Caja Laboral Baskoniak partida solidarioa antolatu du datorren maiatzaren 3rako. Liga Endesaren baitan ospatuko den 31. jardunaldiak talde Gasteiztarra eta UCAM Murtzia jarriko ditu aurrez aurre Buesa Arena estadioan. Partida berezia izango, sarreren salmentatik ateratako diru guztia buruko gaixotasun eta desgaitasunak dituzten pertsonentzat bideratuko baita. Bildutako diru guztia Arabako 43 elkarteren artean banatuko da, horien artean Laudion kokatuta dagoen ASASAM elkartea dago.
"Elkarrekin gehiago gara, Zure kausa, gure ardura" lelopean antolatuko da partida solidario hau. Baskoniak hirugarren ekipazio berezi bat erabiliko du partida honetarako. Oroitzapeneko kamiseta bat enkantean jarriko da eta bildutako dirua sarreren salmentatik eta ekarpenak jasotzeko prestatuko duten gunetik ateratakoari gehituko zaio eragileen artean banatzeko.
Sarrerak prezio herrikoietan jarriko dituzte, 5-10 euro, eta betiko saltokietan ez ezik Laudioko ASASAMen egoitzan ere erosi ahalko dira.