AEK-ko irakasleek eta irakasle ohiek eramango dute lekukoa lehen kilometroan

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2015ko mar. 18a, 07:54

Antolatutako autobusetan joateko eskatu dute, 09:00etatik aitzin Urepelerako bidea itxita egongo delako. Alduden aparkaleku bereziak izango dira autoentzat. Urepelera iristeko, autobus zerbitzu berezia egongo da Urepeletik eta Bankatik. Euskarazko hedabideekin batera, BERRIAk zuzenean emango du saio berezi batean hasiera ekitaldia.

Antolatutako autobusetan joateko eskatu dute, 09:00etatik aitzin Urepelerako bidea itxita egongo delako. Alduden aparkaleku bereziak izango dira autoentzat. Urepelera iristeko, autobus zerbitzu berezia egongo da Urepeletik eta Bankatik. Euskarazko hedabideekin batera, BERRIAk zuzenean emango du saio berezi batean hasiera ekitaldia.

Egun bat besterik ez da geratzen, eta Korrikaren abiatze eguneko xehetasunak ezagutarazten ari da AEK. Ostegunean hasiko da Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketa, 17:00etan, baina egun osoko egitaraua antolatu dute euskaltzaleentzat.

Xehetasunak Baionan eman zituzten atzo AEK-ko Iparraldeko lehendakari Maider Hegik, lehen egunaren arduradun Graxi Hirigaraik eta Urepeleko Adur elkarteko kide Miren Harinordoquik.

Arratseko bostetan abiatuko da Korrika herriko plazatik. Lehen kilometroan Iparraldeko AEK-ko irakasle eta irakasle ohiek eramango dute lekukoa. Bigarrenean, Adur euskara elkarteko, Urepeleko jai batzordeko, Urepeleko herriko etxeko eta Xalbador Eguna elkarteko ordezkariek. Hirugarren kilometroan, berriz, Urepeleko Korrika batzordeak du lekukoa hartuko.

Egitaraua eta oharrak

Festa, baina, 11:00etan hasiko da, haurren Korrika Ttikia eta karrikako animazioarekin (gaiteroak, erraldoiak...). Eguerdian, ezker paretan herri bazkaria antolatua dute urepeldarrek, ibarreko bertsolari eta kantariekin. Plazan bertan kantaldia ere egonen da, 16:40an Korrikaren ekitaldi nagusia hasi arte. Arestian esan bezala, handik gutxira, 17:00etan Korrikak Bankarako eta Baigorrirako bidea hartuko du.

Urepele oso herri txikia izanik, autobus antolatuetan joateko eskatu dute antolakuntzatik. Hainbat ohar eman dituzte garraioaren inguruan. Urepeleko bidea itxita izanen da 09:00etatik 18:00etara. Hori dela eta, aparkaleku bereziak prestatu dituzte: Alduden autoentzat eta Bankan autobusentzat. Urepelera igotzeko autobus joan-jinkariak egongo dira, 11:00etatik 18:00etara.

Euskarazko hedabideen saio bateratua, 15:45etik

Urepelera joan ezin denak, ordea, izango du aukera abiatze ekitaldia zuzenean ikusteko. "Korrikaren moduko ekitaldi baten garrantzia aintzat hartuta", elkarlanean ariko dira EITB, Kanaldude, Hamaika telebista, Ipar Euskal Herriko Hitza eta BERRIA, Euskal Irratiak, Kazeta.eus, Tokikomeko hedabideak eta Herria. Aitzin-saioa 15:45ean hasiko da eta BERRIAk zuzenean emango du.

15:45ean hasiko da aitzin saioa, eta 16:00etatik aurrera izango da emanaldi nagusia. Ilaski Serrano ETBkoa eta Pantxika Maitia Kanaldudekoa izango dira aurkezleak Urepeleko platoan, eta, horiez gain, beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira platotik kanpo, egun horretan Urepelen dagoen giroa telebistara eramateko.

Telebista saio hori ikusgai izango da ETB1 eta Hamaika telebista kateetan, Tokikom barruan diren tokian tokiko telebistetan, Euskal Irratietan eta Arrosa sarekoetan eta beste hedabideen webguneetan. "Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideok gure egin ditugu oinarri horiek", nabarmendu dute.

Hainbat elkarrizketa egingo dituzte saioan; besteak beste, Graxi Irigarai Korrikako tokiko antolatzaileari eta Miren Aire kantariari. 17:00etan abiatuko da Korrika, eta hasiera ekitaldia amaitu eta Korrika abiatzearekin batera amaituko da saioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide