Igo egin da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen kopurua Aiaraldean, 2012an baino 305 familia gehiagok jasotzen baitute aurten. Hamaika dira RGI-DBEaren eskatzaileen atzean dauden istorio ta bizipenak.
Diru-sarrerak bermatzeko errentari dagokio DBE (RGI gazteleraz) sigla. Bizitzarako oinarrizko beharrizanak asetzeko behar besteko dirurik jasotzen ez duten familiei zuzendutako diru laguntza da, eta Eusko Jaurlaritzak banatzen du, Lanbideren bidez.
Aiaraldean 1.125 familiek jasotzen dute RGI-DBE, urriko datuen arabera. Kopurua hazi egin da azken urteetan, 2012ko irailean 820 familiak jasotzen baitzuten laguntza.
Aldatu egin ez dena emakumezkoen gehiengoa izan da. RGI-DBE jasotzen dutenen %55.4 emakumezkoek osatzen baitute eskualdean. Hortaz gain, jasotzaileen gehiengoak (%88.9) derrigorrezko ikasketak bukatuak ditu.
Laguntzen polemika
Azken asteetan polemika piztu da RGI-DBEaren inguruan, Javier Maroto Gasteizko alkateak egindako adierazpenen harira. Etorriberriei “laguntzetatik bizitzea” leporatu zien Marotok. Datuek kontrakoa diote, baina: lan eginez kotizatzen duten EAEko etorri berriak 48.581 direlako, RGI-DBEa jasotzen dutenen (22.093) bikoitza baino gehiago.
Aiaraldean, diru-laguntza hori jasotzen dutenen gehiengoa (%63.7) Estatu Espainiarrean jaiotakoa da. Gainera, laguntza jasotzeko EAEn 3 urtez erroldatua egon behar da eskatzailea.
600 eta 900 euro artekoa RGI-DBEaren bidez jaso daitekeen diru kopurua. RGI-DBEaren gaineko iruzurra ere aipatu izan du Gasteizko alkateak, 3.8 milioi euro ingurukoa baita Jaurlaritzaren aburuz. Baina zifra hori txiki geratzen da, adibidez, iruzur fiskalaren zenbakiekin alderatuz gero: 2000 milioi EAE mailan.