Korrika 19: "Emozioetan Korrika"

Izar Mendiguren Cosgaya 2015ko mar. 27a, 12:17

Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde #korrika dabiltzala”, zioen Zaldieroak komiki tira batean. Arrazoirik ez zaio falta. Korrika magikoa da, edozer gauza ateratzen du txapelpetik. Okondotik Ziorragarako bidea izarren azpian, euriarekin, kaskabarrarekin zein elurpean egin zuten. Milaka buru, helburu bakarra: Aiaraldea zein Euskal Herria euskahalduntzea. 65 kilometrotan lekukoa eskuz esku ibili zen. Euskarak ere jauzia eman behar duela irudikatzeko argazkirako saltoka, euskaraz bizi nahi dutela lau haizetara zabaltzeko oihuka.
Okondon gora, aldapa ez zen oztopo izan makulua esku batean eta lekukoa bestean zeraman AEK-ko ikasle helduarentzat. “Petometroa” ere martxan zen ordurako, Korrikan zein egunerokotasunean eskualdea euskaldun peto-petoz janzteko. Laudion, eguraldi txarra umore onarekin argitu zuten, gazte ugarik jantzi baizuten mozorroz Korrika. Batzuk, bizikleta izan zuten lagun. Beste batzuk, txakurra.
Oihuak, irribarreak eta txaloak. Hiruko erregela horren baitan biderkatu ziren emozioak Korrikak eskualdea zeharkatu ahala. Gaueko ordu txikitan ere, txikienek handi direla erakutsi zuten, kaskabarra hasi zenean ere emozioz beteta eutsi baizioten furgonetaren erritmoari Laudion zein Aiaran.
Etxaurren Ikastolako haurrek ere ez zieten eskolako lanei kale egin: laurak pasatxo zirela heldu zioten igandean ezagutuko dugun mezua gordeta daraman lekukoari.
Izoriatik Belandiarako tartean korrikalariek euskarak adina aldapa gogor gainditu behar izan zituzten.
Urduñan suziriekin egin zioten harrera Korrikari, eta Saratxon, saihesbidearen aurkako pankartarekin.
Amurrion aldarrikapenek argitu zuten eguna, jendetza elkartu zen Korrika eta. Erdigunea euskaraz busti ondoren, Altuben gora jarraitu zuten lasterkariek. Kaleak hotz, bihotzak bero. Espaloietan, etxeetako leihoetan... herritar ugari bildu ziren nola ekimenari hala euskarari babesa eta indarra emateko.
Orozko, Arankudiaga-Zollo, Areta, Artziniegan eta Arakaldotik urrundu denez aurtengo Korrika, txoko ezberdinetara hurbildu ziren bertako herritarrak. 15 urteko Orozkoko gazte batek, esaterako, Okondo eta Laudio arteko mugatik Arespalditzarainoko bidea egin zuen Korrika. Spidermanek ere ez zuen hutsik egin: Aiara (Luiaondo, Arespalditza, Murga, Izoria, Belandia), Urduña, Saratxo, Amurrio eta Ziorraga igaro zituen Korrika gutxienez; Aiaraldeko etapa bukatuta Altuben tipi-tapa jarraitzen baizuen.
Zoragarria. Esku zimurtuak, gazteak, txikiak, handiak... sentitu zituen euskarak. Aiaraldean euskaraz ikasi, lan egin eta bizi nahi dutela entzun zuten kaleek. Poza, gozamena, emozioa. Herri bat bidea egiten.
Botikariak, odoloste-egileak, jai batzordeak, alderdi politikoak, gazteak, ikasleak, elkarteak... Herri osoa batzeko gai izan zen euskara.
Bistan dago gai garela. Korrikak bezala, helmugara heldu arte etenik gabe, jarrai dezagun urrats txikiak emanez euskahalduntzeko bidea egiten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide