Ibone Sanchez laudiarra txapelduna izan da emakumezkoetan, eta Okondoko Tomas Laso beteranoen kategorian. Laudio Atletismo Taldeak 2. postua eskuratu du, eta Oinkariak taldeak hirugarrena.
Atzo Arabako Kros Txapelketa jokatu zen Langraiz-Okan, bertako etorbidearen inguruko parkean atondutako zirkuituan. Kategoria guztietako probak jokatu ziren bertan, bai eta Langraiz Zailu 1. eskola-krosa. Gure eskualdeko atleta askok hartu zuten parte gizonezko zein emakumezkoetan, eta oso maila onean aritu ziren.
Ibone Sanchez txapeldun
Emakumezkoen kategoria nagusiari dagokionez, adibidez, Laudioko bi atleta igo ziren podiumera: Ibone Sanchez txapelduna (23:22), Gasteizko La Blanca taldekoa, eta Itxaso Escondrillas hirugarren postuan (24:12). Bigarrena Janire Fernandez de Olano gasteiztarra izan zen (24:09) .
Beheko kategorietan ere Itzel aritu ziren gureak: Laudioko Aitana Delgado hirugarren izan zen, eta Laudio Atletismo Taldeak taldekako 2. postua eskuratu zuen. Jubeniletan, berriz, Ariane Egiluz laudiarra eta Ekhiñe Barinaga artziniegarra aurreneko bi postuetan sailkatu ziren, eta Laudio izan zen onena taldeen artean.
Gizonezkoetan, Aiaraldeko hiru atleta lehenengo hamarren artean
Mutilen senior kategorian maila handiko tropela batu zen irteera-puntuan, tartean Arabako eta munduko atletismoko mito bat, Martín Fiz. Gasteizko La Blanca taldeak diziplina honetan duen nagusitasuna erakutsi zuen, eta Marc Hurtadok (31.53) eta Julen Basterretxeak (32:33) podiumeko lehen bi koskak bete zituzten. Martin Fiz handia izan zuten lagun (32:36) . Gureak ere ez ziren makal ibili eta aurreneko hamarren artean hiru sailkatu ziren: Josu Apraiz laudiarra seigarren, irabazlearengandik bi minutu eskasera (33:45), Oinkariak talde Pablo Mas zortzigarren (34:00), eta Laudioko Alvaro Barral bederatzigarren (34:27). Taldeka, Laudio 2. izan zen eta Oinkariak 3.
Nabarmentzekoa da, halaber, Laudio Atletismo Klubeko Tomas Laso okondoarra nagusitu zela beteranoen kategorian. Bere ondoan izan zuen talde bereko Antonio Peula, txapeldunorde.
SAILKAPENAK (Osorik ikus ditzakezue erantsitako dokumentuan)
Emakumeen absolutoa:
1º Ibone Sanchez (La blanca) ,Laudio
3º Itxaso Escondrillas (Oviedo Atletismo), Laudio.
Taldeka, La Blanca 1. Eta Laudio 2.
Gizonezkoen absolutoa:
Aiaraldeko lehen sailkatua Laudioko Josu Apraiz, 6. postuan. Pablo Mas (Oinkariak) 8. eta Alvaro Barral (Laudio) 9.
Taldeka, 1. La Blanca, 2. Laudio eta 3. Oinkariak.
Gainerakoak:
Beteranoak: Okondo Tomas Laso txapeldun, eta Laudio AT talderik onena.
Neska kadeteak: Aitana Delgado (Laudio) 3. postuan. Laudio bigarrena taldeka.
Neska jubenilak: 1. Ariane Egiluz, 2. Ekhiñe Barinaga. Laudio talderik onena.