Korrika Txikiak, simulazio hutsak baino askoz gehiago

Erredakzioa 2015ko mar. 19a, 12:52

19. Korrika martxan dela egingo dira “Korrika Txikiak” Aiaraldeko hainbat herritan. Korrika “ofizialaren” simulazio bat izatetik harago, ekimen sakonak izango dira, ohi bezala ikastetxeetan unitate didaktiko propioarekin landuko baitute. 

19. Korrika martxan dela egingo dira “Korrika Txikiak” Aiaraldeko hainbat herritan. Korrika “ofizialaren” simulazio bat izatetik harago, ekimen sakonak izango dira, ohi bezala ikastetxeetan unitate didaktiko propioarekin landuko baitute. 

Korrikarekin batera iritsiko dira Korrika Txikiak Aiaraldera. Eskualdeko hainbat herritan egingo dira eta, ohikoan bezala, eskoletako haurrek hartuko dute parte. Korrikaren simulazio moduko bat izatea da Korrika Txikiaren helburuetako bat. Ez, ordea, bakarra. Izan ere, aurtengo Korrika Txikia ez da haurren lasterketa bat izatera mugatuko: Korrikari buruzko unitate didaktikoak prestatu ditu AEKk, maila ezberdinetan landu ahal izateko.
Orotara bost unitate didaktiko prestatu dituzte, bost adin-tarterentzako: haur hezkuntza, 6-8 urte, 8-10 urte, 10-12 urte eta 12-18 urte. Unitate didaktiko bakoitzak Korrika bi astez klasean lantzeko zenbait proposamen planteatzen ditu, baina AEKtik azaldu dute ikastetxeen esku geratzen dela dituzten aukeren arabera lanketa horiek moldatzea.

Haur hezkuntzari begira, adibidez, honako ekintza hauek proposatzen dira, besteak beste: Korrikaren kanta entzutea, horma-irudi bat marraztea eta ume bakoitzak bere lekuko propioa egitea. Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan, berriz, bestelako eduki batzuk txertatu dituzte: “Zer da Korrika?” galderari erantzuna bilatzeko ikerketa bat egitea, ibilbidearen nondik norakoak ikustea edota petoa egitea, kasu. Ekintzarik berritzaileenak, ordea, DBH eta Batxilergoko ikasleek egingo dituzte, bideo eta selfie lehiaketa batean parte hartzea proposatzen baitu dinamikak. Korrikari begira prestatutako “Euskahaldun” dokumentala proiektatzea ere planteatzen du unitate didaktikoak.

Adin tarte guztietan aipatzekoa den jarduera bat egotekotan, Peru pirataren altxorrik handiena izenekoa da. Izan ere, ipuin berdinarekin adin tarte bakoitzarentzako lanketa ezberdin bat prestatu dute. 12-18 urte bitarteko ikasleek, esaterako, ipuina irakurri eta landu dute, gero haur-hezkuntzako umeei istorioa kontatzera joateko.

Alabaina, ekimen esanguratsuena Korrikaren simulazioak izaten jarraitzen du. Eskualdeko herri gehienetan egingo da hori, Korrika “ofiziala” igaro ostean. Orozkoko, Amurrioko eta Urduñako eskoletako ikasleak esaterako, martxoaren 27an aterako dira kalera, lekukoa eskuan eta petoa soinean. Laudiokoek, berriz, 26an egingo dute korrika. Zita guztiak egunkari honetako agendaren atalean kontsulta litezke.

Artziniegan, txikiak handi
Artziniegakoa izango da “Korrika txiki” bereziena, lasterketa Aiaraldera iritsi baino lehen egingo baita, martxoaren 20an. Korrika bertatik pasatzen ez denez “Txikia” zena “Herriko-korrika” bilakatzea erabaki dute antolatzaileek. Gauzak hala, eskoletako haurrez gain, gazte eta helduak ere batzea da asmoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide