Herri kontsultak, urteurrenak, lan-gatazkak, omenaldiak, auzolanak, kirol garaipen eta porrotak... ugariak izan dira 2014an zehar Aiaraldearen hezurdura osatu duten gertakariak. Aurten, Udal Hauteskundeek markatuko dute urtea, baina ez dira protagonista bakarrak izango, Korrikaren 19. edizioa ere egongo delako, besteak beste.
Mendizaletasuna eta atletismo indartsu, aiaraldear ugari tontorrean
Futbolak “kirol erregea” izaten jarraitzen duen arren, ukaezina da aurten mendizaletasunak, txirrindularitzak eta atletismoak hartu duten protagonismoa eskualdeko kirol-zaletasunean. Horren adibide dira urtean zehar egin diren lasterketa, duatloi eta martxak.
Urte berezia izan da aurtengoa: Txarlazo Mendi Taldeak 50 urte bete ditu eta Laudioko Krosak 30 eta Aiarako Birak 25. Hockeyarentzat ere urte esanguratsua izan da 2014a, Laudion jokatu baita Euskadiko Areto Hockey txapelketa. Amurrion, aldiz, 150 haur bildu ziren Errugby topaketetan.
Kirolean, baina, dena ez da positiboa izan: Bost hilabete kobratu gabe zeramatzaten jokalarien protestekin hasi zuen urtea C.D. Laudiok. Zorrak kitatzeko zeukan epea gaindituta, 2.B mailatik erregional mailara jaitsi zen taldea, eta maila horretan jokatzen dago orain.
Hala ere, egon dira ospatzeko moduko lorpenak ere: Amurrio Kluba Euskal Ligara iritsi da eta C.D. Urduñako emakumezkoen taldea Bizkaiko Kopa irabaztear egon da.
Aiaraldearren markak
Kirolari aiaraldearrek lortutako markek ere zeresana eman dute. Jon Larrinaga eta Aritz Arberas Euskadi txirrindularitza taldean hasi zuten urtea. Talde hori desagertuta, GSC Blagnac taldera pasa da Larrinaga.
Gotzon Martinek 31. postua lortu du Holandako Munduko Ziklokross txapelketan. Geraxane Ussiak brontzezko bi domina lortu zituen Espainiako Atletismo Txapelketan. Carlos Gutierrez artziniegarrak, berriz, munduko lasterketarik gogorrenetakoa den Maraton Des Sablesen parte hartu zuen. Zuriñe Frutos eta Pello Moreno korrikalariak, euren aldetik, Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopako Podiumera iritsi dira. Laura Oca korrikalaria Espainiako txapelketa absoluturako sailkatu da. Luisa Ibarrola txirrindulariak 8. postua lortu zuen Espainiako Eskolarteko Txapelketan, eta Julen Latorrek hainbat garaipen lortu ditu ziklokrosean.
Ibai Ruiz erkidegoen arteko kick boxing txapelketan aritu zen, eta Josu Artetxe bigarren geratu da Sub-21 kategoriako Euskadiko Boulder txapelketan. Unai Albizua futbolaria Athletic-en jokatzetik CD Tenerifen aritzera pasa da. Mikel Alvaro, berriz, Europa Leaguen aritu da Inter Baku futbol taldearekin. Naroa Yarrituk Bizkaiko Kopa irabazi du Pauldarra taldearekin eta areto futbolean jokatzen duen Jonathan Camara Europako Txapelketan aritu da.