Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldeko elkarteek XI. “Piztu itxaropena” Euskal Karabana antolatzen dabiltza. Tindufeko (Argelia) errefuxiatuen kanpalekuetara oinarrizko elikagaiak eramatea da karabana horren xedea, eta horretarako elikagai bilketak egingo dituzte.
Amurrio-Aiarako SEAD-en Lagunen Elkarteak ere elikagaiak bilduko ditu Amurrio eta Laudion, hilaren bigarren hamabostaldian. Elkarteko kideek azaldu dute bi herrietako supermerkatu eta eskoletan arituko direla, “lekaleak, azukrea, pasta, hegaluzea, arroza, konpresak eta antzeko produktuak” jasotzen.
Amurrion urtarrilaren 16 eta 17an arituko dira, Avillo Alargun Elkartearen eta Laguntza taldearekin batera. Laudion, berriz, hilaren 23 eta 24an egongo dira, Solastiar eta Jacaranda elkarteetako kideen laguntzarekin. Eskoletatik, berriz, urtarrilaren 12 eta 16an pasako dira.
Elkartetik adierazi dute Aiaraldeko herritarren partetik “aurreko urteetan jasotako elkartasun-jarrera bera” espero dutela, eta eskerrak eman nahi izan dituzte bilketan parte hartzen duten guztiei. Bilketan parte hartu nahi dutenek elkartearekin kontaktuan jartzeko aukera daukate, arasd.amurrio@hotmail.com helbide elektronikoaren edo 619030834 telefonoaren bidez.