Joseba Otaola, Aner Moreno eta Julen García Izarran hilaren 28an egingo den Euskadiko ziklokros txapelketan izango dira, Arabako podiumeko hiru lekuak bete ostean. Saratxoko Luisa Ibarrola ere han izango da, beste kategorietako bertoko txirrindulari askorekin batera
Aurtengo ziklokros denboraldia oso positiboa izaten ari da Aiaraldeko txirrindularientzat, eta urtea hitzordu garrantzitsu batekin amaitzeko aukera izango dute datorren igandean Izarran egingo den Euskadiko Txapelketan. Bertan izango dira esate baterako azaroan Arabakoan erakustaldi itzela eman eta podiuma goitik behera bete zuten Aiara Txirrindulari Elkarteko hiru kadeteak, Joseba Otaola, Aner Moreno eta Julen García, gainerako herrialdeetako onenekin lehian.
Gainerako kategorietan ordezkaritza zabala
Bestalde, 23 urtekoen azpiko kategorian Yeray Canterla laudioarra arituko da, elite mailan Iñaki Isasi, eta Master40n haren anaia Iosu, denak ere Aiara Txirrindulari Elkartekoak. Haietaz gain junior mailan Albizua eta Latorre amurriarrak izango dira parte hartzen, eta masterren artean Aiaraldeko beste txirrindulari batzuk arituko dira (Pinedo, Zendoia…).
Lasterketa ederra espero da Izarran, batez ere elite mailan tropeleko “oilarren” artean. Ikustekoa izango da Aitor Hernándezen eta Javier Ruiz de Larrinagaren arteko lehia.
Luisa Ibarrola, bolada onari segida emateko prest
Emakumezkoei dagokienez, Saratxoko Luisa Ibarrola gazatea izango da gure ordezkaria Izarran. Bizikleta.com taldean dabil denboraldi honetan eta arrakastaz beteriko urtea izan du 2014. Espainiako Kopako probetan aritu da eta Izarran lehiatu ostean estatuko txapelketara joango da Xixonera urtarrilaren 10ean.