"Eskualdeko jauretxeen laurdena galdu da"

Erredakzioa 2015ko ots. 16a, 13:56

DANI LUENGAS (Urduña, 1986) arkitektoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden jauretxeak ikertzen dago. Bere asmoa da eraikin horien babeserako arauak garatzea. Aiaraldeko dorretxe eta jauregien inguruan ere mintzatu da.

Zein da egiten ari zaren lana?

DANI LUENGAS (Urduña) arkitektoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden jauretxeak ikertzen dago. Bere asmoa da eraikin horien babeserako arauak garatzea. Aiaraldeko dorretxe eta jauregien inguruan ere mintzatu da.

Zein da egiten ari zaren lana?

Behe erdi aroko jauretxeak ikertzen, haien eraikuntza sistema hain zuzen. Dorretxe militarrek jauregi moderno bihurtzeko izan duten bilakaera. Eraldaketa hori ikertzen dut. Nola defentsarako egindako eraikin batzuk bizitzarako jauregiak izatera heldu ziren.

Nire hipotesia da bi erakin mota horiek eraikuntza-enborreko eraikuntza-sistema beretik sortu zirela. Hori igartzen da batzuetatik bestera.

Adibidez, dorretxeek 18 metroko altuera izan ohi zuten eta, apurka-apurka, leinu gerrak bukatu ahala eta guda egoera bukatu ahala, eraikin horiek jauregi bilakatu ziren.

Jauregi berriak egiten hasi zirenean dorretxe itxura ematen hasi zitzaien. Horregatik gaur egun hainbat jauregi daude dorretxe gisa katalogaturik.

Esparru horretan legeak ezartzen ari naiz. Inbentarioa osatzen nabil eraikinak sailkatuz eta banatuz. Sailkapen horrekin katalogazio eta babes eredua garatu nahi dut.

Egun egiten diren esku-hartze gehienek ez dute aintzat hartzen eraikuntzen historia. Hau da, ez dakite zein den elementuen garrantzia.

Horregatik, arkitektoek eta eragileek -aparejadoreek edo jabeek- ez dute kontuan hartzen historia edo asmatu egiten dute. Eta hori dela eta ondarea diren elementu asko galtzen dira.

 

Eta horri aurre egiteko zer egin nahi duzu?

Horren harira, lehenik eta behin, Euskal Autonomi Erkidegoan dauden eraikin guztiak ikusi eta bere ezaugarriak sailkatu nahi ditut. Horrekin fitxak edo eredu informatiboa argitaratzea gustatuko litzaidake eragileek eraikinetan esku-hartzea egin behar dutenean fitxa horiek bete ditzaten, historia jasotzeko. Horrela zehaztu ahal izateko dorretxea jauregia izatera pasa zen edo jauregia erantsi ote zitzaion. Lan hori erraztu nahi dut.

Nire ustez arkitektoek eta jabeek eraikinaren historia ezagutuz gero, horren araberako esku-hartzea egingo dute.

Jakin behar dugu eraikin hori nolakoa den eta zergatik den horrelakoa eta zein diren bere osagai arkitektoniko garrantzitsuenak. Hori jakinda jendeak behar den esku-hartze eredua egingo du.

Jendea ez da inozoa eta gauzak ondo egin nahi ditu. Horretarako beharrezkoa da inbentarioa, arau batzuk garatu, fitxak egin eta hurrengo belaunaldiei lan on bat uztea euren lana ere errazteko eta eraikinen historiaren irakurketan laguntzeko.

Babesa da horren helburua, ezta?

Bai, nik EHUn masterra egin nuen eta lana egin nuen Segurako Gebara Jauregiaren inguruan. Eta ikertzerakoan ikusi nuen bere inguruan zeuden hainbat eraikin desagertu zirela. Azken urteetan hainbat jauretxe desagertu dira. Susmo hori neukan, arriskuan dagoen ondarea denaren susmoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan 330 jauretxe baino gehiago desagertu dira, XX. mendeko erdialdetik aurrera. Aiara, Laudio, Urduña, Okondo eta Artziniegan 19 eraikin desagertu dira azken urte hauetan. Zutik 64 mantentzen dira. Laurden bat desagertu da azken 60 urteetan. Jauretxe asko dituen eskualdea da hau.

Non kokatzen ziren eraikin hauek?

Normalean ibaien ertzeetan egiten ziren; zubien ondoan, burdinolen eta erroten alboan... Egun, leku horietan industriak eta abar jarri dira. Ondorioz, hiriak garatu zirenean bota egin zituzten. Araban, hegoaldean eta erdialdeko eskualdetan utzikeriaren ondorioz ere bota dituzte. Bestalde, esku-hartze berriek askotan eraikinen morfologia eraldatu eta indargabetu dute.

Hiru kasu horiek eman dira. Laudion, adibidez, horrelako 5 eraikin desagertu dira eta 4 eraikinen ordez etxebizitzak egin dira. Hirien hazkundeak dorretxeak jan ditu. Orozkon jauretxe ugari daude. Tamalez duela gutxi baserri oso polit bat erori da Ibarran.

Jauregien aldetik goraipatuko nuke ezezagun bat, Olaberria baserria deitzen dena. Orozko eta Baranbio artean dago.

Aranguren dorrea ere aipatuko nuke. Jauregia da egia esanda. Dorrearen hormak mehea dira eta horrek esan nahi du ez zela inoiz defentsarako eraikina izan. Lehen solairua oso baxua da, eskailerak oso apaingarriak dira...

Dorretxeen sarrerak lehenengo solairuan kokatzen ziren, ez behekoan, erasoak zailtzeko. Lurretik 5 edo 6 metrotara, eraso zuzenak eragozteko.

Duela gutxi Legizamondarren dorrea ere eraberritu da. Jauregi bat dauka erantsita eta horma bat adreilu edo adobezkoa zen. Egun egitura modernoa ezarri diote itxura zaharra emateko baina ez du inoiz horrelako antzik izan. Esan dezakegu bere jatorrizko itxura aldatu dutela. Ez dut esan nahi txarto egin dutenik baina bere historia jakin izanez gero agian kontserbatu edo mantenduko lukete.

Orozkon ere badago Anuntzibaiko dorrea. Nahiz eta jende askok pentsatzen duen Anuntzibaiko dorrea egungo jauregiaren lekuan zegoela, ez zen horrela. Bere jatorrizko kokapena zubiaren beste aldean zegon. Errekak egiten duen bihurgunean.

Badaude argazkiak eta harriren bat ere zutik mantentzen da. Egitura horrekin baserria egin zuten. Jauregi berriak ez ditu urte asko, bi mende baino gutxiago izango ditu.

Eraikinen ezaugarriak aldatuz doaz eskualde batetik bestera?

Jauretxe hitzaren barruan jauregiak eta dorretxeak sartzen dira.

Dorretxeak, gutxi geratu arren, aldatzen dira. Alde batetik Gipuzkoa eta Bizkaikoak daude eta bestetik Arabakoak.

Lekuek asko baldintzatzen dituzte. Bizkaia eta Gipuzkoako aranak oso estuak dira eta dorreak eta harresiak modu zehatz batean egin behar ziren.

Araban, berriz, zabalera handiko lurraldeak kontrolatzeko eraiki zituzten. Oso gauza puntualak dira, hala ere.

Jauregitan, aldiz, gauzak asko aldatzen dira. Koartango eta Gasteizko mendebaldean gorputz horizontalak dituzten jauregiak daude. Dorretxeen antzerako eraikinak egin zituzten, gorputz bertikal eta horizontal banaz osatutakoak.

Gipuzkoan, ordea, jauregiek baserri itxura daukate eta horrela katalogatuak daude askotan. Nahiz eta baserriak baino 100 urte gehiago izan. Beraz, katalogazio data ere txarto dago batzuetan.

Aiaraldean eta Enkarterritan ere jauregiek dorretxe itxura daukate. Dorrejauregiak ere deitu izan dituzte: oin karratuko eraikinak, bertikalak eta bi atekoak. Delikan horrelako 3 edo 4 daude. Urduñan, Belandia, Lendoño eta Mendeikan beste bi daude. Artziniegan ere ematen dira. Jauregi-dorretxe horiek hala ere ez dute inoiz helburu militarrik izan, ondo bizitzeko eginda zeuden soilik.

Egindako lanaren bitartez zeintzuk dira ateratako ondorioak?

Ezaugarri batzuk topatu ditut eta ikusi dut dorretxe deitzen diogula dorretxea ez denari. Eta kontrakoa, jauregi deitzen diogu dorretxe ezaugarriak dituenari askotan. Egungo baserrietan zenbait aztarna geratzen dira eta ez daude babestuta. Ondare hori babestu egin behar da.

Nolabaiteko eraldaketa izan zuten eraikinek erdi aroan. Harreman zuzena dago Leinuen gerren bukaeren eta eraldaketa horien artean. Dorretxeak eta jauregiak modu berean egiten ziren nahiz eta ezaugarri ezberdinak izan.

Orain eraikin zehatz batzuk ikertuko ditut sakonean eta 2015ean inbentarioa plazaratuko dut jendeak jakin dezan zer dagoen. 2017an, berriz, katalogazio eredua argitaratu nahi dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide