Arabako Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioa, Apill, Apymca eta AEME herri elkarteekin eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean sortutako Aiarako Eskualdeko Txakolin Menua aurkeztuko dute martxoaren 26an. Menua, martxoaren 28an dastatuko dute Laudioko Aldai Plazan antolatu duten herri bazkaria eta horretan ere, Arabako Txakolinaren 2015. urteko Uzta aurkeztuko dute.
Urtaroko izaera izango du menua, hau da, otsaila eta maiatza bitartean goratuko da. Hala ere, nahi izanez gero, nahi duen jatetxeak bere kartaren atributu bezala eskaini ahal izango du urte osoan zehar.
Azkenaldian turismo enogastronomikoak duen arrakasta ikusita, gertuko herrietatik datozen turistak erakartzea da ekintzarekin lortu nahi duten xede nagusia, eskualde bezala identifikatzen gaituen menu baten bitartez. Txakolina eta gastronomia lokala Aiarako Eskualdea dinamizatuko duten eragile gisa izango direlakoan daude.
Plateren aukeraketa
Menua osatzen duten platerak erabakitzeko, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioak eskualdeko ostalarien, Arabako jatetxe nabarmenduen eta Gasteizko Egibide eta Gamarrako eskolen sukaldari-nagusien eta Slow Food-eko kideen kolaborazioa jaso du. Eta aurkeztutako proposamen ezberdinen artean, martxoaren 2an egindako dastatzean erabaki zen, besteak beste, Javier de Andrés, Arabako Diputatu Nagusiaren laguntzarekin, zein izango zen Aiarako Eskualdeko Txakolin Menua osatuko zuten platerak.