"Behin baino gehiagotan galdu da lekukoa Korrikan"

Erredakzioa 2015ko mar. 12a, 09:14

ANE MORENO (Alesbes, 1965) 1989an igo zen lehengo aldiz Korrikaren furgonetara, eta orduz geroztik beste hiru aldiz aritu da ibilbide osoan zehar parte hartzaileei animoak ematen. 

Zer da zuretzat Korrika?

Korrika nik lotzen dut ilusioarekin, indarrarekin, pozarekin, gogoa elkarlanarekin... Burura etortzen zaizkidan ideia guztiak positiboak dira.

Animatzaile bezala ibili zara furgonetan hainbat edizioetan, ezta?

ANE MORENO (Alesbes, 1965) 1989an igo zen lehengo aldiz Korrikaren furgonetara, eta orduz geroztik beste bost aldiz aritu da ibilbide osoan zehar parte hartzaileei animoak ematen. 

Zer da zuretzat Korrika?

Korrika nik lotzen dut ilusioarekin, indarrarekin, pozarekin, gogoa elkarlanarekin... Burura etortzen zaizkidan ideia guztiak positiboak dira.

Animatzaile bezala ibili zara furgonetan hainbat edizioetan, ezta?

Izan dut ohorea, eta hitz hori erabili nahi dut; "ohorea", bizitzeko esperientzia parekaezina dela uste dudalako.1989an, seigarren Korrikan aritu nintzen lehen aldiz furgonetako animatzaile bezala, eta errepikatu egin nuen 10, 11 eta 12. edizioetan, guztira 4 korrikatan parte hartu dut honela. Azkenengoa 2001ean izan zen oker ez banago. Edizio hauetan modu honetan parte hartzea oso gauza handia izan da niretzat.

Lehenengo urte horietan nolakoa zen animatzaileen lana?

Egon naizen edizio guztietan, antzeko zereginak izan ditugu: gidatu behar da, denbora kontrolatu behar da kilometroetara ahal bezain garaiz iristeko, pankartarekin ere korrika egitera jaitsi behar zara eta gero igo... Baina batez ere animatu beharra dago, eta lekukoa nork daraman esan... Behin eta berriro gogoratu jendeari karrera erraldoi horren arrazoia zein den, zerk batzen gaituen, zein den mezua. Korrika ez baita folklore hutsa.

Eta hori funtsean ez da aldatu. Agian aldatu dira formak, baina ez sakoneko kontuak. Edizio guztietan egin beharreko lana berdina da, baina beste hainbat gauza bai, aldatu dira.

Bi furgoneta aritzen dira beti Korrikarekin. Bigarrenak txandak egiten dizkio lehenengoari hau gelditu behar denean: dela gasolioa hartzeko, norbaiten bila joateko...

Ni aritu izan naizenean bi taldetan banatzen ginen. Zortzi lagun geunden talde bakoitzean, eta 14 orduko txandak egiten genituen. Zoramena. Egunez hasten dituzu txandak, eta egunak aurrera joan ahala ordutegiak ere aldatzen doaz. Edozein ordutan eta tokitan lo egitea dagokizu, ahal denean jan, ezin denean hala nola... zoramena.

"Zortzi lagun geunden talde bakoitzean, eta 14 orduko txandak egiten genituen. Zoramena"

Edizioek aurrera egin ahala furgonetaren horniketa ere aldatzen joan da, eta orain prestatuagoak daude.

Hasierako edizio haietan sekulako arazoak izaten genituen autonomiarekin; generadore bat generaman, baina etengabe ibiltzen ginen kalkulatzen ea emango zigun gune populatuenak behar bezala igarotzeko, megafonia eta bestelako kontuak generadore horri esker zebiltzalako.

Teknologiak ere asko egin du aurrera urteotan. Garai hartan adibidez, ez genuen sakelakorik...

Hala da, zailtasunik handienak gure artean komunikatzeko genituen: izan furgoneten artean zein herrialdeko kotxeekin edo herrietan ibilbideak gidatu behar zituztenekin. Prentsari korrikaren berri emateko ere zailtasunak genituen. Prentsa ailegatzen zen auto batean eta martxan geundela guk egunaren berri ematen genien. Eurek biharamunerako lanak ere ematen zizkiguten: "honek eta honek parte hartuko du bihar, ea galdera batzuk erantzun ahal dizkizueten.." eta halakoak. Guk kazetari lana ere egiten genuen, koadernoan egunaren berri idatzi, argazkiak egin... Gogoratzen dut nire lehenengo edizioan "piloto suicida" deitzen genion bat zetorrela (benetan txoratuta zegoelako deitzen genuen horrela). Autoa gidatzen zuen berak, eta berarekin argazkilaria ekartzen zuen unean uneko argazkiak egitera. Horrek ere etxeko-lanak jartzen zizkigun: hau eta honen argazkia egin mesedez...

"Prentsa ailegatzen zen auto batean eta martxan geundela guk egunaren berri ematen genien"

Eguneroko borroka zen gure txanda amaitzean ea telefono kabina bat topatuko ote genuen, edo tabernak telefonoa izango ote zuen... Oso ezberdina zen guztia.

Denbora kontrolatzeko modua ere asko aldatu da edizioz edizio. Eta gutxi gutxika amarru txikiak ere ikasten joan ginen.

Herririk gabeko ibilbide luzeetan ere nolako zen korrikaren igarotzea?

Nik modu honetan bizi izan ditudan edizio guztietan ez du inoiz ere ez kilometro bakar bateko erreleboak huts egin. Harrigarria da baina hala da. Hori lekukoa eramateari begira, baina lekukoa laguntzen ere beti egon da jendea: izan zoro bi mendi punta batean edo ehunka lagun herrietan... Jende asko zegoenean lekukoa jagoten ibili behar izaten ginen, zenbaitetan bistatik galdu egiten genuelako. Hori ere furgonetakoen lana zen, lekukoa begi bistatik ez galtzea.

"Jende asko zegoenean lekukoa jagoten ibili behar izaten ginen, zenbaitetan bistatik galdu egiten genuelako"

Gertatu zaizue inoiz? Galdu da lekukoa inoiz?

Bai bai... behin baino gehiagotan gertatu da. Lekukoa hartu eta ibilbidetik desbideratu ez dakit zein erdiguneko kale gurutzatu nahi zutelako... edo amamaren batek etxeko leihotik korrika ikus zezan desbideratzea... Eta horrek atzerapenak ere ekartzen ditu, hori ongi kontrolatu beharra dago. Denbora, lekukoa... lekukoa bera ere irekitzen ez dela kontrolatu behar duzu, mezua galdu ez dadin noski.

Muga zeharkatzeak ere arazoak sortu ditu inoiz ez?

1989an egoera politikoa pil-pilean zegoen eta maiz izaten genituen polizia kontrolak. Nafarroara sartzen ginenean, Trebiñora... Beldurrez joaten ginen halakoetan, batez ere Lapurdira edo Behe Nafarroara sartu behar ginenean. Horrelakoetan beti beste bi furgoneta izaten genituen beste aldean, zer edo zer larria gertatuz gero "B plana" izan genezan.

"1989an egoera politikoa pil-pilean zegoen eta maiz izaten genituen polizia kontrolak"

Aurrerago furgonetan bertako lagunak igotzen ziren furgonetara, eta barre dexente egiten genuen euskararekin. Gogoratzen dut behin korrika ari zen jendeari hasi ginela esaten "kontuz pankartarekin, kontuz pankartarekin", baina jendeak ez zigun jaramon egiten, bertako batek esan zigun arte "kasu banderolari" esateko. Orduan bai, kasu egin ziguten (barreak). Eskerrak bertako laguntzaileak genituen gurekin mezuak hobe helarazten laguntzeko.

Bizipen eta bitxikeri ugari gertatuko zitzaizkizuen, ezta?

Mila eta bat gehiago, bai. Furgonetekin txandaka ari ginenean adibidez, guk erreleboa eman behar genion Korrikarekin zen furgonetari. Gasolindegi batean geunden zain, eta bat batean atea ireki eta guardia zibilaren sargentu bat topatu genuen parez-pare, bere galoi guztiak paparrean eta barrura sartu zen. Uf, gu oso urduri jarri ginen, besteak gure zain baitzeuden, gasoliorik gabe... eta gasoliorik gabe ezin zuen aurrera jarraitu. Ba hara non sargentuak esaten digun: "Aizue, zenbat falta da Korrikarako?". Harrituta esan genion aurreratu ginela baina laster batean zetorrela. Kontua zen haren alaba bertako eskola bateko ikaslea zela, eta galdetzeko moduagatik ez zuen jakingo Korrika zer zen, kirol proba bat zela usteko zuen agian... Ez zigun kontrola egin nahi, bere alaba ikusi nahi zuen bertan parte hartzen (barreak).

Aizue, zenbat falta da Korrikarako?' galdetu zigun Guardia Zibil sargentuak

Mila bizipen bai. Behin gertatu zitzaigun Iruñean, Korrika galdu egin genuela zegoen jendetzagatik. Sakelakorik ez genuen eta walkie-talkiekin aritzen ginen, baina tarte handiegia egon ezkero galdu egiten genuen komunikazioa. Eta jendeari Korrika non zen galdetzen genionean uste zuten euretaz trufa egiten geundela. Herri barruetan maiz gertatzen zitzaigun hori.

Azkenik, aurtengo Korrikaren leloa “Euskahaldun” da, zer esan nahi du zuretzat euskahaldun izateak?

Ez dakit zergatik euskaltegietako garaiak datozkit burura: "ahal eta izan, eta nahi eta izan, eta ezin..." Burukomin dexente zituzten ikasleek aditzak nola jokatu behar ziren jakiteko. Nik uste AEK-k bete betean asmatu duela aurtengo leloarekin, "ahal" eta "nahi" berdin jokatzen baitira. Eta nahi izan ezkero, ahal dugu, neurri handi batean behintzat bai. Nik uste dut norberak baduela bere eskuetan sekulako indarra, eta ez gara konturatzen detaile txikiak direla ematen badu ere, euskaraz egiten dugun bakoitzean, horrek duen proiekzioa biderkatu egiten dela. Olatu bat da. Horixe datorkit burura "euskahaldun" entzutean, norberaren boterearen indarra.

Aurtengo korrikan ere parte hartuko duzu? Zer nola emozioak sortzen dizkizu Korrika hurbiltzeak?

Berdin zait zein ordutan pasako den, beti parte hartu izan dut eta aurten ere han izango naiz, den ordua dela ere. Lehenago parrandatxo plana egiten genuen esna mantentzeko, baina azkeneko edizioan adibidez ohetik altxatu nintzen, gaua luzatu gabe, goiz-goiz altxatuta.

"Zirraraz parte hartuko dut Korrikan, beti bezala"

Eta beti bezala, zirraraz parte hartuko dut, Gogora ekarriko dut behin Nafarroa erdialdean bigarren furgonetaren zain geundela nola gixontxo batek galdetu zigun; "¿Pero ese palico que es?". Gure artean barre egin genuen, baina egia da, lekukoa "un palico" da, makiltxo bat ez besterik, baina izugarrizko indarra du. Eskuetan hartu eta ematen dizun emozioa neurtezina da. Horregatik hartuko dut parte aurten ere Korrikan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide