Gernikako Arbolaren kimuetatik eratorritako zuhaitzak eskualdeko 10 herritan topa daitezke. Hala azaldu du Alfredo Pereiro laudioarrak, nahiz eta horietako batzuk desagertuta dauden. Zaletasunagatik aztertu ditu noiz, zergatik eta non kokatu zituzten. Leku guztietako dokumentazioa lortu ez badu ere, Gernikako Arbolaren sustraiak Laudion, Aiaran, Arakaldon, Arrankudiagan, Amurrion, Okondon, Urduñan, Artziniegan, Tuterako Erretesen eta Orozkon daudenaren zantzuak(1) ditu. Izan ere, Zuhaitz sakratuaren kimuak nola Euskal Herrian hala nazioartean daude banatuta: Argentinan, Kolobian, Mexikon, Erroman, Frantzian...
Alfredo Pereiroren arabera, Laudiokoa Lamuza parkean kokatuta dago: “Dokumentua desagertuta dago, baina 80.hamarkadako amaieran landatu zela esango nuke. 2014An parkean ikusgai dagoen plaka jarri zuten”.
Aiaran, berriz, hiru zuhaitz kontatu ditu. Arespalditzakoa udaletxe ondoan dago. “Udaletxe zaharreko areto batean hala dela ziurtatzen duen agiria dago”, zehaztu du. 1989an jarri zuten, Olabezarrekoarekin batera: “Logikoena Zaraobeko zelaietan landatzea zen, tokiak izan duen garrantzia historikoagatik, baina ez dut bertan haritzik aurkitu”. Luiaondon, berriz, Malato Zuhaitzaren ordezkoa da: “Ez dago Gernikako Arbola dela frogatzen duen dokumentu ofizialik, baina 2006n Leopoldo Barreda PPko parlamentariak zuhaitz singular izendatzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari, Gernikakoaren oinordekoa da, beraz”.
Arakaldoko eliza eta udaletxearen artean beste bat dagoela uste du: “Ez dut agiririk aurkitu, baia alkateak existitzen dela ziurtatu dit. Zuhaitzaren oinetan ez dago plakarik. Duen tamainagatik pasa den mende amaierakoa dela esango nuke”.
Arrankudiagara ere iritsi da Gernikako arbola, batzokiaren eta eskolaren artean ikus daitekeenez: “Paperetan hala jasoa dago, baina esku pribatuetan dago dokumentazioa gordeta”.
Amurriori dagokionez zalantzak ditu Pereirok: “Gernikako Arbola izeneko kale bat dago, kasualitatea ote? Berta bi haritz daude, baina ofizialki inork ezin izan dit Gernikakoak direnik baieztatu. Herriko batek esan zidanez antzina udaletxe parean Gernikako Arboletik eratorritako zuhaitz bat egon zen”.
Okondon, egungo udaletxearen aurrean Gernikako Arbolaren seme-alabaren bat zegoela garbi du: “Plaka bat zuen, baina nik ez dut ezagutzeko aukerarik izan. Pena bat da desagertu aurretik inork argazkirik atera ez izana”.
Urduñako Antiguako Amaren santutegian ere topatu du arrastoa: “Frankismo garaian jarri zuten eta handik hilabete batzuetara desagertu zen. Beste bategatik ordezkatu zen, lehortu egin zena. Zuhaitza hesiz inguratuta zegoen. Hesiaren zati bat gaur egun plazan dagoen kioskoa eraikitzeko erabili zen”.
Orozkoko museo etnografikoaren atzean dagoen plazan Gernikako Arbolaren ondorengo bat dago. Hala baieztatu du Iñaki Garcia Oribe ikerlariak.
Artziniega inguruetara ere hedatu da zuhaitz ospetsua Pereiroren esanetan, udaletxearen parean, zehazki. “Artziniegar batek egindako donazioa izan zen, nahiz eta ez duen akreditazio ofizialik. Tuterako Erreteseko kontzejuan bizi da, eta bere etxean beste bat duela baieztatu dit”.