Salto handia da ikasleek DBHtik Batxilergora edo Lanbide Heziketara ematen dutena. Ez soilik ikasketei dagokienez, hizkuntzari dagokionez ere badago aldea: DBHtik Batxilergora igarotzean laukoiztu egiten da A ereduan (gaztelania hutsez) ikasten duten ikasleen kopurua. Lanbide Heziketan, aldiz, DBHn halako zazpi da gaztelaniaz ikasten dutenen kopurua.
Gauzak hala, DBHn %60ak baino gehiagok ikasten du euskaraz; Lanbide Heziketan, ordea, %25ek. EHUn ere gehiengoak gaztelaniaz egiten ditu ikasketak: iaz matrikulatutakoen artean, %48ak baino ez zuen euskaraz egin.
Eskaintza badago, eskaria ez
Eskualdeko ikasketa zentroetan badago Batxilergoa eta Lanbide Heziketako zenbait modulo euskaraz egiteko aukera. Zaraobe Institutoan D eredua aplikatzen saiatzen dira, baina zentroko zuzendaritzatik adierazi dute hori ez dela beti posible, euskarazko ikasketak eskaini arren, ikasleek gaztelaniazko hautua egiten dutenean, talderik sortzen ez delako.