Itziar Abasolok gobernatzen duen Basabe baserriak (Lezama) lehenengo saria eskuratu du EAEko Abeltzaintzako Ustiapenen Lehiaketan. Sari-banaketa bihar, hilak 22, izango da Tolosan.
Abeltzaintza tradizional eta ekologikoaren alde egiten dute Basaben. Gaur egun, 250 ardilatxa eta 35 behi dituzte, gehienbat piriniotarrak eta terreinak. Itziar arduratzen da lana aurrera eramateaz; besteak beste, ganadua jezten du, ardiei ilea mozten die, eta erditzen laguntzen ere bai. Bere baserrian “ez dago oporrik”, dio.
Arabako Nekazarien Elkarteko (UAGA) kide da Itziar, eta bertako kontseilu arautzailean parte hartzen du. Bere hitzetan, “UAGAn pozik nago, gauza asko ematen dizkit. Sektorearen barruan, ordea, emakumeak falta dira. Uste dut nire adineko jendeak baduela zer eskaini”. Halere, zenbait arlotan ez da erraza izan berarentzat emakumea izatea. Esaterako, tratuan, ganaduaren salerosketa gizonezkoei soilik dagokiela entzun behar izan du noizbait.
Bestalde, Izoria baserrian egiten diren gaztei aitorpen berezia eman zaie World Cheese Awards 2014 lehiaketan. Ekoizpen txikiko ardi-gazta kategorian barruan, zilarrezko domina jaso du Izoria Gaztak, Londresen egindako ekitaldian. Aiarako gaztandegi horretan, gainera, eztia ohiko moldeetan ekoizten dute, eta bisitaldi gidatuak antolatzen dituzte.