"Haginak asko erakartzen du jendea Kantauri osoan: Asturiasen, Kantabrian, Ingalaterran..."

Erredakzioa 2014ko abe. 16a, 17:32

ENRIQUE ARBERAS (Amurrio) biologoa da eta Aiara eta Gorobeleko bazterrak ikertu ditu. Hagina (Taxus baccata) bereziki ikertu du eta lan horren harira liburua idatzi du. Horretan gain, jardunaldiak prestatu ditu liburua aurkezteko.

ENRIQUE ARBERAS (Amurrio) biologoa da eta Aiara eta Gorobeleko bazterrak ikertu ditu. Hagina (Taxus baccata) bereziki ikertu du eta lan horren harira liburua idatzi du. Horretan gain, jardunaldiak prestatu ditu liburua aurkezteko.

Liburua idatzi duzu haginen inguruan, ez da horrela?

Zehazki Aiarako haginak hartu ditugu irizpide gisa. Aiarako udalerria da gure erreferentea eta gero hortik zabaldu dugu inguruetara ikerketa.

Edukien aldetik oso interesgarria izan daiteke irakurlearentzat hitzaurrea. Ignacio Labella idazleak egin du. Berak hainbat liburu idatzi ditu haginari buruz eta hitzaurre oso polita sinatu du, nire ustez.
Aldi berean Jose Luis Urrutiak ere idatzi du. Berak Aiaran girotutako eleberriak idatzi ditu eta kasu honetan Aiararekin eta haginarekin harremana duen testua egin du.

Nire lanak azaltzen du hagina nolakoa den, bere ziklo biologikoa, bere ezaugarriak, zein den populazioa Iberiar Penintsulan eta munduan eta gero Aiara ere aurkezten dut: landaretza, kokapena, hidrologia...

Gero emaitzak lantzen ditugu eta horiei loturik hagin kopurua, kokapena Aiaran, zenbat dauden haranetan eta zenbat Gorobelen... zentzu berean, ahalegin handia egin dugu eta haginari lotuta dauden ohiturak, erabilerak eta toponimia bilatu dugu.

Argazki ugari eta marrazki batzuk ere baditu liburuak. Espe Latorrek egin ditu marrazkiak eta nire ustez nahiko polita geratu da.

Liburua salgai dago?

Gure asmoa da gure inguruan saltzea; Amurrio, Urduña eta Laudioko liburudendatan eta Guzurtegi jatetxean eta Arespalditza eta Luiaondoko tabernetan egotea salgai.

Liburua aurkezteko eta haginaren historian sakontzeko jardunaldiak prestatu dituzue astebururako, ezta?

Bai, larunbat honetan izango dira Aginagan hain zuzen. Aginagak esan nahi du "haginaren lekua". Duela 13 urte joan nintzen herri horretara bizitzera eta hor sortu zen ideia zenbat hagin zeuden Aginagan eta Aiaran.

Egitarauari dagokionez, 10:00etan abiatuko dugu. hasteko azken 30 urteetan nola lan egin duten haginaren inguruko informazioa azalduko digute Fernando Vasco eta Emilio Blancok –Amigos del Tejo y las Tejadas-eko kideak-. Jaraian Oscar Schwendtner-ek “Nafarroako hagin basoak; kontserbazio ekintzen beharra duen ahaztutako habitata” hitzaldia emango du.

Ondoren etenaldia egingo dugu eta ekintza polita antolatu dugu; hagina landatuko baitugu Aginagako plazan. Aldi berean oroitzapen plaka jarriko dugu. Asmoa da umeek landatzea eta musika zelta izango dugu girotzeko.

Horren ostean guk egindako lana aurkeztuko dut eta bere emaitzak eta jarraian liburua aurkeztuko dugu ikus-entzunezkoaren bitartez.

Gero beste ekintza polita egingo dugu. Jose Luis Urrutiaren "El gran tejo" kontakizuna irakurriko digu antzezle batek.

Eta amaitzeko herri bazkaria egongo da Maroñon baina dagoeneko kopurua bete dugu.

Maitasunez egingo dugu guztia eta guztiak gonbidatzen zaituztegu agertu nahi baduzue.

Egindako ikerketan zerk deitu du zure arreta bereziki?

Hasteko, nik uste nuen hagin gutxiago egongo zirela Aiaran. Baina azkenean 241 agertu dira. Erdia haranetan eta beste erdia Gorobelen.

Batzuk txikiak dira oraindik eta horiek izango dira etorkizuna ziurrenik eta beste batzuk nahiko handiak eta singularrak dira.

Eta bestalde, ohiturak eta erabilerak ikusita, argi dago jendea oso erakarrita sentitzen zela haginarekiko. Eta hori islatzen da Kantauri osoan; Asturias, Kantabrian, Estatu Frantsesean, Ingalaterran... ez dakigu zergatik baina sentimendu hori oso hedatua dago.

Guk kontrakoa pentsatzen genuen baina jendeak oso ondo ezagutzen du zuhaitz mota hau eta hori da politena agian.

Egia esanda hainbat ohitura eta erabilera agertu dira ikerketan zehar. Guk pentsatzen genuen ezetz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide