RGI-DBE hartzaileak: "Ez da bizitzeko laguntza bat, bizirauteko baizik"

Erredakzioa 2014ko aza. 22a, 08:58

1.125 aurpegi ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak Aiaraldean. 1125 familiek jasotzen dute hilero Lanbidek ematen duen diru-laguntza hori, oinarrizko beharrizanak asetzeko. Lanbidek eskainitako datuen arabera, perfil ezberdinak topatu daitezke jasotzaileen artean. Emakumezkoak dira gehiengoa, eta Estatu Espainiarrean jaiotakoak. Badaude krisiagatik lanik gabe geratu direnak, edota langabeziaren dirurik gabe geratu direnak ere, edo duten lanarekin familia mantentzeko behar beste irabazten ez dutenak ere.

1.125 aurpegi ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak Aiaraldean. 1125 familiek jasotzen dute hilero Lanbidek ematen duen diru-laguntza hori, oinarrizko beharrizanak asetzeko. Lanbidek eskainitako datuen arabera, perfil ezberdinak topatu daitezke jasotzaileen artean. Emakumezkoak dira gehiengoa, eta Estatu Espainiarrean jaiotakoak. Badaude krisiagatik lanik gabe geratu direnak, edota langabeziaren dirurik gabe geratu direnak ere, edo duten lanarekin familia mantentzeko behar beste irabazten ez dutenak ere. RGI-DBEa jasotzen dutenekiko dagoen estigma dela eta, askok ez dute publiko egiten laguntza jasotzen dutenik. Diru-laguntza hori jasotzen duten hiru aiaraldear elkarrizketatu ditugu, RGI-DBEaren jasotzaileei aurpegia jartzeko.

 EDURNE  ( 300 EUROKO LAGUNTZA, 2 HILABETEZ) 

“Ez da azken unera arte itxaron behar laguntza eskatzeko”

Irailetik dago Edurne diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen Amurrion. 300 euro jasotzen ditu DBEtik eta beste 250 etxebizitzaren alokairua ordaintzeko. Senarrari  langabeziaren dirua amaitzean  eskatu zuen laguntza. 

Laguntza eskatzeko pausoa ematea kosta al zitzaizuen?
Gehiegi itxaron nuela esango nuke. Langabeziaren dirua bukatu zitzaidan arte itxaron nuen. Udalera egoera larri batean joanda azkarrago jaramon egingo zidatelakoan, eta dena oso geldoa doanaren sorpresarekin topatu nintzen. Nire senarrak langabeziagatik jasotzen zuen dirua zela-eta, uste nuen ezin nuela RGIa eskatu. Ezjakintasun hutsa. Gaur egun jende guztiari esaten diot ez dezala azken momentura arte itxaron, ez dezala beldurrik izan, galdetu dezatela, inori desio ez dizkiodan bi hilabete igaro baititut.

Tramiteak gehiegi luzatu zirelako?
Bai. Dokumentazio guztia ekainean entregatu nuen udalean, hurrengo hilabetean alokairua ordaintzeko dirurik ez daukanaren larritasunarekin. Eta irailerako eman zidaten txanda. Gauzak hala, uda infernu bat izan zen niretzat eta senarrarentzat. Ogi barra bat erosteko dirurik gabe egotera iritsi naiz. Udaleko jende askori eskatu nion laguntza, negar asko egin nuen bertan, baina erantzunik ez. Iritsi zen momentu bat zeinetan ez zen dirua ematea edo ez, pertsona moduan tratatua izatea baizik. Hori bai, behin laguntza jasota harrera ona jaso nuen eta laguntza eman zitzaidan.

Ezagutzen duzu zure egoera berean dagoen jenderik?
Ez asko. Nik uste Amurrioko jendeak ezkutatu egiten duela, besteek zer esango dutenaren beldur.

“Ez da bizitzeko diru bat, bizirauteko baizik. Etorkizun latza ikusten dut”

“Etorkinek duten gauza ona da ez dutela lotsarik behar den guztia galdetzeko, halakoak izan beharko ginateke denok”

Eta etorriberriek? Tratu berezia jasotzen dutela uste duzu?
Ez. Badut harremana RGIa jasotzen duten zenbait etorkinekin, eta denok prozesu bera jarraitu behar dugula uste dut. Etorkinek daukaten gauza ona da ez dutela lotsarik behar den guztia galdetzeko. Halakoak izan beharko ginateke denok.

Duintasunez bizi daiteke RGIaren diruarekin?
Ezetz uste dut. Alokairu bat ordaindu behar dut, eta baita elikadura-pentsio bat ere. Geratzen zaidan dirua ez da duintasunez bizitzeko modukoa, ezta gutxiagorako ere. Berogailua, adibidez, ezin dut piztu, dirurik ez dudalako. Horregatik imajinatzen dut seme-alabak dituen pertsona batentzako ere ez dela duina izango. Ez da bizitzeko diru bat, txarto bizirauteko baizik.
Lehen bi hilabeteetan 700 euro jaso izan ditugu errentarako eta 250 alokairua ordaintzen laguntzeko, baina nire senarra 55 urtetik gorakoentzako laguntza jasotzen hasi zenean 700 euro horiek 300 euro izatera pasa ziren. Errekurritu egin dugu, uste dugulako ez zaigula ordaintzen ari garen elikadura-pentsioa (400 euro ingurukoa) kontuan hartzen ari. Itxaroten gabiltza.

Bi hilabete daramazue RGIa jasotzen. Nola ikusten dituzue datozen hilabeteak?
Oso prekarioak. Senarrak elkarrizketa bat egin berri du, baina ez diote lanik eman, eta 57 urte ditu. Nik ere ez dut lanik topatzen inon. Etorkizun latza ikusten dut, beraz, oso txarra.

 

 JOSE LUIS (300 EUROKO LAGUNTZA, 4 HILABETEZ)

“Ez dut onartzen jendeak esatea laguntzak kentzera gatozela”

Duela hamar urte etorri zen Jose Luis Perutik. 20 urte baino gehiago eman zituen bere herrian narkotrafikoaren aurkako polizia ikerlari moduan. Hemen, baina, igeltsero moduan aritu da bereziki. Bere emaztearekin eta bi seme alabekin bizi da, Amurrion, eta bere soldataren osagarri gisa jasotzen du 700 euroko laguntza. 

Noiztik ari zara RGIa jasotzen?
Nire anaia batek gomendatuta etorri nintzen Amurriora. Ordutik hona eraikuntzan egin dut lan, gizarte segurantzan ekarpena eginaz beti. Alabaina, lan aldetik beherakada bat egon zen eta langabezian egon nintzen hiru urtez. Orain lan txiki bat daukat, eta irabazten dudanaren osagarri gisa jasotzen dut RGIa. Gauzak bilatzen jarraitzen dut. Lanbiden soldatzaile izateko ikastaro bat egitekotan nabil, eta beste ikastaro batzuk ere bilatzen ari naiz.

Izan duzu Javier Marotok piztutako polemikaren berri?
Bai, irakurri ditut berak eginiko adierazpenak. Ez dut onartzen jendeak hona laguntzak kentzera gatozela esatea.
Lana baldin badago nik lan egiten dut. Entzun dut badagoela jendea laguntza jasotzera mugatzen dena, lana bilatu gabe. Baina hori norberaren araberakoa da. Nire kasuan, ez. Nik ez dut laguntza bati lotua egon nahi.

Nahikoa da RGIaren dirua bizi ahal izateko?
Dagoena da, eta horretaz kontziente izan behar gara. Laguntza hori izateak hilabete bukaerara juxtu juxtu iristeko baina aurrera jarraitzeko beta ematen dizu.

Beste toki batzuetan ere aritu izan zara lanean. Ezberdina da beste zonalde batzuetan dagoen gizarte-estaldura?
Guztiz. Madrilera jaitsi egin nintzenean lagun batzuek esan zidaten guk hemen gutxienez laguntza jasotzen genuela. Nire herrikide batzuk etxera itzultzen ari dira, ezin dutelako hemen dagoen egoerarekin jarraitu.

Beltz ikusten duzu etorkizuna?
Guk nahi duguna lana da, eta hori da krisia gainditzeko formula bakarra. Lanik gabe, dirurik ez; ez dago familia, etxea... mantentzerik. Agintariek esku hartu beharko dute krisia gainditzeko.

 PILI. ( 612 EUROKO LAGUNTZA, 4 URTEZ) 

“Nire inguruko inork ez du uste egoera  honetan nagoenik”

Deuston Turismo ikasketak egin zituen Pilik, eta nazioarteko enpresetan aritu da lanean. Krisia iritsi zenean lanik gabe geratu zen, eta langabeziaren dirua bukatzean eskatu zuen RGIaren laguntza, 612 euro. Lau urte daramatza laguntza jasotzen.  

Arazoak izan zenituen RGIa eskatzeko tramitea egiterako orduan?
Bai, arazo asko izan nituen. Ate batzuk itxi zitzaizkidan. Ezjakintasun asko zegoen, funtzzionarioen artean ere bai. Baina arazo horiek langabeziako dirua eskatzean izan nituen, Amurrioko Lanbideko bulegoetan erraztasunak baino ez nituen izan. Hasieran liskarren bat edo beste izan nuen haiekin, niri dirua iristen ez zitzaidalako eta haiek euren gain hartu zezaketena baino lan gehiago zutelako.

Urtebete inguru iraun zuen dirua ematearen prozesuak, eta denbora tarte horretan familiak lagundu zidan ekonomikoki.

Zer esango zenioke laguntza eskatzera ausartzen ez denari?
Nire burua jarriko nioke adibidetzat. Oso pertsona diskretua naiz, ez daukat pretentsio handirik. Baina isil-isilik ere egin daitezke gauzak. Eta diskrezioa eskatzen baduzu gizarte laguntzaileek ez dizute hutsik egingo. Arazoa Lanbiden agertzearen langa soziala gainditzean datza, adibidez. Alde horretatik nik laguntza psikologikoa jaso behar izan dut, nire autoestimua lurretik zegoelako, eta ez nintzelako salto hori ematera ausartzen.

Zer iritzi duzu Javier Marotok piztutako polemikaren inguruan?
Nik badakit zer den etorkina izatea. Alemanian etorkin izan nintzelako. Alde horretatik, hemen immigranteek duten jendarte-estaldura oso zabala dela ikusten dut, babestuak daude. Nik Alemanian ez dut babes hori jaso.

Lau urte hauetan zehar lan eskaintzarik izan duzu?
Izan ditudan lan eskaintzank eskasak eta higuingarriak izan dira. Oso gogorrak izan diren bi lan elkarrizketa egin ditut, zeintzuetan harira ez zetozen galderak egin zizkidaten. Baina lana nahi duzunez harrotasuna irentsi behar izaten duzu.
Lanbidek ere eskaini zidan lan bat. Oso positiboa izan zen, baina bi hilabete baino ez zituen iraun.

Nahikoa da laguntzaren dirua duintasunez bizi ahal izateko?
Pertsona bakoitzaren araberakoa da hori. Ni ez nengoen ohitua hilean 612 eurorekin bizitzera, soldata duin bat neukan. Baina moldatu behar zara. Dagoena da.

Estigma bat dago gainditzeke?
Bai, ezjakintasun asko dago. Erabat ziur nago bizi naizen tokiko inork ez duela inondik inora imajinatuko ni egoera honetan nagoenik. Baina indarrak hartu behar dira aurrera jarraitzeko, duintasunarekin, eta burua tente izanda.

Lau urte daramatzazu laguntza jasotzen. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nire zikloa bete dut. Beti esaten diot gizarte laguntzaileari ni baino behar gehiago daukan jendea dagoela. Epe motz batean hemendik irtetea espero dut. Ez dut horrela gehiago egon nahi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide