"Ordubetez bada ere guztiok emearen azalean sentituko gara"

Erredakzioa 2014ko abe. 11a, 16:13

JULENE ONAINDIA GARCIA (1988, Laudio) eta IRATI MENDIGUREN COSGAYA (1985, Laudio) igandean Amurrio Antzokian egingo duten "Ene begiak eme" ikuskizunaren talde antolatzaileko kideak dira. Emanaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte.

"Ene begiak eme" ikuskizuna antolatu duzue, nolatan?

JULENE ONAINDIA GARCIA (1988, Laudio) eta IRATI MENDIGUREN COSGAYA (Laudio, 1985) igandean Amurrio Antzokian egingo duten "Ene begiak eme" ikuskizunaren talde antolatzaileko kideak dira. Emanaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte.

"Ene begiak eme" ikuskizuna antolatu duzue, nolatan?

Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteak antolatzen duen jardueretako bat da. Aurtengoa sortzen dugun hirugarren ikuskizuna da. Era honetan, batetik, eskualdeko artista eta herritarrak euskarara biltzen ditugu, eta, bestetik, elkarteko balioak komunitateari plazaratu: euskara, parekidetasuna eta kulturartekotasuna, kasu. Emanaldian zehar presentzia handia izango dute hirurek.

Zein mezu oholtzaratuko du emanaldiak?

Emakumeak egunerokoan jaiotzetik pairatu behar dituen zapalkuntzak. Batzuk agerikoak, besteak ezkutukoak. Hala ere, zapalkuntza horiek modu positibo eta eraikitzailean taularatuko ditugu, sistemak ezartzen dituen estereotipo eta arauak deseraikiz. Horretarako bizitzan zehar dauden etapa ezberdinak landuko ditugu: haurtzaroko jolasak, nerabezaroko bizipenak... Errutinako pasarteak izango dira. Ziurrenik bertaratzen direnek emozio askoz biziko dute: barre egingo dute, negar, ileak puntan sentitu...

40 lagunek hartuko dute parte, lan handia al dago atzetik?

Bai. Udan abiatu zen ideia, baina lan taldea irailean hasi ginen elkartzen. Urrian eta azaroan partaideekin harremanetan jarri ginen. Entsaioak azaro eta abenduan zehar egin dira. Igandean ikusiko dugu emaitza! Gu oso gogotsu gaude! Ziur gaude esperientzia aberatsa izango dela, nahiz eta oholtzako pasilloetatik ikusi beharko dugun. Oso ikuskizun parte-hartzailea eta herrikoia da. Eskualdeko 40 lagunetik gora jarri gara emetasunetik begiratzen momentu batez bada ere, eta komunitatean lanean.

Zergatik da garrantzitsu era honetako ikuskizunak egitea?

Egunerokoan emakumeok dugun presentzia faltaz ohartarazteaz gain, ditugun kezka eta oztopoak jendarteratzeko aukera ematen duelako. Askori mentalitatea irekiz, mundu eta eskualde honetan emakume izateak zer suposatzen duen konturatzeko balioko die. Ordu batez bada ere guztiok emearen azalean sentituko gara. Poliki-poliki, horrek eragiten dituen hausnarketei esker parekidetasuna egunerokoan lantzeko indarra eta gogoa piztea bilatzen dugu, eskualde mailan sentsibilitate hori garatzen jarraitzea. Aiaraldeko hainbeste kidek emakumea erdigunean kokatzen duen espektakulu batean parte hartzeak poztu egiten gaitu, jakinik, emakumea izate hutsagatik sistema patriarkalak txikitzen duen subjektua dela.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide