PEPE RODRIGUEZ SANCHEZ (Cesuras, 1946) zazpi urte zituela utzi zuen Galizia. Hona etorrita galiziera galdu egin zuen, baina urte batzuen bueltan berreskuratzea lortu zuen.
Galizian, eskolako lehen urtetan, galizieraz mintzatzen zineten?
Bai, irakaslea izan ezik denok mintzatzen ginen galizieraz. Herrixka bateko eskola zen eta hori zen hitz egiten zen hizkuntza. Nik ez nuen inoiz inor gazteleraz egiten ikusi, eskolara iritsi arte. Askok diote jo egiten zietela galizieraz hitz egiteagatik, niri ez zitzaidan inoiz halakorik gertatu. Galiziera behe-mailako hizkuntza kontsideratzen zen. Baina beste edozein hizkuntza bezalakoa da: baditu bere aditzak, bere gramatika...
Eta hona etortzean, zer?
Hemen esango nuke gaztelera hilabete baten bueltan ikasi nuela. Umea zerenean beti ikasten da azkarrago. Eta galiziera ahazten hasi zitzaidan. Baina hogei urte pasata nituela gogoak sartu zitzaizkidan eta galdetu nion nire buruari: “baina nolatan ahaztu zait galiziera?”. Eta berreskuratu egin nuen.
Ez zenuen galiziera behar Laudion bizitzeko, zergatik berreskuratu orduan?
Jakin nahi nuelako. Gauzei maitasuna izatean datza nahi hori. Oso galiziar sentitzen nintzen gainera. Oso txarto iruditzen zitzaidan ez jakitea. Lan egiten dudan tabernako bezero galiziar batzuei galizieraz zuzentzen natzaie orain, eta batzuei kosta egiten zaie erantzutea.
Hemen jaiotako galiziar komunitateko seme-alabei galiziera transmititu zaie?
Inola ere ez. Zergatik ez duten hitz egiten? Gurasoek ez dutelako etxean mintzatu. Jendeak ez du galizieraz hitz egiten, garrantzitsuagoa iruditzen zaie gazteleraz jakitea. Nik kontrakoa uste dut: galiziar batentzat garrantzitsuena bere hizkuntza beharko luke izan.
Galiziera galiziera da, katalana katalana eta euskara euskara. Ez da beste edozein hizkuntza baino hobeago edo txarragoa: gurea da.