"Lanpostuak berreskuratuko dira, baina ez jende guztiari lana emateko moduan"

Erredakzioa 2015ko ots. 2a, 11:12

JEZ enpresako gerentea da URTZA ERRAZTI. Aiaraldeko lantegien egoeraren inguruan mintzatu gara berarekin.

Krisia hasi zenetik hona, bilakaera handia egon da Aiaraldeko industrian?

JEZ enpresako gerentea da URTZA ERRAZTI. Aiaraldeko lantegien egoeraren inguruan mintzatu gara berarekin.

Krisia hasi zenetik hona, bilakaera handia egon da Aiaraldeko industrian?

Enpresa guztiek sufritu dute krisia Aiaraldean, baina ez guztiak momentu berean eta ezta guztiak intentsitate berarekin. Egon dira metalaren sektoreko enpresa batzuk (Vicalde, esaterako) krisi aurretik ere oso ondo ez zebiltzanak eta krisia iristean desagertu egin direnak. Baina Aiaraldeko enpresa gehienak agoantatu egin dute, galera gehiago edo gutxiagorekin.

JEZ­en kasuan, adibidez, arazo asko izan ditugu. Enplegua Erregulatzeko Espedientearekin egon gara denbora pilo bat, soldatei loturiko benefizio batzuen murrizketa bat ere izan genuen... baina agoantatu dugu, eta bagoaz krisitik ateratzen. Ia bi urte igaro ditugu EEE gehiagorik egin.

Inguruko beste enpresa batzuk ere atera dira krisitik, Tubacex kasu. Beno, Tubacexek orain seguru asko beste krisi bat izango du, petrolioaren jaitsiera dela eta; nahiko menpekoak baitira petrolioaren industriarekiko.

Baina enpresa txiki asko eraman ditu krisiak, aurrera ateratzeko baliabide gutxiago zituztelako, diru gutxiago. Denok dakigu banketxeek jada ez dutela krediturik ematen. Gainera, enpresa horietako asko merkatu gabe geratu dira: Enpresa nagusienek enpresa txikiagoak kontratatzen zituzten hainbat zerbitzu eskaintzeko (Scoop elektrizitatearen kasuan, adibidez). Krisia iristean, baina, enpresa handiek euren langileria baliatu dute enpresa txiki horiek egiten zutena egiteko. Hala, enpresa­auxiliar asko erori dira Aiaraldean.

"Enpresa txiki asko merkaturik gabe geratu dira"

Gauzak hala, berreskurapen ekonomikoa hasi dela esan daiteke?

Badirudi berreskurapen ekonomikoa hasi egin dela industria­mailan, baina industria batzuetan bakarrik. Eta oso astiro hasi da. Enpresa gehienak ez daude zenbaki beltzetan, zenbaki gorritan daude oraindik, baina jasan ahal dituzten parametroetan. Baina bidean galdu dira enpresa nahiko, ez bat edo bi soilik.

Aiaraldeko industria desegiten ari dela esaten dute batzuek. Egia da hori?

Desegitea egon da. Aiaraldeko enpresa industrial gehienek bazuten ohikoa baino %10-­20 langile gehiago. Krisiaren aurreko urteetan produkzioa oso handia zen. Krisia eman zen momentuan zegoen lana oso altua zen, ez zen estandarra, ez zen normalean ematen dena. Krisia iritsita, lan hori guztia galdu egin zen, eta langileen %20 hori langabezira joan zen. Eta itxi diren enpresetan langile guztiak joan dira kalera. Orain errekuperazioa dago, oso errekuperazio handia ez den arren. Badago lana, baina ez %20 hori berriz kontratatzeko bezainbeste.

Nire ustea da datorren urtean lortuko dugula Aiaraldean geratzen den industria berreskuratzea, baina ez 2007-­2008an zegoen mailan, 2003-­2004 urteetan zegoen mailan baizik, “boom­a” baino lehenagoko egoerara. JEZ­en kasua jarriko dut adibide gisa. Enpresa hau 100-­120 langilekoa izan da. Egon zen momentu bat (2003­-2006) zeinetan 250 egotera iritsi ziren. Orain 180 gaude. Gehiago igoko da? Ez. 250 langileko garaia oso momentu altua izan zen, eta ez dut uste berriro gertatuko denik.

"Nire ustea da datorren urtean lortuko dugula Aiaraldean geratzen den industria berreskuratzea, baina ez 2007-­2008an zegoen mailan"

Beraz, lana Aiaraldean errekuperatuko da? Nik dudak ditut. Berreskuratuko da, bai, baina ez jende guztiari lana emateko moduan.

Ezin dugu ahaztu enpresa handiak, 40 langile baino gehiago dituztenak. Asko galdu dira. Geratu direnek jarraituko dute baina hori ez da itzuliko aurreko mailara.

Kontsumo eta zerbitzua jaitsi da jendeak ez duelako diru nahikorik eta hori nire ustez luzerako doa. 2008An zegoen gastatzeko gaitasuna ez da berriro egongo. Hemen itxi dituzte adibidez altzari denda ugari. Horiek ez dira berreskuratuko jendeak ez duelako hain modu arinean gastatuko. Eta mesfidantza handia sortu da bankuen eta maileguen inguruan, arrazoi osoz. Nahiz eta maileguak eman ez dakit nik jendeak onartuko dituen. Bistakoa da zer gertatzen den horri aurre egiteko dirurik ez baduzu; ez dute epea luzatzen, ez dute erraztasunik ematen eta kalean eta etxe gabe arriskuan geratzen da jendea.

Sortutako mesfidantza ez da egun batetik bestera berreskuratuko. Aiaraldeko ekonomia denda eta zerbitzuetan berreskuratzea zaila izango da.

Zenbait enpresek leporatu diote sindikatuei hemen ekoiztea garestia dela, horregatik joan edo desagertu dira enpresak?

Eman den desartikulatze industriala krisiagatik izan da. Ez da izan horregatik. Horrek ez du esan nahi hori gertatu ez denik edo gertatuko ez denik. Etorkizunean hori ere gerta liteke.

Aiaraldeak badauka abantaila handi bat. Nerbioi inguruko beste eskualdeak bezala, Ezkerraldea bezala, badauzka langile prestatuak eta ira genetikoa den gauza bat, hemen badakigula zer den altzairua eta industria. Erraza da aiaraldear bat lantegitan trebatzea. Askoz zailagoa da beste leku batzuetan.

"Erraza da aiaraldear bat lantegitan trebatzea. Askoz zailagoa da beste leku batzuetan. Abantaila handia da hori"

Desabantaila ez da hainbeste kostua edo soldatak. Niretzat okerrena da horren inguruan dauden hainbat gauza. Alde batetik absentismoa. Hemen normala da. Beste leku batzuetan baino normalagoa. Esate baterako, absentismoa hemen % 15etik gora dago eta beste lurralde batzuetan % 5ean edo % 6an.

Ez dut balorazio moralik egiten baina hemen normala da, denok dakigunez, ezkontza edo horrelakoren bat izatea eta egun batzuk libre hartu ordez, baja hartzea. Eta hori normala izan da.

Hori da Aiaraldeak, eta Goi Nerbioiak oro har, daukan arazo bat. Absentismoa oso altua dela.

Eskualdeak daukan beste arazo bat da harreman laboralak ez direla errazak. Sindikatuak hemen askoz politizatuagoak daude eta askotan sufritu izan dugu lantegietan ez gure arazoak baizik eta beste batzuen arazoak. Hemen izan ditugu grebak ez gure lantegiak txarto zeudelako baizik eta elkartasun moduan. Hori gertatzen da Aiaran eta Goi Nerbioian baina oso leku gutxietan. Ez Euskal Herrian ez Euskal Herritik kanpo. EAEn antzerako egoera ematen da, Arabako Lautadan ezik, eta Nafarroan askoz gutxiago ematen da.

Eta ezberdintasuna handiagoa da Ipa Euskal Herriarekin alderatzen badugu. Guk Iparralden lantegia daukagu eta harremanak askoz hobeagoak dira han eta absentismoa askoz txikiagoa da. Baina bestalde, askoz zailagoa da horiek trebatzea hemengoak trebatzea baino.

Azken finean, artzaina izan dena belaunaldiz belaunaldi galdategia sartzea ez da gauza bera. Hemen langilearen aita edo osaba edo industrian aritu da. Industria ez gauza arrotza guretzat eta lanbide heziketa lantzen duten ikastetxeak daude eta abar. Oso ondo prestatuta dago Aiaraldea, balio horiek ditu eta hori baliatzea lortuko balitz ziurrenik inbertsio gehiago egongo lirateke.

Gertatzen dena da bi gauza txar horiek ere badituela: harreman laboralak oso txarrak direla eta absentismoa handiegia dela.

"Soldata altuak baino, absentismoa eta lan harreman txarrak dira oztopo"

Enpresa handiek zein neurrian baldintzatzen dute eskualdeko egoera?

Hori horrela da, Aiaraldean enpresa handiak baino enpresa traktora daude. Handiak berez Guardian, Tubos eta Tubacex dira. Hemengo enpresak ez dira erraldoiak, ez dira Mercedes. Bigarren mailako batzuk daude, Jez, AFE, Envases... badaude enpresa batzuk baina horiek handiak baino traktoreak dira.

Enpresatik kanpo lana sortzeko gaitasuna dutenak. Alde batetik azpikontratazioaren bitartez, gauza asko kanpoan erosten dituztelako, garraioa merkeagoa delako...

Eta bestetik enpresek emaitza onak dituztenean enplegu ugari sortzen dutelako merkataritzan. Eta esparru horretan ere eragina badaukate, Aiaraldea maila altuan mantenduz.

Horiek galtzea Aiaraldearentzat sekulako arazoa izango litzateke, populazioaren erdia langabe geratuko litzateke eta ekonomia osoak behera egingo luke.

Hori da arriskua, enpresa handi batzuek deslokalizazioaren tentazioa izan dezakete eta.

Tubos-en kasuan ez diot ematen garrantzia asko Kantabriako aferari. Horiek handitu behar zuten azpiegiturak baina hemen daukate egoitza, lan gehiena hemen egiten dute eta langileak hemen daude.

Guardianen gatazkak ez dakit ondorioak izango dituen hurrengo urteetan.

Eskualdeko egoera ekonomikoa berreskuratzeko enpresek zer garrantzia daukate?

Enpresek enplegua sortu behar dute, enplegu hori konfiantzazkoa izan beharko da. Ez dut esan nahi bolada baterako edo gehiagorako baina pertsona bat enpresa batean sartzen denean, lana ondo eginez gero, jarraitzeko aukera izan beharko luke.

Jendeak konfiantza izan behar du ez bakarrik soldata irabaziko duelako hilabete honetan baizik eta hurrengoan ere, hurrengo urtean ere...

Orduan gastatzen hasiko litzateke. Bestela aurreztuko dute, bada ez bada. Enpresek konfiantza eman behar dute.

Zentzu horretan enpresariok zorrotzagoak izan beharko ginateke. Behar ditugun langileak baino gehiago ez genituzke kontratatu behar. Batzuetan hilabeteko lanak sortzen ditugu eta gero desanimoa eragiten dugu. Agian batzuetan lan gutxiago sortu behar da eta egoera horiek ekidin.

Erraza da esatea baina ez da erraza egitea.

Enpresek lana sortu behar dute, ez dute besterik egin behar krisialdiaren aurrean. Dena den Aiaraldeko enpresak ez dute eragiten prekarietaterik. Prekarietatea ez da horrelako enpresetan sortzen. Tubacex, Tubos, Jezen... luze kontratatutako jendeak lan egiten du horietan. Jezen hirugarren belaunaldia dago lanean, aita, semea eta orain ilobak lan egiten du. Industrian ez dago hainbeste prekarietaterik.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide