Aiarako Koadrilak turismo arduratsua eta jasangarria sustatu nahi du eskualdean. Arabako Foru Aldundiak herrialdeko 7 koadrilekin kontzeptu horretan sakondu nahi du eta laster 3 tailer praktiko deituko ditu Aiaran.
Asmoa da turismo arduratsu eta jasangarriaren irizpideak jarraitzea sektorearen garapena ziurtatzeko.
Atzo bilera egin zuten eskualdeko hainbat eragilek -ekoizleak, landetxe jabeak, teknikariak, Aiara, Okondo eta Laudioko alkateak, Eder Sanchez Aiaratur erakundeko lehendakaria- Agrotravel enpresako ordezkari batekin, Arespalditzako udaletxean.
Horrek azaldu zuen enpresak egindako azterketan ondo kokatuta dagoela eskualdea -gainerako koadrilekin lortutako batezbestekoa gailendu du-. Era berean, turismo arduratsu eta jasangarriak zer esan nahi duen azaldu zuen.
Turismo mota horrek soziokultura, sozioekonomia, ingurumena, tokiko ekoizleak, energia eta hondakinen kudeaketa zorrotza bultzatzea du helburu, besteak beste.
Etorkizunerako apustua dela uste du Agrotravelek eta beharrezkoak diren irizpideak lantzeko hiru tailer praktikoak haiek gidatuko dituzte.
Eder Sanchez Aiaratur erakundeko lehendakariak adierazi du Agrotravelek azaldutakoak berretsi duela eskualdeak duen potentzialtasuna.