Aske utzi dute Pablo Gorostiaga preso politikoa, kondena osorik beteta

Erredakzioa 2015ko mar. 22a, 01:30

Pablo Gorostiaga preso politiko aiaraldearra aske geratu da gaur goizean. 2007an kartzelaratu zuten Gorostiaga, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik, 18/98 makro-sumarioaren baitan. Orduz geroztik Herrera de la Manchako espetxean egon da, Laudiotik 600 kilometrora.

Pablo Gorostiaga preso politiko aiaraldearra aske geratu da gaur goizean. 2007an kartzelaratu zuten Gorostiaga, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik, 18/98 makro-sumarioaren baitan. Orduz geroztik Herrera de la Manchako espetxean egon da, Laudiotik 600 kilometrora.

Zortzi urteko espetxe zigorra osorik beteta atera da Gorostiaga kartzelatik, 73 urterekin. 70 urte bete zituenetik legez kanpoan egon beharko lukeela aldarrikatu dute bere senideek hainbat aldiz. Espainiako legeriaren arabera, adin hori bete duten presoek eskubidea dute baldintzapeko askatasuna eskuratzeko, gaixotasun sendaezina edo zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoen antzera. Gorostiagari, baina, eskubide hori ukatu egin zaiola salatu dute senideek.  

Askatzeko aldarrikapena       

Ugariak izan dira Gorostiagaren askatasuna aldarrikatzeko egin diren ekimenak. 2013an herritar talde batek “Pablo eta Patxo kalera!” ekimena jarri zuen martxan, eta bi presoen askatasuna eskatzeko 3500 herritarren sinadurak biltzea lortu zuten. Patxo Murga preso laudioarrak ere 73 urte ditu.

Sinadura guztiak bilduta, Gorostiaga eta Murgaren senideak Eusko Jaurlaritzara bertaratu ziren; Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren partaidetzaren batzordera. Bertan bi presoen kasua azaldu zieten parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoetako kideei. Handik gutxira (2014ko ekainean) Aiaraldeko alkate guztiek euren gain hartu zuten aldarrikapena: prentsaurreko batean bildu ziren bi presoen askatasuna exijitzeko.

Pregoilari debekatua

Kartzelan egon den urteetan zehar hainbat aldiz izan da Gorostiaga albiste. Laudioko 2013ko San Roke jaietan pregoilari izateko hautatua izan zenekoa da adibiderik esanguratsuena. Bozketa publiko bat egin zen urte hartako pregoilaria hautatzeko, eta Gorostiaga pregoilari izatea izan zen boza gehien jaso zituen proposamena.

Espainiar Gobernuaren EAEko ordezkaria den Carlos Urkijo laudiarrak, baina, epaitegietara eraman zuen hautapena, Gorostiaga pregoilari izatea “terrorismoa goraipatzea” zekarrela salatuaz. Udal-gobernuak pregoilaria hautatzeko modua defendatu zuen, eta azaldu zuen justifikatua zegoela Gorostiaga hautatu izana, “herriko jaietan zein bestelako ekimenetan” izan duen protagonismoagatik. Jaiak hasi baino egun batzuk lehenago iritsi zen epaitegien erabakia: Gorostiaga pregoilari izatea debekatu egin zuen. Bilbon ere antzeko gertaera bat eman zen: Txori Barrote konpartsako kide den Jone Artola txupinera izendatu izana salatu zuen Urkijok, preso baten senidea zela argudiatuta. Kasu horretan ere epaitegiak bertan behera utzi zuen hautapena.  

Gauzak hala, Laudioko Jaietako pregoiaren irakurketa debekua salatzeko ekitaldi bilakatu zen.

Dispertsioaren ondorioak

Jaiak igaro eta hurrengo udazkenean zorigaiztoko gertaera batek berriz bilakatu zuen Gorostiaga albiste. Presoaren emaztea zen Judith Uriarte hilzorian zegoela, Gorostiaga etxera gerturatzeko eskaera tramitatu zuten senideek. Eskaera onartu bazen ere, ez zen berehalakoan bete: Hainbat egun behar izan zituzten espetxeko arduradunek Gorostiaga Herreratik Orozkora gerturatzeko eta, ondorioz, presoak ez zuen Uriarte agurtzerik izan. Hil ostean egin zitzaion omenaldirako iritsi zen Gorostiaga, presentzia polizial nabarmenaren pean.

Patxo eta Isidro, udan

Gorostiaga ez da Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik kartzelaratua izan den aiaraldear bakarra izan. 18/98 sumarioaren baitan, Patxo eta Isidro Murga anaiak ere kondenatu zituzten. Bi preso horiek Mansillako kartzelan (Leon) daude preso, Laudiotik 366 kilometrora, eta aurtengo udarako dute jarria irteera-data. 

Hiru preso aiaraldearrek (Gorostiagak eta Murga anaiek) Zaballako espetxera mugituak izateko eskaera egin zuten duela urtebete, baina Espetxe-arduradunek ez dute eskaera bete. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide