Amurrio-Aiaraldeko RASD elkarteak “Piztu Itxaropena” XI.Euskal Karabanaren emaitza aurkeztu du. Antolatzaileek adierazi dutenez Aiaraldeak 3.800 kilo janari biltzea lortu du, iaz baino pixka bat gutxiago. Hala eta guztiz ere, egungo krisia eta herritarrek bestelako proiektuei egiten dizkieten ekarpenak aintzat hartuta oso positiboki baloratu dute emandako erantzuna.
Egitasmoaren antolatzaileek esan dutenez, otsailaren 21ean 300 tona elikagai bidali zituzten Donostiatik Saharara bost trailer eta hiru kamioietan. Horregatik, saharar herriari adierazitako elkartasuna eskertu dute, pertsona errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzeko egindako ekarpenak barne. Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduei (Aljeria) elkartasuna adierazteko urtero egiten duten ekimena da honako hau, helburua ahalik eta elikagai gehien eramatea izanik. Kanpamentuek pairatzen duten “janari urrialdi larriari laguntzeko” ekimena dela adierazi zuen Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR).