“Lan-erreforman sakontzea eta fiskalitatea murriztea eskatzen dute enpresek”

Erredakzioa 2015ko ots. 27a, 11:10

AITOR OTAOLA (Gasteiz, 1968) SEA-ko Zuzendari-Laguntzailea da. Arabako zein Aiaraldeko enpresen egoera aztertu du, SEAren ustez berreskurapen ekonomikoa gauzatzeko eman behar diren pausuak zehazteko.

AITOR OTAOLA (Gasteiz, 1968) SEA-ko Zuzendari-Laguntzailea da. Arabako zein Aiaraldeko enpresen egoera aztertu du, SEAren ustez berreskurapen ekonomikoa gauzatzeko eman behar diren pausuak zehazteko.

Aiaraldeko enpresa handienek (Tubos Reunidosek, Vidralak eta Tubacexek) 315 milioi euro baino gehiago irabazi dituzte azken bost urteetan. Krisian al dago enpresa mundua?
Merkatua nola doan begiratu behar dugu, eskabide-zorroa eta salmentak nola doazen. Merkatuaren egoerari dagokionez, 2014ko itxierarako bete egin ziren urte erdirako egin genituen aurreikuspenak.

Eskabide zorroa (enpresa batek egiteke dituen eskaeren kopurua neurtzen duen parametroa) nola dagoen aztertuz gero, berriz, azaroan eskabide zorroen egoera hobetu egin dela ondoriozta dezakegu.

Enpresen %40ak normaltasunean darama eskabide-zorroa, nahiz eta enpresa batzuetan gorantz doan.

Sektoreak bereiztea beharrezkoa da. Eraikuntzaren eta egurraren sektoreak dira kokapen okerrena dutenak. Metalgintzan datu askoz hobeak dituzte eskabide-zorroetan.

Bestetik, salmentak atzerrira egiten dituzten enpresen datuak askoz hobeak dira merkatua Espainian soilik dutenekin alderatuta. Zuk aipatu dituzun enpresek atzerrian dute merkatua, eta azkenaldian asko hobetu dituzte euren emaitzak.

“Salmentak atzerrira egiten dituzten enpresen datuak merkatutzat Espainia soilik dutenenak baino hobeak dira”

EAE mailan %0.96 jaitsi zen langabezia iaz. Aiaraldean, baina, %2.2 igo. Berreskurapen ekonomikoaren atarian gaude?

Guk inkesta nahiko luze bat egin dugu, hainbat adierazle daude hori aztertzeko. Inkesta horren arabera, gauzak hobetzen ari dira apurka-apurka, baina enpleguari dagokionez ez dugu uste 2015ko lehen sei hilabeteetan alderantzizko joerarik emango denik.

Eskualdean enpresen deslokalizazioaren afera pil-pilean dago. Gometegui edo Tubos Reunidosen kasuak daude. Enpresek Aiaraldetik alde egiteko arriskua dago? Ekidin daiteke?
Guk ez dugu horri buruzko txosten zehatzik egiten. Baina badakigu zeintzuk diren Aiaraldeko enpresak gehien kezkatzen dituzten gaiak. SEAtik kalkulatzen dugun beste indikadore batek Arabako eta Aiaraldeko enpresek administrazioei eskatzen dietena zehazten dute: lehen eskaera enpresen fiskalitatearen murrizketa da (enpresen %68ak eskatzen du). Bigarrena lan erreforman sakontzea da (%42aren eskariz), eta hirugarrena gastu publikoaren murrizketa eta defizita mugatzea (%40) . Horiek dira hiru eskaera garrantzitsuenak.

Zeintzuk dira beraz, SEAren aburuz, tokiko berreskurapen ekonomikora bidean eman beharrezko pausoak?
Egin behar duguna, batez ere, kontsumoa haztea da, Barne Produktu Gordina igotzea. Hori igotzen denean salmentak handitu egingo dira eta enpleguak gora egingo du. Hori argi dago.

Enplegua sortzeko BPGak datu positiboak izan behar ditu. Bestela oso-oso zaila da lana sortzea.

Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan (I+G+B) ere inbertitu beharra dagoela diote adituek. Aiaraldean %0.86 inbertitzen da, EAE mailako bataz-bestekoa %1.9koa den bitartean. Enpresariek ez lukete horretan indar gehiago egin beharko?

SEAn badugu berrikuntza zerbitzu bat. Hortik Arabako enpresariei (Aiaraldekoei ere) laguntzen diegu. Badira I+G+Brik egiten ez dutela uste duten enpresariak, baina egiten dute. Gugana enpresa ertain eta txikiak etorri ohi dira beraiek egiten dutena I+G+B den edo ez jakiteko. Egiten dutena ikustera joaten garenean I+G+B aldetik oso gauza interesgarriak egiten dituztela konturatzen gara.

“Eraikuntzaren eta egurraren sektoreak dira kokapen okerrena dutenak. Metal arlokoak, berriz, datu askoz hobeak dituzte”

Baina estatistikek diote enpresa ertainak direla krisiaren ondorioz gehien desagertu direnak.

Horrekin erlazionatutako datu zehatzik ez daukagu. Merkatuan konpetentzia oso handia izan da azken urteetan, produktuari balio erantsia eman behar zaio.

Baina merkatua horren lehiakorra bada, ez litzateke enpresa txikien mesedera erregulatu beharko?
Halakoak kontu handiarekin egin behar dira, konpetentzia askea urratu dezakezulako. Instituzioek programa batzuk jarri ditzakete martxan, baina programa horiek konpetentziaren legea bete behar dute. Europa mailan oso zorrotz begiztatzen dute ea lege hori betetzen den.

Zerbitzuen mesedetan industriak pisua galdu du hemen. Ez dago beste aukerarik?
Dibertsifikazioa beharrezkoa da. Egia da zerbitzuen alorrak igoera handia izan duela. Baina industriak oso pisu handia izan du, eta sektore hori ere bultzatu beharra dago gobernutik programak abian jarriz, enpresen aldetik I+G+Bko prozedurak egiten... denok egin behar dugu bultza Aiaran industriak gora egin dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide