ERREPORTAJEA: Berreskuratzen ari al da Aiaraldea ekonomikoki?

Txabi Alvarado Bañares 2015ko ots. 1a, 15:19

“Aurtengoa berreskurapen ekonomikoaren urtea izango da”. Hainbat komunikabide zein instituzioetako ordezkariek esandako esaldia da hori. Eta badaude baieztapen hori defendatzeko datuak. Duela gutxi atera da datu baikor horietako bat: langabezia %0.96 jaitsi da Euskal Autonomi Erkidego mailan 2013ko abendutik iazko abendura bitartean.

“Aurtengoa berreskurapen ekonomikoaren urtea izango da”. Hainbat komunikabide zein instituzioetako ordezkariek esandako esaldia da hori. Eta badaude baieztapen hori defendatzeko datuak. Duela gutxi atera da datu baikor(1) horietako bat: langabezia %0.96 jaitsi da Euskal Autonomi Erkidego mailan 2013ko abendutik iazko abendura bitartean.

Aiaraldean, baina, argudio hori kontra-argudio bilakatzen da, denbora tarte horretan ez delako langabezia jaitsi eskualdean. Kontrakoa gertatu da, abenduan iaz(2) baino %2.2 langabetu gehiago erregistratu ziren.

Datuak xehetasun gehiagorekin ikusita, baina, ezberdintasunak topatu daitezke eskualdeko herrien artean: Herri txikienetan EAEko bataz-bestekotik (%15.3) behera kokatzen da langabezia tasa. Amurrio eta Laudioko tasetan dago gakoa, erkidegoko tasa altuenen artean kokatzen baitira: %17 eta %19.1, hurrenez hurren. Horren arrazoia? Adituek kausa posible ugari seinalatu dituzte:

Industriaren pisua
“Aiaraldea oso lotua egon da industriari, eta baita Bilbo inguruan egon den industriaren hedapenari”. Hala uste du Gaindegiako koordinatzailea den Imanol Esnaolak: “Aiaraldeko jarduera ekonomikoak manufakturarekiko lotura handia dauka. Manufaktura izan da, hain zuzen, azken urte hauetan lanpostu gehien desegin dituen sektoreetako bat”.

Baieztapen horrekin bat egiten du Aretako Juanjo Basterra ekonomia-kazetariak, eta datu batzuk jarri ditu mahai gainean: “1996an industriak %41eko pisua zeukan Aiarako Koadrilako ekonomian, baina 2010erako %34ra jaitsi zen”. Krisi ekonomikoa medio, industriaren sektoreak “oso kolpe gogorra” jaso duela ziurtatu du Itziar Larrazabal ELAko metal arloko arduradunak, eta gaineratu du kolpe horren ondorioz “industriako langile askok” langabezian amaitu dutela.

Lipmesa, Kider edo Vicalde dira horren adibide: hiru enpresa horien itxierek 300 langabetu gehiago egotea eragin dute. Hala ere, LABko kide den Izaskun Garciak azpimarratu du “eskualdeko enpresarik handienak” ez direla itxi, “enpresa txikiak dira itxi direnak, eta autonomo ugarik ere utzi egin behar izan dute zeramaten negozioa”.

“Zoritxarrez, enpresa handienek tamaina ertaineko enpresetan eragin handia dute”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak. Bide berean, JEZ enpresako gerentea den Urtza Erraztik “Aiaraldeko enpresa guztiek” pairatu dutela krisia adierazi du, “baina ez guztiek momentu berean ez eta intentsitate berarekin”. Bere hitzetan, krisia hasi aurretik ere oso ondo ez zebiltzan enpresak egon dira eskualdean, eta krisia iristean desagertu egin dira. “Enpresa horietako asko merkaturik gabe geratu dira”, gaineratu du. JEZko gerentearen ustez, enpresa nagusienek enpresa txikien zerbitzuak azpikontratatzen zituzten: “krisia iristean, baina, enpresa handiek euren langileria baliatu dute enpresa txiki horiek eskaintzen zutena egiteko. Horrek enpresa-auxiliar asko erortzea ekarri du”.

Baina eskualdeko enpresa nagusien irabaziak handitu egin dira krisi garaietan. Vidrala, Tubos Reunidos eta Tubacex enpresek batera 315 milioi euro baino gehiago irabazi dituzte azken bost urteetan.

Erraztik uste du bigarren sektorean berreskurapen ekonomikoa hasi dela, “baina ez industria guztietan”. Krisiaren aurreko urteetako produkzioa ohikoa baino handiagoa zela eta horren ondorioz lantegiek %10-20 langile gehiago zituztela gaineratu du gerenteak, “krisia iritsi zenean lan hori guzti hori galdu egin zen”. Gauzak hala, 2016rako Aiaraldean geratzen den industria “berreskuratzea” lortuko delakoan dago Errazti, baina ez krisia hasi baino lehenago zegoen “boom-aren” mailara arte: “Lanpostuak berreskuratuko dira, baina ez jende guztiari lana emateko moduan”. Instituzioek ere geroz eta baliabide gutxiago dituztela erantsi du Irabienek: “Lehen, jubilatzeko gutxi falta zitzaion langile bat kaleratua izaten bazen, udaletik mesedea egiteko kontratatzen zitzaion. Orain ere gustura egingo genituzke halako politikak, baina legeak ez digu uzten”.

Lana bai, baina prekarioa
Sortuko den lana prekarioa izango dela uste dute adituek. “Egonkortasun ekonomikorako aurreikuspen onik” ez dagoen aldetik “enplegurako egonkortasunik” ere ez dela egongo dio Esnaolak: “Hurrengo urteei begira behintzat, egonkortasun(3) gutxiko urteak”.

Basterrak ere argi ikusi du eskualdean sortzen den enpleguaren atzean dagoen prekarietatea, kontratuen %97 prekarioa dela baitio. Abenduan, adibidez, 41 egunekoa izan zen kontratuen bataz-besteko iraupena. “Amurrion, non Laudion egiten diren kontratuen bikoitza egiten diren, %95 ez da hilabete bateko iraupenera iristen, eta %66ak sei eguneko iraupena baino ez dauka”, nabarmendu du.

“Orain sortzen ari den enplegua behin behinekoa da, kaxkarra, baldintza txarretakoa, ikusteke dago urte hauetan zehar galdu duguna errekuperatzerik izango dugun”, baieztatu du Garciak. Larrazabalek gaineratu du prekarietatearen ondorioz badaudela lanaldi osoan lan egin arren pobrezian bizi diren langileak, “eta hori ez da onargarria”.

JEZ enpresako gerenteak ere bat egiten du sortzen den enplegua “konfiantzazkoa” izatearen beharrean. “Pertsona batek enpresa batera sartzerakoan, lana ondo eginez gero, enpresan jarraitzeko aukera izan beharko luke”. Hala ere, haren iritziz, prekarietatea lantegietan baino, hirugarren sektorean ematen da bereziki.

Merkatariak ere, estu
Industria jaisten ari den bitartean, hirugarren sektorea igotzen ari da, Basterraren esanetan, baina horrek ez du esan nahi zerbitzuetan ez denik krisia nabaritu.

“Txarrena pasa den arren, krisi honen ondorioak urte askotan zehar jasan beharko dituzte merkatariek”. Hala uste du Aiaraldeko Merkatarien Elkarteko Jon Aspuruk.

Krisi ekonomikoa, ordea, ez da eskualdeko merkataritzak duen mehatxu bakarra. Bilbo alboan izateak ere eragin negatiboa dauka, Aspururen hitzetan. Iazko udan zehar eskualdeko turismoa EAEko batazbestekoa baino %10 gehiago igotzea ere ez da bultzada handia izan tokiko merkatarientzat. “Ez da asko nabaritu”, ziurtatu du Aspuruk, “politikariek erraz egiten dituzte halako estatistikak, baina proiektuak dira hemen behar direnak”.
Berreskurapen ekonomikoa, beraz, urrun ikusten dute merkatariek baita. “Botere ekonomikoa daukatenek dirua gastatzeko beldurra albo batera utzi dutela dirudi”, azaldu du Aspuruk, “baina hortik krisia gainditu dugula esatera bide luzeegia dago”.

Pobrezia arriskua
Langabezia handia egon arren, Aiaraldeko pobrezia maila EAEko bataz-bestekotik behera dagoela diote adierazleek. Hala ere, familien errenta osoen bilakaerari erreparatuz gero, 2009tik aurrera errenten igoera asko mantsotu da. 2009tik 2011ra bitartean Amurrion eman zen igoerarik handiena: %4.4.

Denbora tarte berean Kontsumorako Prezio Indizeak 7.5eko igoera izan zuen. Horrek esan nahi du familiek, diru gehiago izan arren, eroste-ahalmen gutxiago dutela.

Pobreziak kontuan hartu beharreko faktore bat izaten jarraitzen duela azpimarratu du Basterrak, eta hainbat datu eman ditu baieztapen horri begira: Eskualdeko 1082 familiek jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, 2012an baino 262 gehiagok. Iraupen luzeko langabeziak aiaraldearren %55ari eragiten diola gaineratu du ekonomia-kazetariak, eta %66ak ez duela inolako prestazio ekonomikorik jasotzen. “Txarren dagoenarekin konparatzen bazara egia da beraiek okerrago daudela, baina hoberen daudenekin konparatuz gero gu gara oker gaudenak”, ondorioztatu du.
Esnaolak, bere aldetik, prekarietateak “lan pobrea” ekarriko duela gogorarazi du, eta iragarri du hurrengo urteetan errenta aldetik zailtasun handienetan bizi diren herritarrak “gero eta gehiago” izateko aukerak daudela.

Lantegien deslokalizazioa
Gometeguik Polonian fabrika bat eraiki nahi izateak edota Tubacexek bere teknologia zentroa Kantabrian kokatzeak mahai gainean jarri du berriz enpresen deslokalizazioaren auzia. “Kapitalak ez daukala aberririk ulertu behar dugu. Irabaziei begira dago, eta momentu batean ikusten badu errentagarriagoa zaiola Euskal Herritik kanpora joatea, hala egingo du”, azaldu du Garciak.

Deslokalizazioa, baina, hemengo langileek soldata altuak izatearekin lotuta ez dagoela azpimarratu du Larrazabalek: “Norbegian edo Finlandian soldata altuagoak dituzte eta lanaldi murritzagoak(4), eta enpresak ez dira bertatik joaten”. Erraztik uste du eman den desartikulatze industriala krisiagatik izan dela, “ez hemen ekoiztea garestia delako”.

Langileen soldatak baino, arazoa beste bi faktoretan dagoela adierazi du JEZeko kideak. Alde batetik, lan absentismo altuan eta, bestetik, harreman laboralak zailak izatean: “JEZek beste lantegi bat dauka Ipar Euskal Herrian eta bertan absentismoa askoz txikiagoa da eta lan harremanak askoz hobeagoak dira”.

Dena dela, Aiaraldeak industriarekiko “abantaila handi bat” duela ziurtatu du Erraztik: Langile prestatuak daudela. “Ia genetikoa den gauza bat da. Hemen badakigu zer den altzairua eta industria. Erraza da Aiaraldear bat lantegian trebatzea. Beste leku batzuetan askoz zailagoa da”.

I+G+B, gakoa
Aditu guztiek argi daukatena zera da: prezioen aldetik ia ezinezkoa dela munduko beste ekoizle batzuekin lehiatzea. Gauzak hala, gakoa(5) Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan (I+G+B) inbertitzean egon daiteke.

Esnaolaren esanetan, bi modutara gauzatu daiteke berreskurapen ekonomikoa. Alde batetik, epe laburreko ibilbidea dago: petrolioaren prezioaren eraginez zenbait enpresatan momentuko lanpostuak sortzen direnean ematen dena. Beste aldetik, “teknologia eta sektore berriekin loturiko jarduerak” abian jarriaz lortuko litekeen berreskurapena egongo litzateke: “Etorkizuneko uhin berri bat lortzeko ezinbestekoa zaio Aiaraldeari bere oinarriak berritzea”.

I+G+Ban, baina, %0.86 baino ez da inbertitzen Aiaraldean, EAEko bataz-bestekoa %1.9 den bitartean. Instituzioek “inbertsioa gehiago sustatu” beharko luketela uste du Basterrak. Irabienek, ordea, gogorarazi du instituzioak mugatuak daudela suspertze(6) ekonomikoari begirako ekintzak egiterako orduan, udalen diru sarrerak asko murriztu baitira: “2008an Amurrioko aurrekontua 26 milioi eurokoa bazen, gaur egun 13 milioikoa izatera pasa da”.

Garciaren iritziz instituzioak “kapitalagatik bahituak” daude, baina ezarritako(7) muga horiek zeharkatzea ahalbidetuko duten bideak martxan jarri behar dira, “nahiz eta bide horiek desobedientzia praktikara eramatea edo bestelako zirrikituak bilatzea suposatu”. Hala ere, LABeko kideak azaldu du instituzioek ezer gutxi egin dezaketela “atzetik jenderik ez badute”. Gauzak hala, “langileriak kontzientzia hartu eta bere burua antolatu” behar duela aldarrikatu dute sindikatuetako kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide