4.215 ETXE HUTS: Etxebizitzen %20,4 hutsik dago Aiaraldean

Erredakzioa 2015ko api. 16a, 00:00

Aiaraldeko etxebizitzen %20,4 hutsik dago, EUSTATek 2011an argitaratutako erroldaren arabera. 21.114 etxebizitza daude guztira eskualdean, bi biztanleko bana. Alokairuan baina, %7,65 baino ez dago, Europar Batasuneko ehunekorik txikienetakoa. Prezioen batez bestekoa berriz, gutxiengo soldataren gainetik dago.    

Aiaraldeko etxebizitzen %20,4 hutsik dago, EUSTATek 2011an argitaratutako erroldaren arabera. 21.114 etxebizitza daude guztira eskualdean, bi biztanleko bana. Alokairuan baina, %7,65 baino ez dago, Europar Batasuneko ehunekorik txikienetakoa. Prezioen batez bestekoa berriz, gutxiengo soldataren gainetik dago.    

2011koa da EAE mailan egin den azken etxebizitza errolda. Bost urtean behin egiten da eta udalerri bakoitzeko datuak azaltzen dira bertan. Eskualdeko herrien zenbakiak batuta ateratzen da emaitza: 4.215. Hori da Aiaraldean hutsik dagoen etxebizitza kopurua.

Etxebizitza hutsak bi multzotan banatzen ditu EUSTATek. Alde batetik, modu iraunkor batean hutsik dauden eta erortzeko zorian ez dauden etxebizitzak daude: eskualdean 3.106. Horiei bigarren etxebizitza deritzenak batzen zaizkie, urtean sei hilabete baino gutxiagoz erabiltzen direnak: 1.109.

16.495 etxebizitza nagusi (modu iraunkor batean erabiltzen direnak) daudela ikusita kalkulatu daiteke ehunekoa: Aiaraldeko etxebizitzen %20.4 dago hutsik.

Etxe huts gehien, Orozkon
Eskualdeko herrien artean, baina, hainbat ezberdintasun topatu daitezke. Populatuena izanik, Laudio da etxebizitza huts gehien dituena: 1.239.
Baina kasurik esanguratsuena Orozkokoa da, Hego Euskal Herri mailan proportzioan etxe huts gehien dituen 2000 biztanle baino gehiagoko herria baita. Hori dio Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 2011n argitaratutako estatu mailako ranking batek, Orozko 30.postuan azaltzen baita. EUSTATen arabera, herriko etxebizitzen %34,4 zegoen hutsik urte horretan.
Orozkoko alkatea den Josu Sanpedrok bat egin du herrian etxe huts asko daudenaren baieztapenarekin. “Herrian orokortu den zerbait da”, azaldu du, eta gaineratu du etxeetako batzuk egoera txarrean daudela eta erortzen ari direla: “Ondarea galtzen ari gara hor”.

Orozko da Hego Euskal Herri mailan proportzioan etxe huts gehien dituen 2000 biztanle baino gehiagoko udalerria, INEk 2011an ateratako zerrenda baten arabera

Alokairu eskaintza eskasa
Datuak aztertuta arazoa ez da etxebizitza kopurua. 2001etik 2013ra bitartean 4.212 etxebizitza eraiki ziren eskualdean, baina 2.481 pertsona gehiago bakarrik kontabilizatu dira. Gauzak hala, gaur egun etxebizitza bat dago eskualdean bi pertsonako.

Hala ere, etxebizitzaren beharrak arazo bat izaten jarraitzen du eskualdean. Zenbakiak dira horren adierazle: Eusko Jaurlaritzak etxebizitza sustatzeko Etxebide programan Aiaraldean 2008tik 2013ra egin zituzten etxebizitza babestuen eskarien bosten bat baino ez zen adjudikatu.

Alokairuari begira ere, oso eskaintza gutxi dago Aiaraldean. Etxebizitza guztien %7,65a bakarrik dago alokairuan, gainontzekoa jabegoan edo beste formaren batean dago. Aiaraldea herrialde bat izango balitz zazpigarren postua izango luke alokairuan etxebizitza gutxien dituzten Europar Batasuneko estatuen rankingean, Bulgariaren atzetik. Alemania eta Suitza dira zerrenda horretan beheren dauden herrialdeak, alokairuan etxebizitza guztien %46,8 eta %55,7 baitituzte, hurrenez hurren.

Prezio altuak
“Badaude euren etxebizitza alokairuan jarri nahi ez duten pertsonak“, azaldu du Etxaurren higiezinen agentziako kide den Carlos Egiak. Horren arrazoia inkilinoren batekin izandako esperientzia txarra izan daitekeela iradoki du, baina azpimarratu du berak ez duela inoiz halako esperientziarik ezagutu: “Badaude inkilinoen nominak eskatzen dituzten jabeak, errenta ordaindu dezaketela ziurtatzeko“.

Errenta zenbatekoa den da alokairu bat bilatzen dutenek kontuan gehien hartzen duten faktorea, Iruñalan agentziako Oscar Gomezen hitzetan. Egiak gaineratu du prezioak asko jaitsi direla azken urteetan, “hileko 450 euroko errenta duten pisuak topatu daitezke”. Hala ere, bataz besteko alokairu librea Araba mailan 729 eurotan kokatzen da, EUSTAten arabera, gutxienezko soldata 645,3 eurotan kokatzen den bitartean. Horrek jende askok alokairu bat ordaintzeko adina diru ez izatea dakar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide