Oso pozik agertu dira Arabako Txakolinaren jatorrizko deituraren ordezkariak aurtengo uztarekin. Guztira 537.800 kilo jaso dituzte eta 2012an egondako datuetatik hurbil geratu dira; 612.658 kilo. Orain arte eman den uztarik onena izan da 2012koa.
Iazkoarekin alderatuz %41ko igoera eman da uztan, baina Jose Antonio Merino Arabako Txakolinaren jatorriko deituraren idazkariak azaldu du 2013koa oso txarra izan zela.
Aurtengo datu onak irailan eta urrian egondako eguraldi eguzkitsuaren ondorioa dela azaldu dute ekoizleek. Abuztuan jazotako eguraldia ez zen egokia izan mahatsarentzat eta bi hilabete horiek joera negatiboa zuzentzeko balio izan dute. Berez, ekoizle gehienak uzta jasotzen hasi ziren irailaren 24an eta urriaren 22an bukatutzat eman zuten.
Hala ere mahatsaren ziklo begetatiboak arazoak eman ditu aurten eta mildiua eta oidioak ikerketa zorrotzak egitera behartu ditu ekoizleak.