“Krisiaren aitzakipean, aurrez zehaztutako bide-orrian sakontzen ari da kapitala”

Erredakzioa 2015ko ots. 3a, 00:00

Izaskun Garcia LAB sindikatuko kidea da. Krisi ekonomikoak Euskal Herriko zein Aiaraldeko langileriarengan izan duen eraginaren eta berreskurapen ekonomikoari begira eman beharreko urratsen inguruan mintzatu da.

2008tik (krisi ekonomikoa hasi zenetik) hona, ze nolako bilakaera egon da Euskal Herriko eta Aiaraldeko langileriaren egoeran?

Izaskun Garcia LAB sindikatuko kidea da. Krisi ekonomikoak Euskal Herriko zein Aiaraldeko langileriarengan izan duen eraginaren eta berreskurapen ekonomikoari begira eman beharreko urratsen inguruan mintzatu da.

2008tik (krisi ekonomikoa hasi zenetik) hona, ze nolako bilakaera egon da Euskal Herriko eta Aiaraldeko langileriaren egoeran?

Nik uste dut esan beharra dagoela kapitalak ofentsiba bat martxan jarria zuela 2008a baino arinago. Neurri batzuk martxan zeuden, eta bide-orri bat jada bazegoen marraztua. Egia da, baina, 2008an krisi ekonomikoak nolabait eztanda egiten duela eta, hori baliatuz, ibilbide-orri horretan sakondu egiten duela kapitalak, eta ofentsiba erasokorragoa bilakatzen du. Neurri anitzak ezartzen hasten da: herritar guztien kalterako oro har, baina negoziazioari eta lanari begirako erreformek langileriari sekulako kaltea egiten diete.

2008tik hona egindako erreforma guztiek egin dutela lan-harremanak des-arautzea izan da. Orain arte “joku-zelai” bat zegoen adostua lan munduan eragiten genuen alde guztien artean (patronala, sindikatuak eta instituzioak). Baina, lan erreforma medio, joko-zelai hori aldatzen da eta aukera gehien eskuratzen dituena patronala da, indar-harremanak guztiz desorekatuaz. Orain patrolana gai da lan-harremanak nahi bezala arautzeko, eta horrek kaleratzeak, enplegu gutxitzea, prekarizazioaren orokortzea eta lan baldintzen erabateko kaskartzea eragin ditu. Aspaldiko garaietako egoerara itzultzen ari da horrela langileria.

Aurten berreskurapen ekonomikoaren urtea izango dela diote. Hala izango dela uste duzu?

Nik uste dut berezitu behar direla datu makro-ekonomikoak eta ekonomia erreala. Datu makro-ekonomikoetara joz gero, egia da adituek adierazi dutela “kimu berdeak” azaltzen hasi direla. Hala izan daiteke, ez dugu zalantzan jartzen. Baina egia da baita ekonomia errealera joaten bagara, eta langileen egunerokotasuna kontuan hartzen badugu, berreskurapen horretatik oso urrun gaudela ikusten dela.

“Gehien kezkatzen gaituena da urte hauetan galdutako guztia berreskuratzeko gai ote izango garen edo ez”

Gehien kezkatzen gaituena da urte hauetan galdutako guztia berreskuratzeko gai ote izango garen edo ez. Langabezi datuak hobetzen joan daitezke, enplegua sortu daiteke... baina zer nolako enplegua ari da sortzen? Suntsitu den enpleguaren kalitate bereko lana sortzen ari da? Ez. EEE-n bidez, enpresen itxieren bidez... enplegu finkoa, lan baldintza hobeagoetan ematen zena, suntsitu egin da. Orain sortzen ari den enplegua behin-behinekoa da, lanaldi partzialerakoa, oso soldata eta baldintza kaskarrekin. Hori da patronalaren datuek esaten dutena. Interpretazio ezberdinak egin daitezke datuekin. Egia da langabezia jaitsi daitekeela, baina zer nolako lana ari da sortzen? Lan horrekin langileak bizitza duin bat aurrera eramateko gai izango dira? Gu ezetz diogu. Gaur egun iristen ari gara une batera zeinetan lan bat izateak ez duen bermatzen benetan bizi baldintza duin batzuk izatea. Langile izanda ere, pobreziaren mugan egon zaitezke.

“Gaur egun iristen ari gara une batera zeinetan lan bat izateak ez duen bermatzen benetan bizi baldintza duin batzuk izatea. Langile izanda ere, pobreziaren mugan egon zaitezke”

Berreskurapena dago, beraz? Ikuspuntuaren arabera. Argi daukaguna da herritarren eta langileen ikuspuntutik berreskurapen hau ezin dugula pozik egoteko moduko zerbait bezala saldu.

Aiaraldean, baina, langabeziaren jaitsierarik ere ez da eman. Industrian dago horren kausa?

Hemen egia da industria edo enpresa handiak ez direla itxi beste leku batzuetan gertatu den bezala. Kiderren kasua izan genuen, Lipmesarena baita. Baina behintzat ez dira horren ikusgarriak izan diren espedienterik edo itxierarik egon. Baina datuei erreparatuaz gero ikusi dezakegu enpresa txiki askoa ari direla ixten. Autonomo asko ere bai utzi dute euren negozioa. Eta langabeziak igotzen jarraitzen duela, nahiz eta EAE mailako datuek aurkako joera erakutsi.

Eskualdeko bataz-besteko langabezi tasa EAEko bataz-bestekotik gora dago, %17-18 artean. Industrian egon daiteke gakoa, baina zerbitzuetan ere galera asko egoten ari da. Azken finean, krisiak dakarren beste gauza bat kontsumoa berdina ez izatean datza. Eta kontsumoa jaisten doan neurrian zerbitzu-enpresa askok ere murriztu egiten dute euren langileria edo ateak ixten dituzte.

Asko hitz egiten da deslokalizazioaren arriskuaz. Benetako arriskua da deslokalizazioarena? Ekidin daiteke?

Arriskua beti dago. Kontuan hartu behar dugu kapitalak ez duela aberririk, ez duela “sentimendu erromantikorik”. Kapitala bere onura eta irabazien bila dago beti. Eta argi dago: merkeago suertatzen bazaio Kantabrian egotea edo beste lekuren batean egotea alde egingo du Euskal Herritik. Iberdrolak bere garaian hala adierazi zuen: bihotzez ez zela inongoa, dirua zegoen tokira joango zela.

“Euskal Herrian herri bat izan nahi badugu industria sektore sendo bat beharko dugu”

Ekidin ezina dela? Nik ezetz uste dut. Ekidin daiteke, ekidin behar dugu. Euskal Herrian herri bat izan nahi badugu industria sektore sendo bat beharko dugu. Hori landu behar da, plan industrial batzuk jarri beharko dira martxan industria benetan egonkor bat sortzeko. Eta horretarako inbertsioak egin beharko ditugu, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan, produktuei bestelako gainbalioak ezarri... horretan izan behar gara konpetitiboak.

“Argi dagoena zera da: jai daukagula prezioekin soilik lehiatzera bagoaz merkatuan”

Argi dagoena zera da: jai daukagula prezioekin soilik lehiatzera bagoaz merkatuan. Horretan ezin dugu lehiatu. Patronalak, berriz, bai, prezioetan lehiatu nahi du. Eta horretarako langileen soldatetan egiten du jaitsiera. Guk diogu Euskal Herriak ezingo duela horretan lehiakor izan, eta industria desegiten jarraituko dela horrela jarraituz gero.

“Kontuan hartu behar dugu kapitalak ez duela aberririk, ez duela “sentimendu erromantikorik”. Kapitala bere onura eta irabazien bila dago beti”

Instituzioei eta jendarteko bestelako sektoreei begira, baina, zer pausu eman beharko lirateke berreskurapen ekonomikoari begira?

Kontziente izan behar gara gauza batez: instituzioak kapitalagatik bahituak daudela. Eskuak loturik dituztela ikusten dugu, ezin dutelako nahiko luketen bezainbeste diru inbertitu etbr. Horregatik, instituzioek agerian jarri behar dituzte gaur egun dituzten muga horiek. Eta ausardiaz jokatu, muga horiek gaindituko dituzten bideak martxan jarriaz, nahiz eta bide horiek kasu batzuetan desobedientzia bideak izan edo bestelako zirrikituak bilatzea suposatu.

“Kapitalagatik bahituak daude instituzioak. Baina mugak gainditzeko bideak jorratu behar dira”

Horretarako jendartetik instituzioak interpelatu behar dira, herritarren mesedetara jokatu dezaten kapitalaren mesedetara jokatu beharrean. Gutun sozialarekin egin dugun lanketa da horren adibide: Sindikatu anitzek eta eragile sozial askok ariketa bat egin dugu, Euskal Herriarentzako zer nolako eredu sozioekonomikoa nahi dugun plazaratuaz. Hor badago eredu bat definitua. Gutun hori eskutan herritarrok instituzioak interpelatu behar ditugu, guk nahi dugun eta herriaren eta jendearen zerbitzura egongo den eredua hori dela adieraziaz. Hori eginda, instituzioek, eredu hori eskutan, ausardiaz jokatu beharko dute, eta bideak martxan jarri beharko dituzte prozesu horretan aurrera joateko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide