Emakumeek hartu dute sokari eusteko lekukoa Aiaraldean

Aimar Gutierrez Bidarte 2014ko aza. 8a, 11:17

80-90. hamarkadetan Aiaraldean nahiko hedatua zegoen sokatira. Amurrio, Laudio eta Artziniegan hainbat talde zeuden. Gaur egun, baina, Artziniegakoa da geratzen den bakarra. Errelebo falta, kirolaren gogortasuna eta laguntza eza dira sokari tiratzeari uzteko arrazoietako batzuk.  

Sokatirak oihartzun handia izan du Aiaraldean urteetan zehar, talde ezagun asko ibili dira lehian.

80-90. hamarkadetan Aiaraldean nahiko hedatua zegoen sokatira. Amurrio, Laudio eta Artziniegan hainbat talde zeuden. Gaur egun, baina, Artziniegakoa da geratzen den bakarra. Errelebo falta, kirolaren gogortasuna eta laguntza eza dira sokari tiratzeari uzteko arrazoietako batzuk.  

Sokatirak oihartzun handia izan du Aiaraldean urteetan zehar, talde ezagun asko ibili dira lehian. Baina talde zahar horien atzetik badira lekukoa heldu eta sokatiraren munduan aurrera egiten duten talde berriak, horien adibide da orain dela lau urte baino gehiago sortutako Artziniegako sokatira taldea. Hein batean sokatiraren, eta herri kirolen munduan ezarritakoarekin apurtzera etorri da talde Artziniegarra: nahiko talde berria izateaz gain emakumeek bakarrik osatzen dute, urte luzez mundu honetan gizonezkoak nagusitu diren bitartean.

Sokatira kirol ezaguna da Artziniegan. Aspaldian bazen mutilezkoen talde bat eta bertako bi kide ohik sokatira txapelketa herrikoiak antolatzen zituzten Artziniegako jaietan. Jaietako txapelketa hauetako batean sortu zen gaur egungo sokatira taldea.

Hasiera zaila izan zen. Artziniegako mutilezkoen talde zaharreko bi kide zituzten entrenatzaile lanetan; euren gain urteetako esperientzia bazuten ere ez zeuden lan horretara ohituta denboraren poderioz sokatira ere aldatzen joan delako: lehen indarra zen inportanteena, orain teknikak pisu handia hartu du. Taldekideen hitzetan hasiera desastre hutsa izan zen baina ez zuten amore eman. Astean zehar 2 aldiz entrenatzeaz gain Gasteizeko sokatira talde baten laguntza jaso zuten, hiruzpalau entrenamendu egin zituzten bertan. Oraindik asko daukate hobetzeko baina gogotsu doaz aurrera.

Artziniegako jaietan antolatzen diren herri kirol txapelketa batera animatu zen koadrila batek sortu zuen sokatira taldea, duela lau urte.

Azkenengo denboraldi honetarako hilabete daramate entrenatzen, 4x4 txapelketa hastear baitago. Sokatiran tiradak pisuaren arabera egiten dituzte eta euren kategorian 260 kilotan dago muga. Artziniegako neskek pisuan ikusten dute trabarik handiena, eurak topea baino 30 kilo beherago daude eta hau oso faktore baldintzagarria da. Urtarrilean sokatiran dagoen bigarren diziplinaren txapelketari ekingo diote, hots, 8x8 kategoriari. Euskal Herri mailan lehiatzen dira. Mutilen multzoan talde gehiago badaude ere nesken multzoan sei talde daude, ez da zifra altua baina bada zerbait.

Errelebo falta
Lagun artean sortu zen Artziniegako sokatira taldea eta horrek erreleboen momentua heltzen denean arazoak ekar ditzakeela komentatzen dute, antzina eskualdeko beste sokatira talde batzuetan gertatu bezala. Hala ere kirolaren atzetik badago eguneroko bizitza bat: lana, aisialdia... Sokatira horrekin tartekatzea ez da lan makala eta horretan dabiltza orain, egunerokotasuneko kontuak direla medio entrenatzen zortzi neska hasi baziren ere orain lau bat dira erregulartasunez bertaratzen direnak. Lau urte hauetan, hasierako taldeari bi kide berri batu zaizkio, bi mutilekin ere bat egin dute eta gizonezkoen talde bat sortzeko ahaleginetan daude orain Artziniegan.

Pixkanaka pixkanaka bada ere ilusioz eta gogotsu doa sokatira Artziniegan.

Sokatik tiraka, iraganera

Aspaldian izan zenarekin alderatuta ezer gutxi da gaur egun sokatira Aiaraldean. 80 eta 90. hamarkaden bitartean loraldia bizi izan zuen kirol honek Aiaraldean 15 bat sokatira talde ezberdin batuz.

Garai horren adibide da Laudioko Arrizkuzubi talde sonatua. Artziniegako nesken taldea bezala lagun artean eta jai giroan sortu zen Arrizkuzubi taldea Larrazabaleko gazteen eskutik. 1982ean hasi ziren entrenatzen San Joaneko bolatokian, horretarako Aretan egondako sokatira taldeko kide izandakoen laguntza jaso zuten. 1986ean klubaren estatutuak ezarri eta txapelketetan parte hartzen hasi ziren: Arabako txapelketa, Euskadiko txapelketa...

1990ean joan ziren lehendabizikoz munduko txapelketa batera, Holandara hain zuzen. Eskarmentatuta bueltatu ziren euskal talde asko lehenengo munduko txapelketa horietatik; ordu arte Euskal Herrian praktikatzen zen sokatira estilo aldatu egin zen kautxuzko pistak erabiliz esaterako. Guztira zazpi aldiz joan ziren Arrizkuzubiko taldekideak munduko frogan parte hartzera bertan emaitza onik lortu ez bazuten ere. 90. hamarkadan Laudion sortu zen nesken taldeak aldiz bigarren postua lortu zen Getxon jokatutako mundialean.

2009. urtera arte jarraitu zuen aurrera Arrizkuzubi taldeak. Diru-laguntzarik ez zuten jasotzen eta dena euren poltsikotik ordaindu behar izan zuten. denborarekin jendea erretzen joan zen eta ez zen belaunaldi errelebo bat gauzatu. Taldekideen hitzetan, Laudio bezalako herri handi batean kirol eskaintza zabala da eta sokatira agian ez zen gauzarik erakargarriena.

2011an gutxi gora behera jende gazte berriarekin taldea berriro aterako zela zirudien, baina laster utzi zioten entrenatzeari eta ez ziren txapelketetara aurkeztera heldu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide