ERREPORTAJEA: Zinema-aretoen urrezko aroa, iraganaren parte

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ots. 28a, 10:07

1916koak dira Aiaraldean zinema-aretoei buruz dauden erreferentziarik zaharrenak. Baina eskualdeko zinema areto gehienak 40-50. hamarkaden artean ireki ziren. 1960-1970 urteen artean 10 zinema-areto egotera iritsi ziren Aiaraldean. Frankismoak proiektatzen ziren filmeen kontrol zorrotza egiten zuen, baina horregatik zinemak ez zion herritarren aisialdiaren parte garrantzitsu izateari utzi. Ordutik gaur egun arte, baina, zinema-aretoen erabateko murrizketa eman da eskualdean. 

1916koak dira Aiaraldean zinema-aretoei buruz dauden erreferentziarik zaharrenak. Baina eskualdeko zinema areto gehienak 40-50. hamarkaden artean ireki ziren. 1960-1970 urteen artean 10 zinema-areto egotera iritsi ziren Aiaraldean. Frankismoak proiektatzen ziren filmeen kontrol zorrotza egiten zuen, baina horregatik zinemak ez zion herritarren aisialdiaren parte garrantzitsu izateari utzi. Ordutik gaur egun arte, baina, zinema-aretoen erabateko murrizketa eman da eskualdean. 

Aiaraldeak gaur egungoak baino garai hobeak ezagutu ditu zineari dagokionez. 60 eta 70. hamarkadak izan ziren oparoenak. Garai hartan pelikulak ikusteko hamar areto egotera iritsi zen eskualdea: lau Laudion, bi Amurrion, eta bana Urduñan, Artziniegan, Orozkon eta Luiaondon.

Urduñakoak dira erreferentziarik zaharrenak. 1916 eta 1917an zinema proiektatzeko baimenak tramitatu ziren udalean, baina ez dago baimen horiek udalaren partetik erantzunik jaso zuten dioen dokumenturik. Hala adierazi du Kepa de Egiluz Isusik ADRAtan elkartearentzako egindako ikerketa batean. Bertan, Egiluzek Donibane kalean “Zine zaharra” kokatua zegoenaren ustea dagoela azaltzen du, baina ez dago areto horren inguruko informaziorik.

1942an, berriz, “Cinema Orduña” aretoa ireki zen, 299 eserlekurekin. Urtero 120 filma inguru proiektatzen ziren areto horretan. 1965an, baina, aretoaren jabeek zinema berri bat eraikitzea erabaki zuten, 499 eserlekukoa.

Amurrion, berriz, bi areto zeuden: Katekesikoa eta LAVIRE zinema (Lafuente, Villanueva eta Respaldiza bazkideen artean irekitako aretoa).
Urte horietarako, ordea, lau ziren Laudion funtzionatzen zebiltzan aretoak, Amalur fundazioak eginiko ikerketaren arabera: Cine Llodio (1942an Edurne zuri eta zazpi ipotxak filmaren proiekzioarekin inauguratutakoa), Avenida (1962), El castillo (1962) eta La Sallekoa (fraileek kudeatutakoa). Bestelako ekintzetarako ere erabiltzen ziren areto horiek. El castillo zineman, adibidez, ospe handia hartu zuen Villosa lantegiak antolatutako umeentzako marrazki lehiaketak.

Frankismoaren guraizeak
Eliza zen, hain zuzen ere, Artziniega, Luiaondo eta Orozkoko zinemak kontrolatzen zituena. Artziniegakoa parrokoaren ekimenez sortu zen, eta parrokoa bera zen guraizeak hartu eta egokiak iruditzen ez zaizkion filma zatiak mozten zituena. Hala oroitu du zinemara joateko ohitura zeukan Jose Luis Fernandez Zurbituk; “Zinema zen, jaiekin batera, herrian funtzio sozial garrantzitsuena betetzen zuena”.

Orozkon, berriz, apaiza arduratzen zen irudi “ez-egokiak” iristen zirenean proiektorearen aurrean kartoi zati bat jartzeaz; “jendearen haserrea eragiten zuen horrek”, oroitu du bertan proiekzio arduradun moduan lan egindako Jose Duartek. Hala ere, Duartek azpimarratu du gaur egun ere zentsura dagoela, “beste mota batekoa da, baina gogorragoa”.

60-70. hamarkaden artean izan zen zinema-aretoen loraldia; Aiaraldean hamar areto egotera iritsi zen. 2004rako, baina, denak zeuden itxita. El Castillo
zinema izan zen azkena.

Gainontzeko herriek ere ezin izan zuten zentsura frankista ekidin. Zentsurari “loteen legea” erantsi zioten. Zinemek ezin zituzten pelikulak banan-bana alokatu, multzotan eskuratu behar zituzten, eta atzerriko filma bakoitzeko hiru pelikula espainiar proiektatu behar ziren, Egiluzen hitzetan.
Frankismoaren azken urteetan, baina, bestelako filmak ikusi ahal izan ziren eskualdeko aretoetan. “Destapea” bezala ezagututako mugimenduari loturiko pelikula erotikoez gain, zinema politikoa ere garrantzia hartzen hasi zen.

Frankismotik begi onez ikusten ez ziren pelikulak proiektatzerako orduan ekarpen garrantzitsua egin zuten zine-klubek. Laudioko lehen zine-kluba 1963an jarri zen martxan, eta 200 bazkide izatera iritsi zen, Amalur Fundazioaren arabera.

Amurrion, berriz, 1979ra arte itxaron behar izan zen. Orduan sortu zen Ikuska zine-kluba, bederatzi urte inguruko ibilbidea izan zuena.

Aretoen itxiera
Frankismoaren ostean, baina, nabarmen egin zuen behera zinera zioan jendearen kopuruak. Gauzak hala, aretoak ixten hasi ziren.
Artziniegakoa eta Orozkokoa izan ziren ixten lehenak. “Parrokoak alde egitean gazte batzuen artean zinemari eusten saiatu ginen baina azkenean itxi egin behar izan genuen”, adierazi du Artziniegako Jose Luis Fernandez Zurbituk. Eskualdeko gainontzeko lekuetan graduala izan zen itxiera: Urduñakoa izan zen lehena (1985), Amurrioko Lavide bigarrena (1992) eta Laudioko Avenida hirugarrena (1998). El Castillo zinema izan zen gehien iraun zuena, baina 2003an hurak ere bere ateak itxi zituen.

Herriko apaizak ziren askotan filme zatiak mozteaz arduratzen zirenak.

Zine-klubek ere funtzio garrantzitsua bete zuten zinearen zabalpenean. Amurrion zein Laudion egon ziren.

Gaur egungo egoera
Gaur egun, bi dira Aiaraldean zinemaz gozatzeko dauden lekuak: Laudioko Udal Lanbide Heziketa Ikastetxeko aretoa (Laudio Top Zinema programaren bidez) eta Amurrioko Antzokia. Zein da, ordea, areto horien eta lehen zeudenen arteko ezberdintasuna? Oraingoak Udalen ekimen eta diru-laguntzen bidez atera direla aurrera, lehen zeudenak ekimen pribatuak ziren bitartean.

“Lehen Laudion hiru zine-areto egoteko baldintza ekonomikoak zeuden”, azaldu du gaur egun Laudio Top Zinema programaz arduratzen den Jose Duartek, “baina gaur egun ez da bideragarria”. Kultur ekintzei ezartzen zaien presio fiskala da Duarterentzat bideragarritasun falta horren arrazoi nagusia, “hemen %21eko zerga dago, Japonen, adibidez, %5koa den bitartean”.

Beste arrazoi batzuk ere badira. Zinema ikusteko bestelako formatuen ugaritzea eta Bilbo zein Gasteizen “multi-aretoak” eraikitzeak ere izan du eragina, Kepa Sojo zinemagile laudioarraren esanetan, “zortzi pelikulen artean aukeratu ahal duzu areto horietan, herrietako zinemetako eskaintza txikiagoa da”. Horretaz gain, estreinaldi batzuen esklusiba monopolioek izan ohi dutela gaineratu du Sojok.

Frankismoaren ostean nabarmen egin zuen behera zinemara zihoan jende kopuruak. 2003an itxi zituen bere ateak azken aretoak.  

Tresneriaren garestitzea
Patxi Urkijo zinemagile laudioarrak, bere aldetik, zinea proiektatzeko tresneriaren prezioaren igoera ere aipatu du: “1980an 35 milimetroko formatuan zegoen filma bat alokatzeak 25-30 mila pezeta balio zuen. 1990tik aurrera, baina, hirukoiztu egin zen prezioa”. Bestalde, banatzaileek ekipo zaharrak gailu berriago batzuengatik ordezkatzera derrigortu zituztela azaldu du Urkijok eta gaineratu du aintzinako areto asko ez zeudela gaur egungo larrialdi planetara egokituak, eta egokitze-lan horiek diru asko inbertitzea zekartela(2). “Hori izan zen Laudioko Avenida eta El Castillo zinemei, adibidez, gertatu zitzaiena”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide