"Kongresu honen bidez fokua ipiniko dugu Gerra Zibilaren Arkeologian"

SERGIO ESCRIBANO (Mungia, 1977)  Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da. Urte batzuk daramatza Laudion bizitzen, eta egunotan tesia aurkeztuta Arkeologian Doktorea bihurtu da.

SERGIO ESCRIBANO (Mungia, 1977)  Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea da. Urte batzuk daramatza Laudion bizitzen, eta egunotan tesia aurkeztuta Arkeologian Doktorea bihurtu da. Unibertsitateko beste kide batzuekin batera gaur hasi eta larunbatera arte luzatuko den Gerra Zibiliko Arkeologia  I. Kongresuaren antolaketan bete-betean dabil lanean egunotan. Kongresu aitzindari honen eta bere tesiaren gaienean galdetu diogu.

Gerra zibilaren inguruko nazioarteko jardunaldi batzuk antolatu dituzue, zein da zuen asmoa horrekin?

Gure asmoa, lehendabiziko foro bat egitea da, non Guda Zibila izango den eztabaida gai nagusia. Orain arte, hainbat jardunaldietan sesio txikiak egon dira eta gai honetaz hitz egin da. Baina ez da inoiz gai honen inguruko kongresu zehatz bat egin, beraz, gai nagusia, Gerra Zibila da. Kongresura etorriko den jende guztia, berez, horretaz arituko da zuzenean, eta hori da ekarpen nagusia, fokua ipiniko dugula Gerra Zibilaren gainean.

Gerra Zibila Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean asko, eta batzuetan ez horren ondo, landu den gaia da. Zein da Kongresu honek eskainiko duen ikuspuntua?

Berez, arkeologiak, duela gutxi bere gain hartu duen gai bat da. Arkeologiak, etimologikoki “gauza zaharren azterketa” esan nahi du, eta azken urteotan, “gauzen zientzia” bilakatu da, ez bakarrik zaharrak diren horietan. Orduan, alde batetik, Kongresu honek ere eztabaida foro batean bilakatzea du helburu, zeren arkeologiak, eta akademiak, unibertsitateak ere, ez du garai hau bere gain hartu. Ondorioz, administrazioak ere ez du askotan babestu, ez baitu ondare kontsideratzen, eta horrek ekarri du, jendearen interesak elkarte ezberdinen bitartez bideratu izana. Baina elkarte horiek borondate handia izanagatik ere, hutsune bat dute zenbait jakintza mailatan; ez dira arkeologoak, eta batzuetan oinarrizko ezagupenekin interbentzio arkeologikoak egin izan dituzte ondare arkeologiko horretan. Beraz, Kongresuaren helburua, bada jende ezberdin horiek, eragile ezberdin horiek, elkarrizketan ipintzea. Kongresuan lehen mailako punta-puntako arkeologoak izango dira, nazioarte mailan oso preziatuak direnak, bai eta Euskal Herriko elkarte ezberdinak ere, ondare horren gainean lan egin dutenak. Elkarrizketa konbergente bat, edo guztion arteko elkarrizketa positibo bat sortzea da helburua, eta gauzak nola dauden ikusi eta antolatzeko asmoarekin.

Orduan, ez da bakarrik aditu akademikoei luzatutako kongresua...

Bai, zeren egun batean bereziki landuko dugu elkarte ezberdinen lana, eta hor, gure herri-lagunak diren Ugaokoak egongo dira, eta baita ere Gipuzkoan lan egiten ari diren elkarte batzuk. Elkarte guztiak gonbidatu ditugu, naiz eta denek ez duten etortzerik izango. Kongresuko egun bateko helburua hori eztabaidatzea izango da; hau da, beraiek izango dira adituak, eta beste maila baten parte hartuko duten eztabaidan.

Kongresua alboratuta, Doktoretzako tesia aurkeztu berri duzu eta hainbat foroetan aurkeztu duzu.

Bai, pasadan astean Bilboko arkeologi museoan egin genuen halako hausnarketa-hitzaldi dibulgaziozko bat, eta beste medio batzuetan ere eskatu dizkidate hainbat elkarrizketa. Eta bai, hamar urte baino gehiago daramatzat Araba eta Bizkaiko zeramikak ikertzen, eta Arabakoan bereziki zentratu naiz, izan ere, 500 orrialde baino gehiago tesia osatu dut soilik Arabako zeramikarekin, horretan aritu izan naiz azkeneko urteetan. Azkenik aurten bukatu dut tesia -behingoagatik-, eta jada esan dezaket banaizela Doktore.

Escribano Doktoreari galdetuko diogu beraz; bostehun orrialde horietan zer da aurki dezagun gauzarik interesgarriena.

Alde batetik, Araba dela Iberiar Penintsula osoan “Olleros” hitz zaharrena duena adibidez. Esan genezake ere, Araban aitzinetik ekoiztu dela zeramika, nahiz eta nik XIV. Mendetik aurrera garatu dudan. Era berean interesgarria da jakitea Arabako zeramika Kanadaraino heldu zela. Hango zeramikak ikertu ditugu, eta badaude hiruzpalau ekoizpen, Arabakoak direnak, eta XVI eta XVII mendeetan heldu zirenak Kanadara.
Beste eduki interesgarri bat izan daiteke, nolabait ikusi izan dugula XIV. mendetik XVII. mendera zeramikan aldaketak eman zirela erabilia izaten zelako gizartea antolatzeko estrategietan, hau da, komunikazio tresna bezala. Askotan ematen du tresna arruntek ez dutela inolako funtziorik, baina zeramika ikusgarriena eta ezberdina zena beti erabiltzen zen mahaietan, izan ere, mahaiak izaten ziren gizarte bat, eta familia bat edo etxe bat kontaktuan jartzen zuten espazioa. Berez, zeramika ikusgarriena zentzuen aldetik mahai baten erabiltzeak esan nahi du bazuela berebiziko premia bat familia horren nortasuna azaltzerakoan.
Honenbestez, ikusi izan dugu nola estrategia sozialak edo gizartearen identitate nortasun faktore horiek, zeramikaren ezaugarri nagusiak aldatu dituzten. Orduan, hor ikusten dugun boterearen eta zeramikaren arteko nahaste bat, eta horrek eragiten dituela zeramikan aldaketak ematea. XIV. mendean zeramika beiratu gabea zen, eta XVIII. mendean zeramika popularra bezala ezagutzen duguna dena zurian beiratuta zegoen. Prozesu kronologiko horretan, badaude aldaketa nagusi batzuk, teknologikoak, sentsorial, edo zentzuekin erlazionatutakoak, eta horrek aldarazi zuen guztia.

Orduan ez da bakarrik ikerketa historikoa materialen edo gaien aldetik, baizik eta sinbolikoa ere, hau da, sinbolismoa ere asko lantzen da…

Bai. Zeramikak ez dira bakarrik zentzu utilitario batean ikertuak. nire kasuan, nik landutako ikuspuntua, nahiko antropologikoa denez, ere ikusi dugu nola sinbologia horrek ere, eragin handia duen. 
Zeramika batzuk motibo kristauak sartzeko erabili egin ziren, baita ere, ikusi izan dugu nola aristokraziaren ikurrak ere badituzte, eta hori komunikazio tresna zuzen bat izango zen. Gero, badago beste hori, badagoela zeramika forma ezberdinena, beti kontsumitzen zen oso portzentaje txikian, hau da, beti zegoen zeramika mota berri bat ezberdintzeko erabiltzen zena, esklusibotasun zentzuarekin erlazionatuta, sinbolikoa dena guztiz.


Arkeologiaren ildotik jarraituko dugu, zeren Santa Luzian, beste ikerketa bat abiatu zenuten. Dolareak topatu zenituzten, ekoizpena bertan ematen zelako, eta badirudi, horrek, mundua zeharkatuko duela, ezta?

Bai. Berez, ikusi genuen, nola zeramika mota konkretu bat zegoen, eta kontsulta batzuk egin nizkion Ingalaterrako aditu bati, izan ere, XVI. Mendeko gatzez egindako zeramika mota baten aurrean geundela uste genuen. Kontsultak eginez, konturatu ginen agian XIX. Mendeko Stomware bat zela, eta kontsulta egiterakoan, ingeles batek esan zigun baietz, zeramika mota hori, ingelesa zela. Orduan beste gauza garrantzitsu bat esan dezakegu, XIX. Mende erdialdeko Ingalaterratik ekarritako zeramika bat daukagula hor, Isusin. 
Honela, ondoriozta dezakegu, nahiz eta Isusi mendialdean erdi isolaturik egon, munduarekin harremana izan zuen. Alde batetik, zeramika horrengatik, eta bestetik ere, orain egiten ari garen hausnarketa handiago batekin erlazioan ipintzen ari gara, sagardoaren ekoizpena eta kolonialismoaren arteko erlazioa. Hau da, arkeologiaren bidez aurkitu diren, eta datatuak izan diren dolare denak, XVI. Mendekoak dira, eta sagardoa erabiltzen zen eskorbutoa ekiditzeko, orduan, orain garatzen ari garen ikerketa ildo bat hori da, sagardoen dolare ekoizpen sasi industrial hori nabigazio bidaiekin erlazionatzea. Eta horrek, eragin du pertsona ezberdinen interesa. Honela, Society for Historical Archaeology amerikarrerako laburpen txiki bat bidali egin dugu. Orduan, badago Newsletter bat, edo aldizkoa den albistegi bat helduko zaiena amerikar askori, eta non Laudioko interbentzio hau agertu egingo da. Honela, laudioarren ondare txikia ere mundutik zabaltzen ari gara.

Kolonialismoaz ari zarenean, suposatzen dut badela, bidaiak burutzea eskorbutoa izan gabe, ezta?
Hori da. Eskorbutoa, azken finean, agertu egiten zen ez zutelako izaten janari freskoa, eta orduan, bitaminen falta zegoenean, agertu egiten zen. Hori izaten zen arrazoi nagusia, eta sagardoarekin, hori ekiditen zen. Azkenean, Euskal Herriko ontzigintza Amerikako konkistan nagusiki erabili zena izan zen, eta naiz eta gehienetan Sevillara joan, askotan ontziak hemen hornitu egiten ziren. Itsasontzi ekoizpenarekin batera, sagardo ekoizpena Kantauri isurialdeko ekoizpen nagusienetako bat zen. Momentu honetan hauen arteko erlazioa ikertzen ari gara.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide