-2003).

Hortik aurrera utzi nuen nahiz eta PSE-EErekin harremana mantendu nuen eta 2011an hasitako legealdian zinegotzi lanetan aritu naiz berriro.

Egoera orokorrari begira eta Foru Aldundiari dagokionez asko borrokatu izan behar dugu betidanik Gasteizekin. Orain bistakoa da eta alderdi sozialistak ere erabili du "zor historikoa" kontzeptu gisa.

Gu beti izan gara kontziente eta nahiz eta Arabako Foru Aldundia zuzendu dugun koalizioaren bitartez zein EAJk zuzendu, ez dakit ondo zergatik, inbertsio eta laguntza arazo hori izan dugu.

1992. urtean Arabako Foru Aldundiak lagundu zuen kudeaketa planaren bidez Laudioko Udalak porrot ekonomikoa gailendu zezan, baina gero beti arazoak izan dira. Ez dakit zergatik, EAJk zein PPk gobernatuz gero kostata lortzen da zerbait.

Legealdi honetan nire alderdiaren partetik borondate askoz handiagoa ikusi dut Laudio eta Koadrila laguntzeko. Baina bereziki Laudio.

Eta hori nabarmena da Lamuza Parkeko kasuan. Uraren kontuaren gainean ere egon gara.

Baina beti izan ditugu zailtasunak Foru Gobernuarekin. Gasteiz % 83ko bozak dira Araban eta gainerakook apur bat baztertuta egon gara. Nahiz eta Laudio jakin badakigu herri garrantzitsua dela.

Eta ogasunaren bitartez asko lagundu du Laudiok, eremu industrial sendo batean gaude, biztanle askoko lurraldea da -36.000 biztanle inguru ditu Aiarako Koadrilak- eta guztiok ordaintzen ditugu zergak.

Baina uste dugu hemen eman den inbertsioa ez dela orekatua edo nahikoa.

Eta hori guztia aldatu behar da eta zentzu horretan lanean ari gara, Foru politika eraginkorra izan dadin gurekiko.

Hemen sekulako arazoa daukagu, ia % 20ko langabezia dago gure herrietan eta inbertsioak egin behar ditugu. Ez bakarrik azpiegituratan eta kulturan baizik eta enpleguan.

Hori borrokatu behar dugu eta hurrengo legealdian Foru Aldundiak mahai gainean jarri behar du gaia egoera hobetzeko.

 

Horren harira, zeintzuk izango dira PSE-EEren ideiak hurrengo legealdian?

Guk uste dugu oinarrizkoa dela jendeak gutxienez diru sarrerak eta lana izatea. Langabeziaren egoera larria da eskualdean.

Larria da gazte askok ezin dutelako hemen lan egin eta kanpora joan behar direlako, 45-50 urteko pertsona askok ere egoera larria daukate langabezian geratu direlako...

Azpiegiturak ere landu beharko ditugu eta esparru sozialean hemen laster jende nagusi asko izango dugu eta gure laguntza beharko dute esparru publikoaren bitartez. Pertsonen adinaren batez bestekoa gero eta handiagoa da eta hor arazoa eman daiteke.

Eta gazteekin zerbait pentsatu behar dugu egoerari buelta emateko. Shock bat beharrezkoa da joan ez daitezen.

Eta horretaz gain betikoa: azpiegiturak, azpiegitura kulturalak... eta koadrila gisa, modu globalean landu.

Ezin dugu uharte kulturalak izan eskualdean. Elkarlanean aritu behar gara Aldundiaren babesarekin.

Aiarako herri guztien artean elkarlanean aritu behar gara balioa emateko. Eta kontratazioak ere elkarlanean egin beharko genituzke, are gehiago garai hauetan.

Eta tokiko udalak ere babestea, ez dezaten sentitu baztertuta daudenik.

Lan asko egin beharko dugu baina legealdi honetan erakutsi da elkarlanean gauzak lortzeko aukera dagoela.

Jarduera politikoa ez da bakarrik gatazka, batasuna, adostunasuna, elkarrizketa ere eman behar da. Garai latzak gailendu ditugu beste arrazoi batzuk zirela medio eta bada garaia elkarrekin gauzak egiteko herritarren mesederako.

Zein da zure iritzia De Andresen legealdiaren inguruan?

Betikoa. PPk egin du egin behar ez zituen gauzak. Krisialdiaren aitzakia erabiliz utzita geratu da jende asko. Zapaterok sortutako zenbait lege berdintasuna lortzeko ez ditu batere garatu.

Adibidez, menpekotasun legea ondo zaindu behar zuen, are gehiago Arabak duen ibilbidearekin esparru horretan.

Eta gainera proiektu asko galdu dira bidean. Beraiek esango dute programan agindutakoa bete dutela, baina nik ez dut uste.

Eta gure koadrilari dagokionez, betikoa. Guztiz ahaztu gaituzte. Oso legealdi eskasa izan da, ez da dominak jartzeko modukoa izan oro har. Ezin ditut xehetasunak eskaini 4 urte izan direlako, baina PSE-EEk behin eta berriro hainbat kontu gogoratu dizkio PPri mozioen bitartez Biltzar Nagusietan politikak ez dituztelako garatu.

Zuk Foru Aldundia erakunde urruna dela uste duzu orduan?

Urruna zergatik? Aiarakook pentsatu behar dugu hori gurea ere badela. Guk ere ordaintzen baitugu.

Guk asko lagundu dugu urte luzez diru ekarpenak egiten Arabako Foru Aldundiari eta ez digute behar den moduan itzuli.

Zor historikoa aipatzen dugunean esan nahi dugu Foru Aldundiak ez duela ahaleginik egin gu laguntzeko.

Zor historikoa daukate gurekin eta beraiek aitortzen dute baina ikusi behar dugu nola gauzatzen den hori.

Foru Aldundia zuzentzen duenak jakin behar du lurralde hau deprimituta dagoela. % 20ko langabezia dauka eta hori ez da posible. EAEn % 13koa da.

Enpresa txikia eta autonomoak ere zaindu behar dira. Horren gainean egon behar gara, bestela etengabe ikusiko dugu dendek eta enpresek ixten dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide