FEAFES-en –Espainiako Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Familiarren Elkarteen Konfederazioa– kide diren Autonomi Erkidego ezberdinetako (EAE, Nafarroa, Valentzia, Extremadura, Madril, Gaztela eta Leon, Murtzia, Katalunia, Kantabria, Aragoi, Asturias eta Balearrak) 21 erakundeek buruko osasunari buruzko programa martxan jarriko dute. Ekimena “#Descubre. No bloquees tu salud mental” lelopean, gazteak sentsibilizatu eta informatu nahi ditu.
Testuinguru hezitzaile batetik abiatuta menpekotasunak eta buruko osasunaren arazoak saihestea du ekimenak helburu. Horretarako, profesionalak eta buruko gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonak heziketa zentroetara joango dira ikasle, irakasle eta gurasoei saio informatiboak ematera.
Ekimen hau buruko osasuna haurtzaro eta gaztetasunean hezitzearen beharragatik sortzen da eta buru-nahasmenak garaiz antzematea da erakutsi nahi dutena, material didaktiko eta gaiari buruzko pausu ezberdinak azaltzen.
Aiaraldearen kasuan, ASASAM-eko –Aiarako Buruko Gaixotasuna duten Pertsona eta Familiarren Elkartea– profesional eta pertsonak izango dira programaren bilerak gidatuko dituztenak, izan ere ASASAM FEAFES-en barnean dauden elkarteen artean dago eta saio informatiboak zonaldeko bigarren hezkuntzako heziketa zentroetan izango dira.