Aiarako Biraren azkeneko etapa lehiatu zen larunbatean Kexaan eta Murga herrien artean. “Los Arcos” hotelatik Arespalditzarantz irten ondoren, Artziniegarako bidea hartu behar zuten txirrindulariek.
Handik Uretako bidegurutzetik pasa ondoren, Lantenorantz abiatzen ziren. Han hasten zen, seguruenik, Birako mendaterik gogorrena, Beotegin baitzuten mendi sarirako puntuak. Alde gogorrena egin ondoren Arespalditza, Murga eta “Los Olmos” zirkuitoari 3 bira eman behar zizkioten.
Ibarrondo jatetxe paretik pasatzen ziren bakoitzean tarteko helmugak jokoan zeuden eta hara ailegatutako laugarren aldian berriz, birako azkeneko helmuga marra.
Borroka handia
Sailkapen nagusia estu zegoen eta ibilbide eta eguraldi gogorrarekin borroka handia espero zen. Abiadura handiz eman zioten hasiera etapari. “The Bathco” talde Kantabriara eta Katalunia aldetik etorritako “Autocars Sagales” taldea izan ziren gogo handiena erakutsi zutenak baina Garabilako aldapetara ailegatu arte, ezin izan zuen inork tropelatik alde egin.
Ihesaldia
Hor abiatu zen indar handiz, Marc Brustenga. Bere atzetik Asier Elorza tropel buruan pasa zen mendatetik. Uretarako bidean lasterketa buruan zihoan bere taldekidea harrapatu zuen Ivan Martellek eta bien artean azkar ireki zuten tropelarekiko tartea.
Biek, berrogei segundorekin abantailarekin ekin zioten Beotegirainoko aldapak igotzeari baina apurka-apurka abantaila murriztuz joan zen. Metro gutxirekin pasa ziren Beotegitik eta ihesaldia amaituta zirudien. Txikituta zetorren tropelak bere abiadura mantsotu ahala, aurreko bikoteak berea handitu zuen eta berriro ere tartea ireki egin zen.
Lidergoa
Beotegiko igoeran sailkapen nagusikoen arteko indarrak oso parekoak zirela ikusi zen, eta gelditzen zen ibilbidearekin zaila izango zuen Joseba Otaolak Oier Lazkanoren lidergoa erasotzea. Asier Elorzak aldiz, eguraldiagatik hoztuta, ezin izan zuen mendiko sailkapenean zuen abantaila mantendu.
Guda horretatik kanpo zihoan aurreko bikotea. Aurreko etapetan parte ez hartzeak sailkapen nagusitik at uzten zituen. Etapan zuten jarrita begirada eta azkenengo zirkuituan errelebo indartsuekin beraien abantaila handituz joan ziren.
Atzean, Birako liderrak ez zuen arazorik izan bere aurkariak zaintzeko eta guztiek elkarrekin bete zituzten azkeneko itzuliak.
Garaipenaz gozatzeko denborarekin beraz, ailegatu ziren Kataluniarrak eskuak elkarrekin, Martell eta Brustenga, Murgako helmugara, itzulia ixten zuen azkenengo marrara.
Sailkapenak: Etapa:
1. Ivan Martell. Autocars Sagales
2. Marc Brustenga Autocars Sagales. db
3. Sergio Trueba. Ayto Entrambasaguas. 1’ 24’’ra
4. Joseba Otaola. Luyando-Ganzedo-Lezamauto 1’ 24’’ra
Sailkapen Nagusia:
-
Oier Lazkano. Zirauna-Iturribero.
-
Joseba Otaola. Luyando-Ganzedo-Lezamauto. 35”ra
-
Erik Betanzos. Autonervion-Renault. 41”ra
Tarteko helmugak:
1David Piñera. The Bathc
Mendiko sailkapena:
1. Jon Barrenetxea. Gastronomia Baska-Avia
Taldeko Sailkapena:
1. The Bathco