Astero bezala, aste-bukaerarekin batera zinema heltzen da gure eskualdera. Herri guztietan zinema emanaldiak ez badira ere, aste honetan hiru herrik baieztatu dituzte emanaldiak: Okondo, Laudio eta Amurrio.
En el patio de mi carcel
Okondon, ostiralean, urtarrilak 30, arratsaldeko 19:00tan, Okondo eskolan, zineforum interesgarri bat: En el patio de mi carcel.
Preso eta baztertuta dauden emakumeen istorio bat. Isa, atrakatzailea, mikatza baina eskuzabala, ez da gauza kartzelatik kanpoko bizimodura egokitzeko. Haren lagunak: Dolores, senarra akabatu duen ijito ilehoria; Rosa, emagaldu hauskorra eta samurra; Ajo, Pilarrekin maiteminduta dagoen neska, bere maitasuna ia jasan ezin den muturreraino eramango duena; Luisa, emakume kolonbiar apala, ulertzen ez duen ingurune batekin harritua...
Mar iristearekin batera -espetxeko arauetara ohitzen ez den espetxe funtzionarioa- emakumeen askatasunerako bidaia hasiko da. Kartzelako zuzendari Adelaren laguntzarekin, Módulo 4 sortuko dute; mundu honetara iritsi zireneko zorigaiztoari aurre egiteko balioko dien antzerki taldea.
Belen Macias zuzendari katalanaren lehenengo pelikula, emakume ezberdinen istorio hunkigarri bat.
The Lunchbox
Laudion, larunbatean, urtarrilak 31, Lanbide Heziketa Eskolan arratsaldeko 17:30tan eta 20:30tan, pelikula indiar dibertigarri bat: The Lunchbox.
Mumbai-n, egunero milaka emakumek senarrei bazkaria bidaltzeko, tupperwareak erabiltzen dituzte. Baina egun batean, horietako ontzi bat ez dagokion pertsona bati heltzean, bi pertsona ezberdinen mundua aldatzen hasiko da; interesa galtzen doan eskontza batean harrapatuta dagoen gazte bat eta erretiratzear dagoen gizon heldu bakarti bat.
Bazkaria gordetzen duten ontziak elkar trukatuko dituzten mezu txiki eta berezien gordetzaile izango dira.
Amodioaren inguruko istorio entretenigarri bat, non “tupperware”-ari erabilera berri bat aurkituko diogu.
Stand by me Doraemon
Amurrion, igandean, otsailak 1, arratsaldeko 17:30tan, eta ohi den moduan, etxeko txikinei zuzendutako animaziozko zinema emanaldia; pertsonai klasiko baten azken abentura: Stand by me Doraemon.
Nobita Nobi nahiko mutil traketsa da eta gehientsuenetan gauzak alderantziz ateratzen zaizkio. Egun batean Sewashi haur misteriotsuaren bisita hartuko du. XXII. mendetik datorren bere hereniloba dela esaten dio. Bere etorkizuna desastre hutsa dela eta familia guztia suntsituko duela, hainbat belaunaldiz. Sewashiren ustetan, dena dela, oraindik badago hori ekiditeko aukera eta Doraemon bere robota utziko dio Nobitari soluzio hori aurkitzen lagundu diezaion.
Hasiera batean, Doraemonek ez du egoera batera argi ikusiko, baina elkarrekin hainbat abentura igaro ostean, katu kosmikoak gakoa topatu duela usteko du: maitasuna.
Telebistan hainbestetan ikusitako Doraemonen abenturak zineman bizitzeko filma.
Rastros de sándalo
Amurrion ere, igandean, otsailak 1, arratsaldeko 19:30tan eta astelehenean, otsailak 2, 20:00tan, ohi bezala Amurrioko Antzokian, film interesgarri bat: Rastros de sándalo.
Mina, indiar aktore arrakastatsuak, Sita bere ahizpa txikia ezindu ahaztu. Bi ahizpak amaren heriotzaren ondoren bortizki bananduak izan ziren. 30 urte ondoren Minak Sita ondo dagoela eta Bartzelonan bizi dela jakiten du.
Orain Sitak Paula izena du eta bere iraganeko oroitzapenik ez du. Paulak bere benetako identitatea ezagutzeko bidaia hasiko du, horretarako Bartzelonako Raval auzoan Bollywood-eko pelikulak saltzen dituen Prakash indiar etorkin erakargarriaren laguntza izango duelarik.
Katalunyatik heltzen zaigu Rastros de sándalo filma, norbanakoaren identitaren inguruko hausnarketa interesagarri bat da. Zinema goxo batez gozatzeko aukera bikaina.
Fitxa teknikoak
Zuzendaria: Belen Macias
Gidoilaria: Arantxa Cuesta, Elena Cánovas eta Belen Macias
Aktoreak: Candela Peña, Verónica Echegui, Ana Wagener…
Espainia, 2008. 100 minutu.
Zuzendaria: Ritesh Batra
Gidoilaria: Ritesh Batra
Aktoreak: Irrfan Khan, Nimrat Kaur, Nawazuddin Siddiqui…
India, 2013. 104 minutu.
Zuzendaria: Ryuichi Yagi eta Takashi Yamazaki
Gidoilaria: Takashi Yamazaki eta Fujio F. Fujiko (Manga)
Aktoreak: Wasabi Mizuta, Megumi Oohara, Satoshi Tsumabuki…
Japonia, 2014. 95 minutu.
Zuzendaria: Maria Ripoll
Gidoilaria: Anna Soler-Pont
Aktoreak: Aina Clotet, Naby Dakhli, Nandita Das…
Espainia, 2014. 95 minutu.