Arabako EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du Arespalditzan Aiaraldeko ur-horniketa azpiegituren arazoak konpontzeko prest dagoela adierazteko, bereziki Foru hauteskundeak irabaziz gero.
Kike Fernandez de Pinedok, koalizioaren hautagaia Arabako Foru Aldundian, azaldu du zor historiko horri ere aurre egiteko asmoa dutela “Araba berria sortzeko”.
Prentsaurrekoan hainbat ordezkari politikok parte hartu dute; Nerea Martinez Cerrillo Arabako biltzarkidea, Joseba Vivanco Artziniegako zinegotzia, Amets Meaza Laudioko alkate ordea, Josu Artetxe Aiarako alkatea eta Juanjo Yarritu Amurrioko zinegotzia.
Inbertsiorik ez Aiaraldean
Juanjo Yarrituk salatu du indarrean dagoen legealdian inbertsiorik ez dela egin eskualdeko ur-horniketa zerbitzuan. “Larriagoa da egoera konparazioak eginez gero, Arabar Errioxan 50 milioi euro inbertitu baitira ur azpiegituretan”, azaldu du Yarrituk.
2006tik gida-plana egina
Yarrituk bere ezinegona azaldu du Javier de Andrések iragarri duelako Arabako ur kudeaketarako Gida-plana egiteko asmoa. Zinegotziak esan du pozgarria eta beharrezkoa dela, baina Aiaraldeak 2006tik dauka gida-plana eta Foru Aldundiak eta URAk ez dute ezer egin horrekin. “PP kea saltzen dago. Gida-planak urteak behar ditu eta legealdia bukatzear dago” erantsi du.
Mozioa Arabako Batzar Nagusietan bihar
Nerea Martinez Cerrillok aurreratu du mozioa aurkeztu duela EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan auzi horren harira. Bihar eztabaidatuko dute.
Testuan koalizioak eskatuko dio Foru Aldundiari edateko urari lotutako azpiegiturak bermatzea eskualdean.
Horretarako zenbait lan gauzatzea proposatuko du; Urduñako baltsa erabiliz Arrastariaren ur-horniketa bermatzea, Angostinako urtegia berritzea, Aiarako Batzar Administratiboen ur-horniketa konpontzea, Markixanako araztegiaren eraikuntzan inplikatzea eta Artziniegako saneamenduaren egoerari erantzuna ematea, besteak beste.