"Esan liteke modan dagoela emakumeei zuzendutako komikia"

Erredakzioa 2015ko urt. 14a, 18:02

ESTI URRETXU (Laudio, 1984) literatura masterra egiten dago eta horren harira komiki eta eleberri grafikoaren azterketa abiatu du. Ondorio horiekin hitzaldiak eskaintzen ditu.

Eleberri grafikoaren inguruko hitzaldiak ematen dituzu, azalduko zenuke lehenik eta behin zer esan nahi duen "eleberri grafiko" kontzeptuak?

ESTI URRETXU (Laudio, 1984) literatura masterra egiten dago eta horren harira komiki eta eleberri grafikoaren azterketa abiatu du. Ondorio horiekin hitzaldiak eskaintzen ditu.

Eleberri grafikoaren inguruko hitzaldiak ematen dituzu, azalduko zenuke lehenik eta behin zer esan nahi duen "eleberri grafiko" kontzeptuak?

Zalantza handiak izan ditut kontzeptu horren inguruan eta oraindik ez dakit oso ondo zer esan nahi duen.

Mota guztietako definizioak aurkitu ditut eta adituen artean ere ez dago adostasunik. Edukia eta edukitzailea sarritan nahasten dira eta badago ere “eleberri grafikoa” komiki garaikidea dela esaten duena.

Eleberri grafikoa” komiki gehiago saltzeko erabili izan den etiketa da, ez zeukan statusa ematen diona literaturaren parean jarriz eta liburudenda espezializatuetatik ateratzen lagundu diona.

Baina, aldi berean, bada komiki mota bat ere, gaur egun nagusitu den komiki mota, hain zuzen.

 

Komikiak eta eleberri grafikoak ezberdinak dira, eboluzioa da edo zentzurik gabeko etiketa?

Komikiak aztertzen hasi nintzenean “eleberri grafikoa” zentzurik gabeko etiketa dela esango nizukeen zalantzarik gabe. Orain ez nago hain ziur.

Etiketa hori helburu komertzialekin gehiegi erabili bada ere, ezin dugu ukatu gaur egun egiten den komikia ez dela lehen egiten zena bezalakoa.

Nire ustez pertsonaian dago, batez ere, desberdintasuna: eleberri grafikoa deritzon horretan, pertsonaia ez da berdina hasiera eta amaieran. Istorioan zehar gertatzen zaionak bere bizitza modu batean edo bestean aldatzen du, pertsonaiak memoria du.

Aurretik egiten zen komikian, aldiz, pasadizoa bukatutakoan, pertsonaia hasierako egoerara bueltatzen zen, inolako aldaketarik gabe. Pentsa, adibidez, Superman. Berdin dio zenbat abentura bizi, bakoitzaren bukaeran hasierara itzultzen da eta hurrengo abenturarako prest dago, ezer berri ikasi gabe.

Istorioen ordena, horrela, arazorik gabe alda daiteke, inolako ondoriorik gabe. 60. hamarkadan lehen urratsak eman ziren horri buelta emateko, underground mugimenduaren eskutik.

Hauek, argitaratzeko bide alternatiboak erabili zituzten eta zaila zuten serieak egitea, horregatik monografiak sortu zituzten eta horrek hasiera eta amaiera zuten istorioak kontatzea ahalbidetu zuen.

Horrelako komikiak gero eta gehiago egin ziren eta gaur egun komiki mota nagusia dugu. Beraz, bai, komikiaren eboluzioarekin zerikusia du baina, aldi berean, izen horren arrakasta, “eleberri grafikoa”, argitaletxeen mesederako izan da, komikiak liburu-denda arruntetan saldu ahal izateko eta komikiek ez zuten prestigioa eskuratzeko.

Zentzu horretan inolako irizpiderik gabe erabili da eta zentzurik gabeko etiketa dela esan liteke.

Nola hasi zinen hitzaldiaren ideia mamitzen, zein da eduki garrantzitsuena?

Literaturan masterra egiten ari naiz eta masterreko eskoletan hasi zen dena. Komikiak gustuko nituen eta ahal nuen bakoitzean literaturako ikasketak eta teoriak komikira aplikatzen saiatzen nintzen.

Izan ere, ikerketarako gai emankorra da, azken 20-30 urteetan baino ez baita sistematikoki eta modu serioan ikertzen hasi eta oraindik komikiaren alor asko aztertu gabe daude.

Baina bibliografia bilatzen nuen bakoitzean “eleberri grafikoa” hitzarekin topatzen nuen eta horrek amorratzen ninduen, komikia literaturaren anaia txikia dela ematen duelako.

Horregatik komikiaren berezitasunak bilatzen hasi nintzen, bere hizkuntzaren ezaugarriak. Komikiaren balioa aldarrikatu nahi badugu bere baitan aurkitu behar dugu balio hori, eta ez literaturatik gertu dagoelako, literaturaren balioen menpe.

Eta hori da, hain zuzen, hitzaldietan azaltzen saiatzen naizen ideia nagusia, zeintzuk diren komikiaren hizkuntzaren berezitasunak, zerk urruntzen duen komikia literaturatik.

Komikizalea zara? Emakumeentzako esparrua da edo gehienbat gizonezkoen kontua da, arlo guztietan?

Gero eta emakume gehiago dago komikien munduan, komiki egileen zein irakurleen artean. Esan liteke modan dagoela emakumeei zuzendutako komikia, bikotea edo emakumeon eguneroko bizitza jorratzen duena, Agustina Guerrerok, Moderna de Pueblok edo Ana Oncinak egiten dutena, adibidez, Maitenaren bideari jarraituz.

Kritika arloan, bestelako diziplinetan bezala, gizonezkoak dira gehiengoa baina, hala ere, badira emakumeek egindako ikerketa onak.

Zer motatako pertsonak hurbiltzen dira horrelako hitzaldietara?

Denetarik dago. Dena den, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago izaten dira, baina beti da horrela, gaia edozein dela.

Adina kontuan hartuz ere denetarik etortzen da, gazteak eta helduak. Eta haien interesak ezberdinak dira, batzuk komikizaleak dira baina beste batzuk “eleberri” hitzak erakarrita datoz edo arteak interesa sortzen dielako.

Zeintzuk dira zure ustez komikizale edo eleberri grafikoaren zaleak derrigorrez irakurri beharko lituzkeen izenburuak?

Maus, nola ez, oraindik norbaitek irakurri ez badu. Lehenengo eleberri grafikotzat dute askok eta, zalantzarik gabe, komikiaren Historian garrantzi handia du.

Sari literario bat jaso zuen lehen komikia izan zen eta horren ostean komikia eta literatura gero eta hurbilago egon dira.

Bestetik, komikiaren funtzionamendua ezagutzeko Scott McCloud-en Entender el cómic gomendatuko nuke. Idazleak komiki baten bitartez azaltzen ditu komikiaren berezitasunak eta ez da teoria korapilatsuetan sartzen, bere esperientziatik, irakurle zein idazle gisa, ikasitakoa aurkeztuz baizik.

Azkenik, Manu Larcenet-en Blast gomendatu behar dut. Orain arte irakurri ditudan komikien artean gehien hunkitu nauena da. Lau liburuk osatzen duten polizia-istorio da. Azaltzen den istorioa nahiko iluna da baina oso ondo trabatuta dago, hitzen eta marrazkien oreka bikaina da eta ez dauka ezer soberan. Gainera, Larcenet-ek estilo ezberdinak erabiltzen ditu hainbat egoera aurkezteko eta guztietan izugarria da: akuarela, collagea…

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide