Maiatzaren 24a izango da, seguru asko, 2015ean Aiaraldean gertatutakoak zerrendatzerako orduan agerian geratuko den datarik garrantzitsuenetakoa. Egun horretan Udal eta Foru Hauteskundeak egingo dira, eta horrek aldaketa nabaria ekar dezake eskualdeko mapa politikoan. Iaz izandako Europar Batasunerako hauteskundeen emaitzek hori iragartzen dute: EAJren hegemonia mantendu zen, bozak galdu arren. EH Bilduk gora egin zuen PP zein PSOEk jaitsiera nabarmena izan zuten bitartean; eta Podemos alderdi sortu berriak 1027 boza lortu zituen. Dena dela, Europar Hauteskundeetako emaitzak eta Udaletakoak ezberdinak izan litezke.
Herriko tabernen auziari begira, behin-betiko sententzia aurten aterako dela aurreikusi liteke. Auzitegi Gorenak Entzutegi Nazionalaren sententzia berretsiz gero, Aiaraldeko bost kultur elkarteren (Mugalde, Irabien, Gure Aukera, Otsati eta Txokogorri) egoitzak konfiskatuak geratu litezke.
Bestalde, Egin egunkariaren administrazio kontseiluko kide izategatik ezarri zieten sententzia osorik beteko dute aurten Pablo Gorostiaga, Isidro Murga eta Patxo Murga preso politiko laudioarrek. Gorostiaga martxoaren 22an aterako da kartzelatik; Murga anaiak, berriz, ekainean.
Korrika 19
Korrikaren 19. edizioa izango da urteko beste zita garrantzitsuetako bat. Martxoaren 25ean igaroko da Korrika Aiaraldetik. 2:30ean sartuko da Okondotik da. Jarraian Laudio, Aiara, Urduña eta Amurrio zeharkatuko ditu, 9:00etan Altubera iristeko.
Literaturari dagokionez, eskualdeko bi idazleren liburuak ekarriko ditu udaberriak: Mikel Ayllonen “Ez tiro egin anbulatziei” eleberria eta Anuntxi Aranaren heriotzari buruzko antropologia liburua. Ikusteko dago ea otsailaren 8an Kepa Sojok Goya sariaren irabazle gisa taula gainera igotzerik duen “Loco con ballesta” filma laburragatik. Apirilaren 17a ere berezia izango da, egun horretan bost urte beteko baititu Aiaraldea Komunikazio Leihoak.