Aiaraldea Egunkariaren 2015ko lehen alearen 10.000 ale banatuko dira bihar (urtarrilak 15) eskualde osoan zehar
Bihar, urtarrilak 14, kaleratuko da Aiaraldea Egunkariaren 26. alea, aurtengo lehena. Baina 2014a izango da oraindik egunkariko orrialde zentraletan hizpide. Sozio-ekonomia, jendarte, instituzio, kultura eta kirolaren alorretan iaz jasotako gertakaririk esanguratsuenak errepasatuko dituen erreportajea egongo baita orri horietan.
Baina bestelako kontuak ere jasoko ditu egunkariak. Kirolaren atalean handbike-an aritzen den Ione Basterra orozkoarrari eginiko elkarrizketa irakurri ahal izango da. Kulturan, berriz, Antonio Oyarzabal piano-jole laudioarra izango da protagonista nagusia. Vienako Gustav Mahler orkestran eta Londreseko Young Musicians Symphony Orchestran dabil Oyarzabal, eta Gabonetan kontzertua eskaini zuen Laudioko San Pedro elizan.
Sozio-ekonomia atalean abenduan argitara atera zen albiste txar bat izango da nagusi: Vicalde enpresaren itxiera eta bertako 30 langileen kaleratzea. Hauteskunde sindikalek eta Vidralak Tubacex-ek egindako erosketek ere euren lekua izango dute.
Julen Arzuaga, Izaskun Garcia, Luis Vil, Julen Reketa, Mateo Pagazaurtundua eta Irati Marañon arduratu dira ale honetarako iritzi zutabeak idazteaz. Lander Arteagak, bere aldetik, Begin again filma ikustera joatea gomendatuko digu. Hortaz gain, bi iritzi-gutun topatu ahal izango dira egunkarian: Iker Fiallegasek Anuntzibaiko arteari buruz idatzitakoa eta Laudioko Ikastolako langile eta ikasleek Iñaki Olalde irakasleari elkartasuna adierazten idatzitakoa.
Herriz-herrikako albisteak, zorion agurrak, kale-inkesta, komikia... ez dira gutxi bihar paperean inprimatuak Aiaraldea osotik banatuko direnak. Ohikoan bezala, 10.000 ale banatuko dituzte Aiaraldea Komunikazio Leihoko langile eta boluntarioek; eskualdeko saltoki, taberna, kulturgune, geltoki eta kaleetan. 40 gramo euskara. Eskuratu ezazu zure dosia!