Musika sortzeko ilusio eta gogoak entsegu lokalen bila Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2014ko urr. 29a, 09:55

50 musika talde inguru daude eskualdean, baina askoz gutxiago dira entseatzeko dauden tokiak. Alternatiba pribatua da talde gehienen hautua, lokal publiko oso gutxi daudelako. Amurrioko Goya etxeko lokalaren itxierak espazio falta nabariagoa egingo du.

Anplifikadoreak piztu, baketak eskuetan hartu eta jo. Hori da Aiaraldean  dauden dozenaka musika taldek astero egiten dutena: entseatu. Ilusio eta gogoak bai, baina energia guzti hori musika bilakatzeko espazio falta dagoela azaldu dute taldeetako kideek.

50 musika talde inguru daude eskualdean, baina askoz gutxiago dira entseatzeko dauden tokiak. Alternatiba pribatua da talde gehienen hautua, lokal publiko oso gutxi daudelako. Amurrioko Goya etxeko lokalaren itxierak espazio falta nabariagoa egingo du.

Anplifikadoreak piztu, baketak eskuetan hartu eta jo. Hori da Aiaraldean  dauden dozenaka musika taldek astero egiten dutena: entseatu. Ilusio eta gogoak bai, baina energia guzti hori musika bilakatzeko espazio falta dagoela azaldu dute taldeetako kideek.

Espazio falta hori, gainera, are nabariagoa izango da laster, Amurrioko Goya etxean (La Kuadran) dauden entsegu lokalak uzteko agindua iritzi baitzaie bertan entseatzen duten taldeei. Mandoilek edota Habemus Papam bezalako taldeak aritu izan dira bertan, eta lehenago ere beste hainbat taldek astindu dituzte baserri horretako paretak.

Garai batean Amurrioko Udalak entsegu lokal publiko batzuk kudeatzen zituen Reforren, baina bertan industriagunea egin zenean taldeak espazio gabe geratu ziren. Hala azaldu du Mankaos taldeko kide den Jabi Markinezek. Beste talde asko bezala,  Mankaosekoak ere Goya etxera joan ziren entseatzera Reforreko lokala itxi zirenean udalak hala proposatuta.

Gaur egun, baina, Laudion elkartzen dira Mankaosekoak, hainbat entsegu-lokal barnebiltzen dituen Landaluze auzoko eraikin batean. Metro karratu eskaseko txoko  bat dute taldeko kideek bertan alokatuta, Capitan Ahab taldeko kideekin batera, eta inguruko geletan Amankomun edota Dratsab bezalako taldeak dabiltza. “Lokal txikia da”, aitortu du Markinezek, baina gaineratu du lokal pribatua izateak “pribatutasuna” ematen diela.

Entsegu lokal publiko bakarra dago eskualdean, Urduñako Alondegian. Talde gehienek ordaindu behar izaten dute entseatu ahal izateko.
 
Lokal publikoen beharra
Aiaraldea Egunkaria eskualdeko hainbat talderekin jarri da harremanetan, eta gehienek adierazi dute entseatzeko lokal publikoen beharra dagoela. “Oso ekimen interesgarria izango litzateke”, adierazi du Red Lotus taldeko Aitor Banderasek. Eskualdean, baina, lokal publiko bakarra dago: Urduñako Alondegia. Haginak, 30.0g, Eztanda edota Aizkorakada taldeak bertan dabiltza. 5 euroko kuota ordaindu behar dute taldeek urtero, eta bi euro entseatzen ematen duten ordu bakoitzeko. Zerikusirik ez lokal pribatu bat alokatzeak hilero dakarren ehundaka euroko kostuarekin.

Baina, lokal publiko falta dela eta, alternatiba pribatua da talde askori geratzen zaien aukera bakarra. “Laudion ezinezkoa da entseatzeko leku bat lortzea, ordainduta ez bada”, adierazi du Aizkorakada taldeko kide den Jon Iturregik.

Amurrion ere, antzera.  Medialan estudioetan, adibidez, Five Corners, Izate Faltsua, Lupulo edota Astarte taldeek entseatzen dute, beste hainbat talderekin batera. Laudioko Drumgorri aretoak ere eskaintzen du entseatzeko espazioa, orduka.

Atzean geratu dira Laudioko Skuataren garaiak. Lateorro auzoan zegoen eraikin okupatu horretan makina bat taldek entseatu zuten doan (Une Latzak, Danba...) harik eta 90. hamarkadaren hasieran poliziak eraikina desalojatu zuen arte. Gaur egun, baina, Orbeko Etxeko kideek ekin diote baserri okupatuko gela batzuetan musika taldeentzako espazioa egokitzeari. Momentuz bi dira bertan entseatzen duten taldeak: Erio eta Ikäara. Baina lokaletako ateak nahi duen orori zabalik daudela azpimarratu du Erio-ko abeslaria den Oier Velezek. “Orbekoko asanbladan parte hartu eta konpromisoak hartzea da baldintza bakarra”.

Eskualdetik kanpo  
Aiaraldeko talde gehienek eskualdean entseatzen duten arren, badaude beste leku batera jotzen dutenak ere. Inner Destiny taldeko kideek, adibidez, Arrigorriagan entseatzen dute, erraztasun gehiago dituztela arrazoituta. “Gure musika-bizitza kanpoan egin dugu”, azaldu du taldeko kide den Jon Larrinagak. Bere ustean, instituzioek “tokiko taldeen aldeko apustua” egin beharko lukete, “laguntza behar dutelako”.

50 talde baino gehiago

Zaila da eskualdeko musika taldeen zenbaketa bat egitea. Izan ere, Aiaraldeko talde askok oso kontzertu gutxi eskaintzen dituzte eskualdean, eta badaude baita eskualdetik kanpoko beste pertsona batzuekin taldea osatzen duten musikariak ere.

Gauzak hala, eskualdeko 50 talderen berri jaso du Aiaraldea Egunkariak. Genero eta estilo anitzetako taldeak dira. Punk , rock, hardcore eta metal doinuak (30.06, Atxurre, Ikäara, Erio, Aizkorakada, Five Corners, Haginak, Astarte, Izate Faltsua, Versen, Dratsab...) nagusitzen diren arren, badaude reggae-a edota hip-hop-a jorratzen duten taldeak (Lyrikan eta DJ Funi, Gwaya...). Folk-ak ere badu bere lekua Ostara edota Nahasiak bezalako taldeei esker. Hortaz gain, ugariak dira baita ere talde akustikoak eta bakarlariak (Uluka, Ilargi Gorria, Hutsa, Capitan Ahaf, Buterfly, Igor Arzuaga, Luis Vil, Perdido entre ilusiones, Alperrikako bizien jabe...).

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide