"Egia esan industria sektoreak oso kolpe gogorra jaso du krisialdi honetan"

Erredakzioa 2015ko ots. 2a, 00:00

ITZIAR LARRAZABAL ELA sindikatuko Metal arloko arduraduna da. Euskal Herriko zein Aiaraldeko langileriaren egoerari buruz mintzatu gara berarekin.

2008tik gaur egun arte, zein izan da langileriaren edo industriaren bilakaera Euskal Herrian eta Aiaraldean?

ITZIAR LARRAZABAL ELA sindikatuko Metal arloko arduraduna da. Euskal Herriko zein Aiaraldeko langileriaren egoerari buruz mintzatu gara berarekin.

2008tik gaur egun arte, zein izan da langileriaren edo industriaren bilakaera Euskal Herrian eta Aiaraldean?

2008. urtean, iraila aldean, krisia sartu zen. Nahiz eta politikariek ukatu egin zuten, krisia pairatu dugu urte hauetan guztietan. Krisia horren ondorio izan dira austeritate politikak, horrela erabaki zutelako politikariek. Austeritate politika horrek eragin handia izan du langileen egunerokotasunean: desenplegu tasa handia utzi du eta industriaren zein langileon lan baldintzak okertu ditu. Austeritate politiken testuinguruan, 2012ean Raxoik negoziazio kolektiboaren erreforma ekarri zuen (lehenago ere Zapaterok egindako erreforma laborala izan genuen). Guk beti esan dugu erreforma hori egin zela langileon soldatak jaisteko eta lan baldintzak murrizteko. Bestalde, austeritate politika horiek ez diote langabeziari inolako aterabiderik eman.

2014an EAEn langabezia jaitsi egin da, Aiaraldean aldiz % 2,2 hazi. Industria sektorearen eraginez gertatu da hori?

Egia esan industria sektoreak oso kolpe gogorra jaso du krisialdi honetan. Industriako langile asko langabeziara joan dira, eta ikusten ari garena, komentatu ditudan erreforma horiek eragina izan dutela eta dutela enpresetan eta langileon baldintzetan.

Industriaren gainbehera hori ekidin daiteke?

Bai, guk argi dugu ekidin daitekeela eta ekidin behar dela. Gasteizko gobernuak ez dauka industria politika ez egokirik ez eta ez-egokirik ere ez, kontua da ez daukala. Gure ustez egin beharreko gauzen zerrendan lehen mailan egon beharko zen industria politika egoki bat izatea. Enpresa askok dituzte arazoak, eta laguntza behar dute eta laguntza eman behar zaie.

“Gasteizko gobernuak ez dauka industria politika ez egokirik ez eta ez-egokirik ere ez, kontua da ez daukala”

Deslokalizazioa indartzen ari omen da, diotenez hemen presio sindikala handia delako, soldata handiegiak...

Guk uste dugu argudio horiek ez dutela balio. Hor ditugu Europako hainbat herrialde adibide egokiak direla hori frogatzeko; Norvegia, Finlandia.. soldata altuak dituzte eta lanaldi murritzagoak, eta enpresak ez dira leku horietatik joaten. Enpresariek asko erabiltzen dituzte argudio horiek, hemen soldatak altuegiak direla, lan gutxiago egiten dela... Ez da egia. Asko erabiltzen den beste hitz bat lehiakortasuna da, konpetitiboak izan behar dugula eta soldata horiekin ezinezkoa dela. Lehiakortasunaren arazoa gure ustez ez dago soldata edo lanaldiarekin lotuta. Hori horrela balitz, Finlandiatik adibidez enpresak barra barra aterako lirateke, eta hori ez da gertatzen.

“Norvegia, Finlandia.. soldata altuak dituzte eta lanaldi murritzagoak, eta enpresak ez dira leku horietatik joaten”

Absentismo laborala ere erabiltzen da argudio bezala...

Absentismoaren argudioa enpresa bakoitzak nahi duen erara erabiltzen du, absentismo tasak hemen eta Europan antzekoak dira. Guk ez dugu dudarik. Eta lehiakortasunaren gaira itzulita; askotan entzun dugu komunikabideetan ez garela konpetitiboak soldatengatik eta lanaldiengatik, baina Europa mailako estatistiketara jotzen badugu ikusiko dugu Alemania baino lehiakorragoak garela, edo Europako bataz bestekotik gora gaudela. Datu batzuk ematen dira, baina datu horiek ondo aztertu behar dira horrelako albisteak atera aurretik.

Berreskuratze ekonomikoaren bidean, instituzioek zein funtzio bete behar dute?

Langabezia tasa altua dugu, eta politika industrial on bat behar dugu. Enpresetan lana sartzea behar dugu, eta langileek lanpostu duinak izatea. Orain gertatzen dena da prekarietate handia dagoela, hau da, lanaldi osoan lan egiten duten langileak daude pobrezian bizi direnak, bizitza duin bat aurrera eramateko haina ez dutelako kobratzen. Eta hori ez da onargarria.

Hortik aurrera instituzioek industria-politika egoki bat izan behar dute, enpresak aurrera ateratzen laguntzeko, hauek lanpostu duinak sor ditzaten. Eta, bestetik, langabezian dauden pertsonei irtenbide bat eman behar diete. Irtenbidea ez da prestazioa mantentzea -Raxoik orain erabaki duen bezala 624 euroak sei hilabetez gehiago mantentzea- guretzat hori ez da soluzioa. Konponbidea lanpostuak sortuko dituzten politika egokiak abiaraztea da, bai arlo publikoan zein pribatuan. Hau da, enpresa batek arazoak dituenean mahai batean eseri eta lanpostu horiek dauden egoeran mantentzea nola lortzen den aztertzea.

Berreskurapen ekonomikoan sartuta gaudela diote. Hala da?

Esaten digute datu makro-ekonomikoek hori esaten dutela... Guk tailer eta enpresetan egunerokotasunean ikusten duguna da krisialdi honetan langileen lan baldintzak okerrera egin dutela eta legeak hori erraztu egin duela -enpresei aukera eman die hitzarmenak ez aplikatzeko, adibidez- eta lege hori egin da enpresek erabil dezaten, eta ahal duten enpresek aukera hori erabiltzen ari dira. Ikusten ari gara nola sektore batzuetan (eraikuntzarenean adibidez) hitzarmena ez den betetzen. Eta medioetan ere atera dira, ia esklabotasun egoeran dauden langileak egon badaudela. Guk hori ez dugu onargarria ikusten.

Hortik aurrera gu gure lana egiten ari gara, langileak antolatzen eta euren baldintzak bermatzen.

Hitzarmenak negoziatu dira eta negoziatuko dira aurki enpresa askotan...

2012. urtean Raxoik egin zuen negoziazio kolektiboaren erreforma, zer eta krisi testuinguruan, enpresek arazoak dituztenean politikariek erabakitzen dute negoziazio kolektiboa enpresetara eramatea. Beraz, enpresak oso txarto pasatzen ari direnean enpresako hitzarmenei ematen zaie lehentasuna. Guk argi dugu hori langileen lan-baldintzak okertzeko egin dela. Krisi egoeran enpresek kreditu falta izan dute, likidezia falta izan dute, eta topatu duten konponbidea izan da langileei soldata murriztea likidezia arazo hori konpontzeko. Eta hori ez da onargarria. Orain arte bankuek eman zuten kreditua moztu egin da, eta guk pentsatzen dugu instituzioek ere esan beharreko asko dutela. Ez da onargarria.

Negoziazio kolektiboa goitik behera aldatu dute, lehen hitzarmen sektoriala bete beharreko gutxienekoa zen, enpresa guztiek bete beharrekoa, eta momentu honetan jada hori ez da horrela.

Gure erabakia -erreformaren aurrekoa zena- indartu egin da egoera honen aurrean: enpresetara joan, langileak antolatu eta hitzarmenak blindaje batekin sinatu, Raxoiren erreforma enpresetara sartu ez dadin klausulak jasota. Guk horri eman diogu lehentasuna enpresetan: hitzarmenak blindatu eta Raxoiren erreforma ez aplikatzeko artikulazioak... guk uste dugu lan hau oso inportantea dela.

“Langileak kontzientzia hartu behar du eta antolatu egin behar da, bai enpresa handietan zein txikietan”

Jendarteko bestelako sektoreei zer eskatu ahal zaie berreskurapen ekonomikoan aurrera egiteko?

Langileari eskatu behar zaio kontzientzia hartzeko, bizi dugun egoeraren kontzientzia har dezala. Medioetan entzuten ari gara krisitik ateratzen gaudela, baina egunorokoan hori ez dugu ikusten. Langileak kontzientzia hartu behar du eta antolatu egin behar da, bai enpresa handietan zein txikietan. Askotan enpresa txikietan langileek uste dute sindikatuek negoziazioaren inguruan egiten duten lana enpresa handientzako dela. Eta hori ez da horrela. Gure esperientziak esaten digu enpresa txikietan hitzarmen blindatuak ere sinatzen ari direla. Langileek ikusi behar dute enpresariak antolatuta daudela, eta guk ere antolatu behar dugula gure lan-baldintzen alde borrokatzeko. Eta borrokatzeko ere, modu asko dago.

Urte asko lanean eman duten langileek ere, gure seme-alabei zein mundu utziko diegunaren kontzientzia ere behar dute hartu. Kaleratze-zerrendak daudenean euren izena zerrendan ez dagoela ikustean, adibidez, desmobilizatu egiten dira, baina “ni izan nintekeen” edo “urte batzuk barru nire seme-alaba izan liteke” pentsatzea inportantea da.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide