"Gorobeleko antzinako artzainek haitzulotan lo egiten zuten"

Erredakzioa 2014ko aza. 26a, 11:48

XABI ITURRATE (1967, Zuhatza) Salvagoro elkarteko kidea da eta uda bukaeran argitaratutako liburuan lagundu du. "Artzaintza Gorobel mendilerroan" liburuaren inguruan mintzatu da eta jarduera horren garrantzia aldarrikatu du desagertzear baitago bere ustez.

Gorobelen eta artzaintzaren inguruko liburua idatzi duzue hainbat pertsonak, baina esparru ugari landu dituzue. Zein da testuaren helburua?

XABI ITURRATE (1967, Zuhatza) Salvagoro elkarteko kidea da eta uda bukaeran argitaratutako liburuan lagundu du. "Artzaintza Gorobel mendilerroan" liburuaren inguruan mintzatu da eta jarduera horren garrantzia aldarrikatu du desagertzear baitago bere ustez.

Gorobelen eta artzaintzaren inguruko liburua idatzi duzue hainbat pertsonak, baina esparru ugari landu dituzue. Zein da testuaren helburua?

Liburuan artzaintza da gai garrantzitsuena baina jardun hori Gorobel mendilerroaren ingurutan egiten denez beste hainbat gauza ere jaso ditugu: bere kokapena, balio naturala... Eta artzaintzak mendeak zeharkatu dituenez Gorobelen dauden aztarnak aztertu ditugu.

Adibidez, gure taldean espeleologoak ere badaudenez kobazuloetan sartu dira eta paleontologiaren inguruko lanak ere argitaratu ditugu.

Artzaintzaren mundua asko aldatu da azken urteetan eta hiltzen ari dela ikusten ari gara. Horren aurka ahalegina egin behar dugu irauteko.

 

Edukien artean zein da zure gogokoena?

Antzinako artzaintzaren informazioa jasotzen saiatu gara. Antzinako artzaintzari deitzen diogu XIX. mendetik XX. mendeko 80. hamarkada heldu arte egin den jardunari.

Horretarako antzinako artzainekin hitz egin dugu, bizirik daudenekin, asko zendu dira eta.

Modu horretan informazio ugari eta berezia jaso dugu. Mundu hori desagertu baino lehen azkenengo lekukotasunak bildu ditugu.

Eta nire ustez hori da gauzarik bereziena edo aberatsena.

 

Nolako bizitza zuten artzain horiek?

Gaurko jardunarekin alderatuz oso ezberdina zen. Ez zegoen autorik ez ezer, ondorioz, artzaina apirilean igotzen zen Gorobelera eta lehenengo elurteekin jaisten zen herrira.

Mendian ematen zuen urte erdia baino gehiago. Han egiten zituzten gaztak, etxolak edo "txaulak" oso xumeak ziren: ez zuten leihorik, oherik... baldintza latzetan bizi ziren.

Antzinako artzainek, XIX. mendekoek adibidez, haitzulotan lo egiten zuten. Etxolak XIX. mendeko amaieran hasi ziren eraikitzen.

80. hamarkadan asko aldatu zen egoera ekonomikoa eta artzaintza ere, baina aurretik bizi baldintzak oso gogorrak ziren eta artaldea gobernatzeko zailtasunak handiak.

 

Liburua nola definituko zenuke?

Informazio asko dauka eta pasarte batzuk inbentario moduan daude idatzirik. Kontsulta lana da, ez jarraian irakurtzeko.

Adibidez, arkeologia atala inbentario hutsa da, hainbat leku agertzen dira: kobazuloak, azalean dauden aztarnak, deskribapen txikiak...  eta hor informazio itzela dago.

Artzaintzaren inguruan ere informazio ugari topa daiteke; etxolei buruz adibidez. Nork eraiki zuen, nork erabili zuen, non zeuden kokaturik, noiz egin ziren...

Bestalde, artzain bakoitzak marka egiten zien ardiei belarrietan. Hor ere badago informazio izugarria.

 

Non dago salgai liburua?

Amurrion kioskoan eta estankoan, Maroñon Guzurtegin, Artziniegako Museoan... Gutxi geratzen dira beraz nahi duenak ahalik eta lasterren jo beharko du leku horietara. 25 euro balio du.

Bestela gurekin harremanetan jar daiteke asalvagoro@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

Gainera aurkezpenak egiten zaudete.

Bai, pasa den astean Okondon egon ginen Ganekogorta Mendi Taldeak antolatutako jardunaldietan, duela hilabete bat edo Urduñan aritu ginen eta datorren hilabetean, abenduaren 13an, Artziniegako Museo Etnografikoan aurkeztuko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide