“Berreskurapen ekonomikoa leku guztietara iristen denerako beranduegi izango da”

Erredakzioa 2015ko ots. 5a, 10:33

JUANJO BASTERRA aretarrak urteak daramatza ekonomia-kazetari lanetan. Aiaraldeko egoera ekonomikoaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu da.

Aurtengoa berreskurapen ekonomikoaren urtea izango dela diote. Hala izango dela uste duzu?

JUANJO BASTERRA aretarrak urteak daramatza ekonomia-kazetari lanetan. Aiaraldeko egoera ekonomikoaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu da.

Aurtengoa berreskurapen ekonomikoaren urtea izango dela diote. Hala izango dela uste duzu?

Nik ezetz uste dut. Kea da, zentsu batean, saltzen ari digutena. Ezin da berreskurapen batez hitz egin gutxienez 3261 langabetu egonda eta Laudion eta Amurrion %19.1 eta %17ko langabezi tasa egonda. Berreskurapen ekonomikoa zail ikusten dut nik. Ez da kalitatezko enplegua sortzen, sortzeagatik ia ia ez da enplegua sortzera iristen, azaroan zein abenduan ia-ia enplegu kopuru bera egon baita.

Ezin da berreskurapen batez hitz egin gutxienez 3261 langabetu egonda eta Laudion eta Amurrion %19.1 eta %17ko langabezi tasa egonda”

Sortzen den enplegua oso prekarioa da, kontratuen %97a prekarioa da. Kontratuen %17a denbora zati baterako izan dira. Abenduan, adibidez, 41 egunekoa izan da kontratuen bataz-besteko iraupena. Egun asko direla dirudi, baina Laudiori erreparatuz gero, kontratuen %64.56a hilabete bat baino gutxiago irauten du, eta %51.4ak 14 egun baino gutxiago. Amurrion, non Laudion egiten diren kontratuen bikoitza egiten diren, %66a sei egunekoa da, eta %95a 30 egun baino gutxiagokoa. Berreskurapen ekonomikoa iritsi dela? Beno, batzuek hala ikusiko dute. Baian berreskurapen hori leku guztietara iristen denerako beranduegi izango da.

Kontratuen %97a prekarioa da. Kontratuen %17a denbora zati baterako izan dira”

Berreskurapen ekonomikoari begira, zein da instituzioek eta jendarteko beste sektoreek eman beharko lituzketen pausoak?

Instituzioek inbertsioa gehiago sustatu beharko lukete. Laudion, adibidez, ez da industriaren bultzada handirik egon 80. hamarkadako konbertsio industrialaz geroztik. Hemengo jarduera ekonomikoa beti egon da industriari loturik eta sektore hori geroz eta pisu gehiago ari da galtzen. Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan, esaterako, %0.86 soilik berritzen da eskualdean, EAE mailan %1.9 berritzen den bitartean.

Gauzak hala, ez baduzu berritzen, ez baduzu uzten jarduera garrantzitsu bat garatzen, ezin duzu ezer egin. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak badirudi ez dakitela Aiaraldea non dagoen, edo bestela nahita egiten ari direla.

Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan, esaterako, %0.86 soilik berritzen da eskualdean, EAE mailan %1.9 berritzen den bitartean”

Eskualdeko industria desegiten ari dela diote batzuek. Hala da izatekotan, ekidin daiteke?

Gauza batzuk hartu behar ditugu kontuan: krisiarekin soldatak nabarmen egin dute behera. Krisiarekin daramatzagun zazpi urte hauetan %8-15 bitartean egin dute behera. Enpresarien soldatek, berriz, ia %2ko igoera izan dute. Soldaten jaitsierak enpresentzako deskontu bat suposatu du, baina gero ez dute deskontu hori aplikatzen. Badaude eskualdetik kanpora doazen enpresak, hemen eta beste leku batzuetan ere.

Hori da soluzioa? Ba, ez dakit. Badaude enpresa asko merkatu txinatarrari begira daudenak, baina itzultzen hasi direnak, langile txinatarrak ere ergelak ez direlako. Txinatarrek ere nahi dituzte soldata-igoerak, enpresaria asko irabazten ari dela ikusten dutenean.

Badaude enpresa asko merkatu txinatarrari begira daudenak, baina itzultzen hasi direnak, langile txinatarrak ere ergelak ez direlako”

Soluzioa? Garrantzitsuena, dudarik gabe, eskualdean inbertitzea da, inbertsioa kanpora joatea ekiditea. Tubacex da horren adibide: Kantabriara eraman du bere teknologia zentroa, lantegiak hemen dituen bitartean. Iritsi daiteke eguna zeinetan enpresako buruek esango duten altzairu-fabrikako jende guztia soberan dagoela, altzairua beste bati erostea merkeagoa delako. Beti egongo da merkeago ekoiztuko duen norbait. Zein da, orduan, bidea? Enpresariak hemen atxikitzea, ez dutelako zertan kanpora joan behar irabaziak, irabaziak eta irabaziak izateko.

Zer nolako garrantzia dauka industriak Aiaraldeko ekonomian?

1996an industriak %41ko pisua zeukan, baina 2010erako %34era jaitsi zen. Zer ari da igotzen? Zerbitzuen sektorea. Baina industriaren bultzadarik ez baduzu ezin da zerbitzuen sektorea mantendu. Eskualdetik kanpo lan egiten duen jendez osatutako jendarte bat osatzen baduzu jende asko kanpora joango da bizitzera ere, eta ez da itzuliko.

Hemen industria da aingura moduan funtzionatu duena. Baina hemen zein Ezkerraldean konbertsio industriala medio egon zen industriaren suntsiketa ez da konpondu. Tubacex, JEZ, Guardian, Vidrala... enpresa garrantzitsu ugarik hor jarraitzen dute, baina enplegua eta produkzioa sustatu zezakeen oro alde egin du. Ez dago jarduera teknologikotarako dirudik. Badirudi hori guzti hori Gasteizen edo beste leku pribilegiatu batean geratzen dela. Zerbitzuen sektoreak duen arazoa da bertan prekarietatea askoz handiagoa dela.

Hemen industria da aingura moduan funtzionatu duena”

Soluzioa sektore bakoitzari dagokion pisua ematea izango litzateke. Ez dut uste industria ez bultzatzea soldatengatik denik, enpresarien eta administrazio publikoaren kontu ideologiko bat ere dela esango nuke. Instituzioak mugitu behar dira, baina baita enpresariak ere. Orain dela gutxi atera da, adibidez, Vidralak enpresa bat erosi duenaren albistea. Horrek Vidralaren aktibitateari bultzada emango dio, noraino iritsiko den ikusteke dagoen arren. Tubacexek ere italiako enpresa bat erosi du berriki. Baina kontua da modu koordinatu batean eman beharko litzatekeela hori. Administrazio publikoak udal-mailatik Eusko Jaurlaritzaren mailara bultzatu beharko luke industria. Hori egiten ez baduzu enpresariek ere ez dute euren kabuz egingo.

Soluzioa sektore bakoitzari dagokion pisua ematea izango litzateke”

Langabezia EAEko bataz-bestekotik gora dago. Aiaraldeko pobrezia maila, berriz. bataz-bestekotik behera dago. Zergatik ematen da fenomeno hori?

Aiaraldean konbertsio industrialak izan zuen eragina handia izan zen, baina eskualde txiki bat izaten jarraitzen du. Ezkerraldea, berriz, askoz populatuagoa dago. Gauzak hala, leku populatuetan badago merkatutik at geratzen den jendea, baztertua geratzen dena eta azkenean pobrezian erortzen dena. Baina Aiaraldean 1082 pertsona daude DBE-RGIa (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen dutenak. Kopuru handia da hori. Eta horien %75a Laudion eta Amurrion bizi da. Iraupen luzeko langabeziak biztanleria osoaren %55 baino gehiagori eragiten dio Aiaraldean, eta %66ak ez du inolako prestazio ekonomikorik jasotzen.

Pobrezia “latz” gutxiago dago, familiek sortzen duten koltxoia dago... baina pobrezia maila ere nabarmentzekoa da hemen. Txarren dagoenarekin konparatzen bazara (Ezkerraldearekin, kasu) egia da beraiek okerrago daudela. Baina hoberen daudenekin konparatzen bagara gu gara oker daudenak. Eta Aiaraldea zein Ezkerraldea izan ziren bere garaian Euskal Herriko industria garapenerako gunerik garrantzitsuenetarikoak. Orain, berriz, garaiak aldatu dira. Eta arazoa da administrazio publikoa ez dela zonalde honetarako ekintzarik garatzen ari. Eta hor ikusten da badagoela zerbait ez dagoena ondo funtzionatzen ari.

Pobrezia “latz” gutxiago dago, familiek sortzen duten koltxoia dago... baina pobrezia maila ere nabarmentzekoa da hemen”

Zer pausu jarraitu beharko lirateke, beraz, berreskurapen ekonomikoa eman dadin?

Nik uste dut badaudela bi pausu nahitaez eman beharrekoak. Inbertsio industriala izango litzateke bat. Bestea, lanaren banaketa bat ematea: 35 ordu edo gutxiago astean, pertsona ororentzako. Kontua da langileek geroz eta gehiago egiten dutela lan, baina geroz eta jende gutxiago dagoela lanean. Erabateko prekarietateak ere ez gaitu inora bideratzen, modu horretan pobrezia sortzen ari garelako.

Nik uste dut badaudela bi pausu nahitaez eman beharrekoak. Inbertsio industriala izango litzateke bat. Bestea, lanaren banaketa ematea”

Pertsonen zaintzarekin erlazionatutako enpleguei ere bultzada eman behar litzaieke instituzioen partetik, nire ustez. Beste ekonomia garatu batzuk enplegu mota horiekin ari dira industria ordezkatzen, norbait behar duelako egon jende nagusi edo elbarritua zaintzeko. Lanbide Heziketa bultzatzea ere oso garrantzitsua dela deritzot. Hemen baditugu Lanbide Heziketa eskaintzen duten ikastetxeak, baina bultzada handiagoa beharko luketela uste dut.

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide