Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko nazioarteko eguna izango da. 1999an izendatu zuten eguna Nazio Batuen Asanbladan Mirabal ahizpa dominikarrak gogoratzeko, diktaduraren aurkako ekintzaileak izateagatik Trujillok hiltzea agindu zuen eta.
Egun, hitzordu garrantzitsua da eskualdeko hainbat herrietan, eta udalen zein elkarte eta emakume taldeen elkarlanari esker antolatzen dute: Matxintxu, Sorgin Moreak, Solastiar, Adi, Avillo, Mugalde, Aurreraka, Biok... asko dira ekintzak proposatzen dituzten taldeak.
Indarkeriaren aurpegiak
Emakumeen aurkako indarkeria aipatzen denean burura etorri ohi da muturreko adibidea; hau da, bortizkeria fisikoa. Errealitate hurbil horrek aurten bere isla izan du epaitegietan, Amagoia Elezkanoren hiltzaileari 20 urteko kartzela zigorra ezarri diote eta.
Baina indarkeria mota gehiago ere badaude eta Azaroaren 25aren harira antolatzen diren ekintzetan adierazpen ezberdin horiek ere azpimarratzen eta lantzen saiatzen dira. Batzuk sumatzeko zailagoak dira, ez baitira bistakoak. Azaroaren 12an, adibidez, Laudion emakumeek kartzelari lotuta pairatzen dituzten hainbat egoera salatu zituzten.
Beste bortizkeria eredu batzuk, berriz, normaltzat jo eta ohituraren poderioz erabat ikusezin bilakatu dira. Herrietan prestatutako hitzaldi eta tailerretan indarkeria mota horiek antzeman eta aurre egiteko tresnak eskaini nahi dituzte: Artziniegako Museo Etnografikoan azaroaren 24an 18:00etan gazte harreman heterosexualen inguruan arituko da Norma Vazquez, eta Laudion Diana Ibargutxik eta Raquel Font psikologo klinikoek bikote harremanetan eman daitezkeen abusu afektiboak azalduko dituzte gaur eta etzi.
Baina hitzaldiak ez ezik, beste ekintza mota batzuk ere prestatu dituzte. Umeei emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako mezua helarazteko eta Azaroaren 25ean parte hartu dezaten ipuinkontalaria egongo da bihar Lamuza Ikastetxean: “Uxue eta Aimar”, hain zuzen. Amurrion azaroaren 24an “Denok bortizkeriaren aurka” VIII. Marrazki lehiaketaren sari-banaketa izango da 18:00etatik 18:30era Kultur Etxean.
Hitzaldi, tailer eta lehiaketez gain kultura eskaintzak ere tartea izango du azaroaren 25aren inguruan: genero eta sexualitatea nola landu diren dokumentalean jakiteko Nuria Lopez Torres-ek hitzaldia emango du Arespalitzako Udaletxean azaroaren 21ean 19:30ean.
Toti Martinez de Lezea
Toti Martinez de Lezea idazle ospetsua Artziniegan arituko da “Lurraren memoria” ikuskizun musikatuar eskaintzen.
Antzerkiak ere egingo dituzte azaroaren 25ean Urduñako Kultur Etxean “Un mundo ivaginario” 18:00etan eta Luiaondonko Gizarte Etxean 21ean “Prest gaude” 19:30ean.
Zentzu berean hainbat film ikusteko parada emango dute: azaroaren 29an “Loreak” egongo da Laudion; eta “Agua” pelikula eskainiko dute Amurrio Antzokian eta Orozkoko Donibane Aretoan.
Urduñako Gaztetxeko Jardunaldiak
Urduñako Gazte Asanbladak eta Sorgin Moreak taldeak ere prestatu dituzte genero indarkeriaren aurkako ekintzak, "Emakume gazteok, autodefentsa feminista!" lelopean. Ostiralean dantza ikastaro mixtoa eskainiko dute eta, jarraian, Hego Euskal Herriko feminismoari buruzko hitzaldia egongo da EHUko antropologa baten eskutik. Pintxopotea eta Hutsa bikote akustikoaren musika emanaldia egongo dira gero.
Larunbatean, berriz, eguerdiko hamabietan hasiko da egitaraua, umeentzako jolasekin. Sorginen altxorraren bila jokoa egingo da gero, eta ondoren bazkaria egongo da (Mugalde tabernan dago bazkarian izena emateko aukera). Arratsalde partean, berriz, mikromatxismoei buruzko hitzaldiaren eta antzerki emanaldiaren txanda izango dira.